Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan" doktorego tesia aurkeztu berri du Oier Araolaza dantzariak. Dantzetan gailendu den estereotipo bitarraren sorrera aztertu du, eta euskal dantzaren eta generoaren inguruko ikuspegi oker bat dagoela ikusarazi nahi izan du: genero identitatea euskal dan-tzan "eraikuntza" bat dela ondorioztatu du, eta horren ezaugarriak argitara ekarri nahi izan ditu. Ikuspegi hori gaur egunera arte iritsi dela adierazi du.
Uste da tradizionalki emakumeak ez direla euskal dantzetan aritu edo ez behintzat dantza garrantzitsuetan eta ikusgarrietan. Hala da?
Azken hogei urteetan zenbait ikertzailek ukatu duten ideia da, baina oso zabalduta eta sustraituta dagoenez, nahiz eta okerra izan, oraindik indarra dauka. Ideia horrek esaten du emakumeek ez zutela dantzarik egiten edo oso gutxi dantzatzen zutela. Komentatzen zen beste gauzetako bat da, parte hartzekotan emakumeentzat sortutako dantzetan egiten zutela edo bestela, beraiei moldatutakoetan. Dagoeneko ikertzaile batzuk hori ukatu badute ere, ikusi genuen bazegoela sakontzen jarraitzeko beharra. Batez ere ulertzeko eta jakiteko noiz eta nola sortu zen ikuspegi oker edo gezur hori.
Kontaketaren aldaketa hori noiz gertatu zen?
XIX. mende bukaerara arte edo XX. mende hasierara arte bazegoen emakumeen dantzak debekatzeko, zigortzeko edo eragozteko nahi bat, baina ez da ukatzen errealitate edo praktika bezala. Garai horretan, aldiz, estrategia aldaketa bat egon zen eta hasiko dira esaten emakumeek ez dutela inoiz dantzatu. Oso eraginkorra izango da diskurtso hori eta hamarkada gutxian emakumeek utzi egingo diote dantza egiteari. Mito faltsu hori gaurdaino iritsiko da.
Zergatik gertatu zen garai horretan, eta zer dela eta izan da hain eraginkorra?
Eraginkorra izan da ez delako gezur kontziente bat. Momentu horretan eraldatzen eta indartzen ari diren genero ikuspegiak dantzan ere proiektatuko dira. Euskal dantzaren kasuan, eragin handia izan zuen abertzaletasunaren ikuspegitik sortutako euskaldunon jatorrizko izaera zintzo eta garbiaren mitoak. Horren arabera, euskaldunok ez ditugu gauzak lizunak egiten. Emakumeek dantza egitea garai horretako ikuspegi kristauan jarduera guztiz ez-morala da. Hori dela eta, nazionalismoak esango du euskal emakumeak guztiz zintzoak eta moralak direla, eta beraz, euskal emakumeek ez dutela inoiz dantza egin.
Beste uste bat ere hedatu zen: dantza batzuk gizonezkoenak direla eta beste batzuk emakumezkoenak.
Sexuaren biologizazio handi batzegoen mundu osoan, eta binarismo hori euskal dantzetan ere antzematen da. Momentu horretara arte dantzek ez zuten horren genero marka argirik. Esan beharra dago ezpata dantza, adibidez, gehiago lotzen zela gizonezkoekin, baina ez ziren identifikatzen gizonezkoen dantza edo emakumezkoen dantza bezala. Horrez gain, mugimendu zehatz batzuk zituzten dantzak maskulino bezala identifikatudira eta beste batzuk femenino gisan. Ezpatak eta makilak dituztenak, mugimendu bortizdunak, gizonezkoenak direla esan da, baita urrats akrobatikoak dituztenak ere. Kontrara, askoz ere xamurragoak, goxoagoak eta atseginagoak direnak emakumezkoekin lotu dira. Sailkapen horren aurretik gizonezkoek ere egiten zituzten dantza xamurrak eta lasaiak, arku dantza edo sagar dantza bezalakoak, eta emakumeek egiten zituzten gizonezko dantza bezala sailkatuta gelditu zirenak. Naturalizatu egin da bereizketa hori, eta gaur egun, ehun urteren ondoren, nik uste dut pisu handia duela gure dantzetan.
Esan daiteke prestigio handiagoa dutela gizonezkoen dantza bezala identifikatzen direnak?
Jakina. Sailkapena gertatzen den momentuan, erdigunean jarriko dira gizonezkoen dantzak. Emakumeenek osagarri papera izango dute. Beraz, gizonak izango dira euskal aberria askatu behar duten gudarien gorputz nazionala eta emakumeak etxeko zaindariak, etxeko aingeruak. Emakumeen dantza asko zainketarekin lotuta daude, esaterako. Gauzak horrela, aurreskua izango da gizonezkoen euskal dantza nazionala eta bakarrik beraiei aitortuta. Hori dela eta, prestigioa beti gizonezkoen dantza kontsideratutakoekin identifikatuko da.
Janzkeretan ere izan ziren aldaketak, ezta?
XX.mende hasierara arte, jantzi zuria eta apaingarri gorriak edo koloretsuak erabiltzen ziren uniforme bezala. Emakumeek ere kolore konbinazio hori erabiltzen zuten, eta txapela ere janzten zuten. Alabaina, bereizketa hori egiten hasten denean, emakumeentzat beste janzkera bat indartuko da: gorulariena edo poxpolinena. Eredu hori 1886an sortutakoa da. Urte horretan Durangon euskal jaiak egin ziren eta bertan parte hartu zuten esku dantzariei eta zinta dantzariei diseinatu zieten jantzi hori. Eredu horretan buruko zapia, gerruntze beltza eta gona gorria dira osagai funtsezkoak. Beraz, zuri errituala gizonezkoentzat geldituko da eta poxpolin edo gorulariena emakumezkoentzat. Uniforme bat daukazunean askoz ere errazagoa da beste janzkera bat eragoztea, eta oso denbora gutxian ia desagertu egin ziren zuriz jantzita eta txapelarekin dantza egiten zuten emakumeak. Gaur egun ere gertatzen da, oso barneratuta baitaukagu gizonezkoen janzkera dela.
Gaur egun zer egoeratan dago generoen arteko sailkapen hori?
Esango nuke nahiko egoera kezkagarrian dagoela. Azken urteetan kontzientzian eta praktiketan aurrerapauso handiak eman dira, eta hori kontuan izatekoa da. Baita eskertzekoa eta txalotzekoa ere, batez ere mugimendu feministari, erakutsi digun guztiagatik eta guregan eragin dituen aldaketa guztiengatik. Aldi berean, ikusten dut umeek inoiz baino goizago jasotzen dituztela genero identitateak, eta horiek helduen aldetik iristen zaizkie. Ondorioz, umeak oso modu goiztiar batean ari dira rolak eta estereotipoak erreproduzitzen. Nik kezka handia daukat. Izan ere, hain goiz inokulatzen ditugun estereotipo eta rol horietatik askatzea asko kostatzen da.
Genero estereotipo horiek direla eta, gaur egun dantza praktika femeninoagotzat ikusten da?
Kulturaren paradoxak dira. Azken 30-40 urteetan gauzak etengabe aldatu dira, eta gaur egun, dantza feminizatutako jarduera da. Duela hamarkada batzuk beste dantza batzuek bazuten genero asignazio hori, balletak, esaterako, baina euskal dantzak ez zuen horrenbeste. Gizonezkoek protagonizatzen zituztenez dantza ikusgarrienak, euskal dantzetan beste batzuetan baino gehiago eutsi diote gizonezkoek. Horrek ematen du zer pentsatua: gizonezkoak eroso egon dira dantzan protagonista nagusi eta ia bakarrak izan diren bitartean, eta gaur egun, egoera guztiz bestelakoa da. Eguneroko praktikan mutilek utzi egin dute dantzaren mundua, eta nik tragedia bezala bizi dut.
Zertan eragin behar da horri konponbidea bilatzeko?
Nik uste dut hezkuntzak funtsezko paper bat jokatu behar duela. Badakit azken urteetan arlo guztietatik begiratzen zaiola hezkuntzari, baina nire ustez, bete behar dituen funtzioetan dantza beharrezkoa da. Hainbat zibilizazioren funtsezko osagaia izan da, kontziente izan direlako zein den dantzaren eraginkortasuna, indarra eta gaitasuna. Oraingo hezkuntza sistema zerebrala da eta gorputza guztiz erauzita dauka. Baita artea, musika eta kultura ere. Lehenago edo beranduago ohartuko da hezkuntza mundua arlo horiek beharrezkoak direla. Asko konturatuta daude eta ari dira horretan, baina falta dena da agintean daudenak horretan jartzea. Hezkuntza hori jaso gabe pasatzen den belaunaldi bakoitza mutilatutako belaunaldia izango da zentzu horretan. Zenbat eta lehenago hasi, orduan eta lehenago egingo diogu mesede hezkuntzari eta gure gizarteari.
Nola ikusten duzu etorkizuna?
Ez da erraza izango. Gizonezkoak gero eta urrutiago daude dantzatik eta horrek ez du laguntzen dantza genero markarik gabeko jarduera izaten. Genero batetik bestera pasatuko da, dagoeneko gertatzen ari den bezala. Horrek baditu ondorioak: jarduerak berak izango duen prestigioa, esaterako. Neskek egindakoa ez da baloratzen, eta gizartearen erdiak, hau da, gizonezkoek ez badute ezagutzen dantza, ez dute baloratuko. Gauzak horrela, emakumeen jarduera bezala sailkatuko da eta gutxietsita egongo da. Kezkatuta nago, ez baitut ikusten hondoa jo dugunik, ezta buelta emateko palanka eskura daukagunik.
Emakumeena ere bazen eremua berreskuratzen
Oier Araolaza dantzariak azaldu duenez, azken hamabost urteetan aldaketa handia izan da euskal dantzetan genero ikuspegiari dagokionean. Poliki-poliki emakumeak hasiak dira ukatu zaien lekua hartzen. Araolazak aitortu du kasu batzuetan aldaketa horren arrazoia gizonezkoen falta izan dela, baina adierazi du azken urteetan modu "kontziente" batean ere egin dela. 1990eko hamarkadan emandako aurrerapauso bat lehen harrietakoa iruditzen zaio: Eskiulan (Zuberoa) emakumeek bakarrik parte hartu zuten maskarada bat antolatu zuten, eta "oso arrakastatsua" izan zela azaldu du. Andoaingo (Gipuzkoa) Axeri dantza taldeak 2000. urtean egindako aldaketa ere aitzindaria izan zela adierazi du, baita 2004an Lizartzako (Gipuzkoa) inauterietan egindakoa ere.
2004-2005 urte inguruan Garain (Bizkaia) egindako ezpata dantza ere azpimarratu du: "Neskatila batzuek hartu zuten parte, eta presio handia jasatea tokatu zitzaien, zerbait gaizki egin izan balute bezala". Garai horretatik aurrera, areagotu egin da emakumeen presentzia dantzetan, besteak beste, gogoeta feministaren ondorio gisara. "2005etik aurrera tantoka-tantoka gertatu dira aldaketak, eta azken bost urteetan areagotu egin dira", azaldu du Araolazak. Gauzak horrela, oso sustraitutako dantzetan hasi dira parte hartzen emakumeak; Lesakako (Nafarroa) zubigainekoa aipatu du, esaterako.