Eraikinak, paisaiak, pertsonak, erliebeak, gertakarien lekukotzak... Errealitate puska baten isla dira argazkiak, momentu baten betikotzea, iraganera salto egiteko aukera. Joni Ubeda Aiurri herri komunikabideko zuzendariaren arabera, denborarekin "ondare" bihurtzen dira argazkiak. Irudien balioaz jakitun, Beterri-Buruntza-Aiztondoko eskualdean 90eko hamarkadan ateratako 2.000 argazki digitalizatu dituzte. Euskal Wikilarien Elkartearekin eta Tokikom herri komunikabideen bateragunearekin elkarlanean ondu dute egitasmoa.
Noiz eta nola izan zenuten egitasmoaren berri?
Tokikom hedabideen bateragunean, euskal wikipedia kultur elkartearekin batera, harremanetan jarri ziren lankidetza egitasmo batzuk aurrera ateratzeko, besteak beste hau. Izan ere, gabezia bat an-tzeman zuten wikilariek, 80-90eko hamarkada horretan hutsune nabarmena zegoela irudiei dagokienez, bereziki erabilera libreko irudiei dagokienez.
Hutsune hori betetzeko baliagarriak dira tokiko hedabideak?
Tokiko prentsan 80-90eko hamarkadan sortu ziren euskara elkarteen eskutik nagusiki hedabide pila bat: Arrasate prest, Galtzaundi, Aiurri€ orduan azter-tzen hasi ziren ea tokiko hedabideetan gordetzen ziren irudi horiek izan zitezkeen aproposak egitasmo hau martxan jartzeko. Guk aldizkariko argazkitegia nahiko txukun gordeta mantendu dugu; hau da, argazkiak urteka sailkatuta eta gaiaren arabera ere nahiko ondo antolatuta geneukan.
Zertarako da baliagarria herri komunikabideen artxibo grafikoa osatzea?
Nik beti defendatu izan dut argazkiak denborarekin ondare bilakatzen direla. Aiurrik 26 urtetik gorako ibilbidea egin du, eta egindako lan horren ondoren argazkiak ondare dira. Ondarea zentzu zabalean: argazki horietatik hirigintza, paisaia, toponimia, historia€ elementu asko ukitzen dira argazkiarekin. Argazkia ondarea da, eta aldi berean, informazioa da. Gainera erabilera librean jarri dira, eta horrela denen bistara uzten dira eta edozein herritarrek eskura dauzka argazki horiek nahi izanez gero erabiltzeko. Argazkiak ondare, informazioa etab dira. Askotariko funtzioak nola, erabilera anitzak ere izan ditzakete.
Zertarako erabil daitezke argazki hauek?
Esango nizuke jendeak lagun artean erakusteko eta gordetzeko erabiltzen dituztela argazkiak oro har. Jende askok argazki horiek gorde egin ditu bakoitzak bere kabuz. Guri ere ondo etorri zaigu. Egun hauetan adibidez martxan jarri dugu atal bat: 'Iraganaren eta orainaren leihoa'. Hartu dugu duela 25 urteko argazki bat eta gaur egungo bat eta oso modu ikusgarrian eta sinplean ikus daitezke. Etorkizunean ere artikuluak eta erreportajeak egiteko hor daukagun informazio iturri bat da irudiena; hain justu, 2.000 argazki.
Zer ageri da 2.000 argazki horietan?
Hor daude adibidez Martin Ugalde 90eko hamarkadan udalak "seme kutuna" izendatu zueneko argazkiak, eta hori oso ekitaldi garrantzitsua izan zen. Garai horretako kultur eta erakundeen ordezkaritza gorena elkartu zen Andoainen: Eduardo Txillida, Martin Ugalde bera€. Gero, bestalde, herrian egunez egun ez dugu aldaketa handirik sumatzen, baina urteen poderioz gauzak asko alda-tzen dira. Andoaingo paisaia erabat aldatu da. Era berean, hainbat gertakariren lekukotzak ere jaso ditugu: uholdeak, borroka antimilitarista€ garrantzitsuak dira ere wikipedian atal berriak sortzeko. Intsumisioari dagokionez ez zeuzkaten argazkiak, edo, adibidez, Martin Ugalderen argazki librerik ez zeukaten.
Argazki bilduma guzti horren artean bada bereziki atentzioa deitu dizunik?
Nik 16 urte daramatzat Andoainen bizitzen, baina tolosarra naiz. Gaztetan Tolosatik Andoainera etortzen nintzen gaztetxera lagunekin kontzertua ikustera. Gaztetxe hura bota zuten, baina niretzat argazki horiek oso kutunak dira.
Izan ere, argazkiak ondarea eta informazioa ez ezik, oroitzapenak ere badira.
Noski. Hori da gakoa zergatik izan duen arrakasta herritarren artean. Ez da bakarrik zu gaztetan ikustea, baizik eta oroitzen duzu garai hura, gazte zineneko garaia edo mugimendu jakin bateko kide izan zineneko garaia€ Nostalgia eta iragana begiratzea asko gustatzen zaio jendeari.
Sorpresaren bat hartuko zenuten argazkiren bat baino gehiagorekin, ezta?
Gehien harritu gaituena izan da izan duen oihartzuna. Nik esango nuke Aiurrin kazetari bezala gutxitan sumatu dudala horrelako feedbacka lan baten aurrean. Gaur egun bizi den jendearen atzera begirako bat egin dugu, azken finean.
2.000 argazki bada zerbait. Zaila izan da digitalizazio prozesua?
Guk dena ondo gordeta genuen eta lan taldeko pertsona bat jarri zen argazki horiek digitalizatzen eta antolatzen. Fitxa bat osatu behar izan genuen argazki horiekin guztiekin eta antolatu ditugu Excel dokumentu baten arabera. Argazkiak ikusi daitezke urteka, herrika eta baita ere gaika: kultura, gizartea, ekonomia... bilaketa ezberdinak ahalbidetu ditugu.
Ezinbesteko baldintzarik dago egitasmoa posible izan dadin?
Egitasmo honetan, nire ustez, hau aurrera ateratzeko behar dira bi gauza. Gutxieneko antolaketa bat edukitzea, hasteko; hau da, argazkiek oinarrizko modu batean antolatuta egon behar dute, bestela oso konplikatua da digitalizatzen hastea. Eta bigarrena, digitalizazio lanetan ibiliko den pertsona horrek gutxieneko ezagutza bat izan behar du. Lanbide berean urteak pasatzeak pista asko ematen dizkizu, ezagunak zaizkizu argazki asko eta hori abantaila bat da proiektua arinago eta errazago burutzeko.