Hiru mariken arteko drama psikologiko, sozial eta sexuala da Lurrun minez. Gabon gau batean gertatuko da hiru mutilen arteko ezusteko topaketa, gay sauna batean. Lurrun artean, frustrazioak, erakarpen sexualak, boterea eta beste hainbat sentipen nahastuko ditu antzezlanak. Galder Perezek azaldu duenez, aspaldi idatzi zuen testua, baina pasa den urtean gidoia berregin eta lehiaketara bidaltzea erabaki zuen, ordenagailuko artxibo batean gera ez zedin.
Bilboko Zazpi Kaleetako 'Lautan hiru' jaialdian egin zuen testuaren irakurketa dramatizatua, eta bertan egon ziren Jon Koldo Vazquez eta Gaizka Chamizo aktoreak, eta Joseba B. Lenoir musikaria. Kontatzen duenez, zerbait muntatzeko prest azaldu ziren hiruak, eta Olatz Gorrotxategi deitu zuten: "Zuzendari ausarta da, asko jokatzen du plastikarekin eta bagenekien buelta ederra emango ziola gidoiari".
Ondoren batu zen lantaldera Pelayo Serrano aktorea ere, eta urte hasieran entseatzeari ekin zioten. Aurrestreinaldia egin zuten Bilboko Zinegoak jaialdian, eta estreinaldirako data zehaztuta zuten Loraldia Festibalean. Koronabirusak eragindako osasun-krisia dela eta, bertan behera geratu da estreinua, eta data berri baten zain daude orain.
ARGUMENTUA Gay sauna batean elkartuko dira hiru mutil. Lehenik eta behin, Alex ezagutuko du ikusleak, bere buruari 'Mari Matraka Erregina' deitzen dio, 30 urte inguru ditu, eta saunan bertan egiten du lan. Ondoren azalduko da Oskar. Gizonezkoen arteko sexu trukerako espazio horietara joaten da maiz, 44 urte ditu eta institutuko irakaslea da. Eta azkenik, 19 urte eskas dituen gaztea helduko da, Jesus du izena eta lehenengoz joango da gay sauna batera.
Gabon gauean itxita egoten dira saunak, oraingoan, aldiz, bere kabuz irekitzea erabaki du Alexek. Beste pertsonaiak iritsi ahala, lurrun artean ezin ikus daitezkeen hariak argitara azaltzen joango dira, askatzeko zaila izango den lokarria sortu arte. Perezek dioenez, testuaren bidez askatasunaz hitz egin nahi du, botereaz, pertsonen arteko harremanez, horrek guztiak sortzen dituen tirabirez, eta gure kontraesanez. Bere hitzetan: "Aske garela sentitzen badugu ere, ez gara aske, lau pareten artean bizi gara. Sauna hori askea dela ematen du, baina leku itxi bat da, lurruna bera ere, hain arina eta labainkorra izanda, lau pareten artean geratzen da".
Izan ere, parranda orgiastikoa izan nahi du gauak, baina gorputzek jaia eta politika egin nahi badute ere, herentzia pisutsua jasaten dute oraindik, benetako borondate askeak zapuzten dituen herentzia soziala. Horrela azaldu du gidoilariak: "Bizitzan gertatzen den bezala, espektatiba gehiegi ipintzen ditugunean zerbaitetan, sarri errealitateak espero ez dugun beste toki batera eramaten gaitu. Antzezlanean alkohola eta droga oso presente daude, jai giroa dago, hiruek egiten dute ihes beraien bizitzetatik, eta sexu trukaketarako aproposa den espazioan daude. Baina zenbait gertaera direla eta, hiruen arteko harremanak beste norabide bat hartuko du".
HAUSNARKETARAKO BIDEA Antzezlanak ez du publiko zehatzik, hortaz, ikusi nahi duen orori zuzenduta dago. Gidoilariak dioenez, gainera, enpatia handia sortzen duen obra da. Drama psikologiko, sozial eta sexual honetan galdera asko planteatzen dira, eta hausnarketarako gai ugari. Botere harremanek izango dute leku nagusia, baita horien aldakortasunak ere. Komedia ukitua ere baduela azaldu du Perezek, eta jendeak hori eskertzen duela, baina izatez, tragedia bat dela: "Komediarekin jolastea gustatzen zait, publikoa biguntzea, gero jipoia emateko. Funtzionatzen duen teknika da". Hiru belaunaldi daude obran islatuta, bakoitza bere kontraesanekin. Gidoilariak dioenez, pertsonaiak oso autentikoak dira, hori dela eta, ikusleak ezagutu ahal izango ditu, erraz identifikatuko ditu.
Testuaren bidez "probokatu" egin nahi du Perezek: "Mahai gainean jarri nahi nuen LGTBI kolektiboa eta horren barnean dauden kontraesanak, baita orokorrean darabilgun hipokresia. Erakutsi nahi nuen zein hauskorrak diren pertsonen arteko harremanak eta nola eraikitzen ditugun. Azken batean, eta askatasuna presente, kontraesanekin jokatu nahi nuen".
ESZENARATZEA Gidoiak egitura dramatiko klasikoa irudikatu arren, taldeak apustu garaikidea egin du, eszenaratze berri eta bizia sortzeko asmoz. Hortaz, testutik abiatuta, ikuskizunak plastika eta antzerkigintza garaikidea proposatuko dizkio ikusleari, Olatz Gorrotxategi zuzendariak azaldu duenez. Ikuslearen ikuspuntutik, tresna eszenografikoen mugimendu gaitasunak malgutasuna bermatuko duela esan daiteke. Izan ere, antzezlanean zehar dekoratua biratu egingo da, ikusleak eszena beste leku batetik ulertu eta sentitu dezan. Horrez gain, zuzeneko soinua eta musika izango du an-tzezlanak, eta aipatzekoa da ere aktoreen momentu koreografikoen lanketa. Elementu teatral horiek lanari identitate eta estilo propioa emateaz gain, ikusleari ihesbidea bermatuko diola azaldu du zuzendariak.