Letra bete ahur

Eskuen irudiak eta euskal musika taldeen abestietako letrak uztartzen dituen proiektua da 'Eskukadak'. Beñat Rodriguez sortzailearen lanak @studioolrait Instagram kontuan ikus daitezke eta baita eskariak egin ere

05.07.2020 | 16:31
Ehun irudi ondu ditu 'Eskukadak' proiektuan

Musika talde bateko partaide izateaz gain, euskal musikaren jarraitzaile fina eta diseinatzaile grafikoa da Beñat Rodriguez. Hala, bi alorrak uztartuz, euskal abestien hitzekin eta eskuak erreferentzia hartuta Eskukadak proiektua abiatu zuen iaz. Euskal abestien letrak eta eskuak ageri diren ilustrazioak egiten ditu, hain zuzen. Eta urtebetean ehun lanez osaturiko serie bat ondu du. "Eskuak pertsonen oso atal adierazgarriak iruditzen zaizkit, eta eskuekin jolasten hasi nintzen, eskuen baitan hitzak batu nituen", hala azaldu du Rodriguezek proiektuaren abiapuntua.

Hasieratik xede nagusia euskal musika talde "txikiak" eta beraien letrak aldarrikatzea izan zela adierazi du Rodriguezek. "Euskal talde txiki oso onak daude baina ahaztu egiten zaigu". Hori horrela, abestiak aukera-tzerako orduan irizpide bakarra hizkuntza euskara izatea dela azpimarratu du. Proiektu honen bitartez, bestalde, musika asko entzun duela eta ezagutzen ez zituen taldeak edota kantak aurkitu dituela aitortu du sortzaileak. "Ezagutzen nituen taldeen letrak entzuteaz aparte, nire estilokoak ez zirenak ere entzun ditut eta askoren zale egin naiz". Kontatu duenez, bere musika gustuak batik bat rock estilora hurbiltzen badira ere, proiektu hau beretzat, besteak beste, gainean izan zitzakeen aurreiritziak kentzeko ariketa izan dela ere adierazi du: "Adibide bat jartzeko Nogen taldea Eskukadak proiektuaren bitartez entzun eta ulertu dut".

10 bider 10

Hamar ilustrazio egiteko intentzioarekin jaio zen Eskukadak eta eginaren eginaz "hamarnaka-hamarnaka" ehun irudira iritsi da. Irizpide finkorik gabe, ilustrazio baten sorkuntza prozesuan kantuaren letra zati bat barneratu eta hortik, ilustrazioa muntatzen hasten dela azaldu du. "Esaterako, esku bat lore batzuekin marraztu eta horrekin jolasten dut".

Diseinu grafikoan aritua, sorkuntza denak digitalki egiten ditu Rodriguezek, hain zuzen, collage estiloko ilustrazioak dira bereak: "Ilustrazio zaharrak hartuz eta photoshop erabiliz muntaiak egiten ditut". Musika estiloaren arabera, ilustrazioaren ezaugarriak bertsuak direla azaldu du.

Bere proiektuaren erakusleiho izateko, Instagram sare soziala erabiltzea hasieratik garbi zuela aitortu du Rodriguezek: "Uste dut askatasuna ematen didala, bai nire irudiak plazaratzeko eta baita jarraitzaileen feedbackak jasotzeko ere". Erreminta baliagarria da Rodriguezentzat: "Ez du ezer kobratzen, batzuetan baldintza batzuk jartzen ditu baina beste plataforma batek ematen ez didan askatasuna ematen dit" adierazi du.

Halaber, oso gustora dago proiektuak izan duen erantzunarekin. "Instragrameko jarraitzaileez gain, musika talde batzuetako kideekin harremanetan jarri naiz eta beraien erantzuna ere izan dut eta horrek asko motibatu nau". Halaber, talde horietako batzuek Rodriguezen sorkuntza lanak erabili dituzte.

Laminak salgai

Ikusteko ez eze, ilustrazioak laminatan eskuragarri eta salgai daudela gogorarazi du Rodriguezek. Interesa duenak, sare sozialaren bitartez harremanetan jartzea besterik ez du. Hala, eskatzen duenari bidali egingo zaizkio. "Erraz iritsiko gara akordio batera". Orain arte, enkarguak ere egiten ditu Olrait Studioko arduradunak, besteak beste, zenbait musika talderen diskoak zein poltsen diseinuak egin izan ditu bere ibilbidean.

Eskukaden proiektuan Instagramen argitaratutako ehun lanekin etorkizunean liburu bat publikatzeko asmoa agertu du Rodriguezek. "Esku artean eduki nahi nuke sortutako lan osoa". Eta, lan gogorra izan bada ere, eskukaden segidarekin gustura jarraituko duela aitortu du. Are gehiago, prest dago bestelako hizkuntzetan ere sortzeko.

Egoera zaila

Ilustraziora eta oro har arteen alorrera dedikatzen diren langileen prekarietatea azpimarratu nahi izan du Rodriguezek. "Ezinezkoa da honetatik bizitzea". Hain zuzen, bera ere ez da proiektu honetaz bizi. "Ez da nire ogibidea". Beraien sektorean sarrera ekonomikoak beti kolokan daudela salatu du. Bestalde, Eskukadak proiektuaren bitartez, euskal musika eta euskal hitzak ezagutaraztea eta euskal esentzia transmititzea izan dira Rodriguezen helburuak. Dioenez, gero eta sarriago jotzen da ingelesezko musika entzutera eta bertakoa ere kontsumitu behar dela ohartarazi du. "Oso ondo dago ingelesezko influentzia hori izatea, orain modan dago musika ingelesa, baina ahaztu egiten zaigu gertu ditugun euskal sortzaileak ere oso onak direla". Hain zuzen, publikoari hori helaraztera iritsi nahi luke proiektu honen bitartez.