Duela denbora bat Los hijos de Lemóniz lanaren aurkezpen ekitaldi batean suertatu nintzen, Estela Baz idazlearen lehenengo nobelarenean. Aurkezle gisa Gaizka Fernandez Soldevilla historialaria aritu zen, Terrorismoaren Biktimen Oroimenerako Zentroko arduradunetako bat, eta euskal gatazkaren interpretazio historiografiko nazionalistaren -nazionalista espainiarraren- aldezle nagusietako bat.
Ez naiz 'Gauza'-ren inguruko nobela horren argumentuaren xehetasunetan sartuko -edonola ere, ez dizuet gomendatzen-, baizik eta aurkezleak behin eta berriro erabili zuen ideia bat komentatuko: fikzioaren goraipamenarena historiaren zabalkundea egiteko "erreminta" bezala, kasu honetan euskal gatazkarena. Historialariak ez dira, antza, dibulgatzaile onak izaten, Fernandez Soldevillarentzat, eta, alde horretatik, nobelagileen lana biziki defendatu zuen, Patria-ren kasuak frogatuko lukeen bezala. Hilabete batzuk geroago, Luisa Etxenikeren Aves del paraíso nouvellearen aurkezpenean, 'Gauza'-ri buruzkoa hura ere, historialariak hitz ia berberak errepikatu zituen, ideia ondo finkatuta daukan seinale.
Eta horrek kezkatu ninduen bereziki Fernandez Soldevillaren diskurtsoan: literaturak "tresna gisa" izan dezakeen erabilerarena. Literatura kausa jakin baten zerbitzura jartzea dakarrelako horrek, eta, ondorioz, bitarteko hutsa bihurtzen duelako, helburu izan beharrean.
Inpresio bera hartu nuen Sorturen lehenengo presidente izandako Hasier Arraizen Maitasun keinu bat besterik ez Izan ere, hori izan zen gehien egin zidana kirrinka liburuan, euskal literaturaren "belaunaldi berria" (sic) definitzeko argudio ahul eta kontraesankorren gainetik -alibi hutsa, azken batean, hortik abiatuta Kirmen Uriberen figuraren gorazarre hiperbolikoa altxatzeko-, eta, orobat, gure iragan hurbilaren orrialde jakin ba-tzuk bizkorregi pasatzeko aurkezten duen presa eta arinkeriaren gainetik -horren ohikoa gure artean, eta ez soilik ezker abertzalearen aldetik-. Ez, gutxien konbentzitu ninduena izan zen etorkizuneko Euskal Herria eraikitzeko lehengai sinbolikoak ekoizteko euskal idazleari esleitzen dion zereginarekin daukan tema, "nazio kontakizun berria" sortzeko tresna gisa hain zuzen ere.
Milan Kunderak defendatzen duen bezala, hausnarketa nobeleskoa, hots, fikzio literarioa, "basatiki independentea da aurrez pentsatutako ideien sistema ororekiko; ez du epaitzen; ez ditu egiak aldarrikatzen; galdetu egiten dio bere buruari, harritzen da, zundatzen du". Eta hori guztia, nire aburuz, nekez ezkontzen da literaturari kanpotik ezarritako edozein helburu erabilgarrirekin, Fernandez Soldevillak edo Arraizek desio luketen bezala.
Ildo horretan, bat nator Ana Malagonekin: "Artean ez dago zergatik funtzio bat bete behar (€). Utilitarismoaren garai hauetan ezertarako balio ez duten gauzek ez dute prentsa ona, baina maiz pentsatzen dut ezertarako balio ez izateak zerbaiti gerta dakiokeen gauzarik baliogarriena dela. Okerragoa dela fun-tzio bat bete nahi eta ezin izatea. Eta are okerragoa, okerreko funtzioa betetzea".
Literatura, erreminta izatekotan, izan dadila ustekabean, eta, ahal dela, erabilera anitzekoa, suitzar laban horien antzera. Albo kalte -edo onura- bezala, gehien jota. Sekula ez programa baten fruitu -ziurrenik- antzu.