Kamerek jasotzen ez duten desoreka

Zinemaren sektorean emakumeen aukera faltari eta ikusgarritasun ezari aurre egiteko ari dira lanean Hemen elkartean

02.05.2020 | 22:19
Lara Izagirre zinema zuzendari eta Hemen elkarteko presidentea

Beste esparru askotan bezala, zineman ere tradizionalki gizonezkoak izan dira nagusi. Hala ere, pixkanaka egoera aldatzen doa. Gaur egun emakumeak egon badaude zinemagintzan, baina gizon kopuruarekin alderatuta, oraindik ere desoreka handia dago. Donostiako Zinemaldiak egindako ikerketa baten arabera, emakumearen presentzia %30ekoa da euskal zineman. Horrez gain, ondorioztatu dute emakumeek izaten dutela aukera zineman lehen pausoak emateko, baina oso zaila egiten zaiela profesionalizatu eta euren karrerarekin aurrera egitea.

Hemen ikus-entzunezkoetako eta arte eszenikoetako emakume profesionalen elkarteko presidenteetako bat da Lara Izagirre, eta aitortu du "zoritxarrez" ez direla "harritu" ikerketaren emaitzekin. Zinemaldiak genero azterketa bat egin du iazko jaialdian izan ziren lan guztiak kontuan hartuta. Ondoren, tartean Hemenen eskaera jasota, euskal zinemara mugatu zuen azterketa hori. Datuak berdin-tsuak dira bi ikerlanetan. "Ikus dezakegu ez dela hemen bakarrik daukagun arazoa; mundu osoan problema bera dago", azaldu du Izagirrek.

Horren oinarrian aukera falta dagoela uste du. Izan ere, azaldu du badaudela zinemagintzan aritzeko hautua egiten duten emakumeak. Horren adibide dira Izagirrek emandako datu batzuk: unibertsitateko ikasleen %65 inguru emakumezkoak izaten direla adierazi du, baina lanean hastean ehunekoa irauli egiten dela, eta kasu gehienetan %65 baino gehiago direla gizonezkoak. "Emakume batek eta gizon batek esperientzia bera izanda ere, gizonak askoz errazago egiten du bere ibilbidea, aukera gehiago ematen dizkiotelako", zehaztu du. Besteak beste, desoreka horri aurre egiteko dabiltza lanean Hemen elkartean.

Profesionalizatzeko arazoak Izagirrek azaldu duenez, behin industrian sartuta, emakumeei kosta egiten zaie ibilbide profesionalari jarraipena ematea. Nabarmendu du emakume zuzendari gehienek pelikula bat bakarrik egiten dutela karrera osoan zehar; oso gutxi direla bigarren filma egiteko beta dutenak. Arrazoietako batzuk amatasuna eta kon-tziliazioa izan daitezkeela adierazi du, baita aurretik komentatutako aukera falta ere. "Faktore askok dute eragina, eta urteek aurrera egin ahala, zailagoa zaio emakume bati ibilbide profesionalarekin jarraitzea".

Izagirreren ustetan, horren isla izan daiteke Zinemaldiko sailetan izan ohi den egoera. Jaialdiaren kasuan, iaz zuzendari berrien sailean parte hartzaileen %60 ziren emakumeak -14tik 8-, baina sail ofizialean, lehian zeuden hamasei filmetatik bost ziren emakumezkoek zuzendutakoak."Zinemaldikoek esaten zuten zailtasunak izaten dituztela sail ofizialean emakumeen lanak sartzeko, oso gutxi jaso-tzen dituztelako", zehaztu du Izagirrek.

Emakumeek egin ohi dituzten lanak "barrura begirakoak" izaten direla azaldu du. Produkzioan aritzen dira asko. "Atzean gelditzen den lan bat da, eta ondo eginda badago, ez du inork kontuan hartuko", zehaztu du. Sorkun-tza alorrean, aldiz, gizonezko gehiago izaten dira, hala nola, argazki zuzendaritzan edo musika konposizioan. Hala ere, badaude zuzendaritzan aritzen diren emakumeak, baina Izagirrek nabari du eurek sortutako lanek "askoz ere ikusgarritasun txikiagoa" dutela. "Komertzializazioan ere kaltetuak dira; ez dute jasotzen publizitaterako hainbeste diru, aurrekontuak txikiagoak dira eta presentzia txikiagoa izaten dute komunikabideetan".

Ikuspuntu feministaren beharra Izaskun Arandia ekoizlea da, eta azaldu du haren eremuan ere nabari duela desoreka. Euskal Herrian ekoizpen exekutiboan gutxi gorabehera "dozena erdi bat" emakume ari-tzen direla adierazi du. Arlo horretan, finan-tziazio bilketaz eta taldeen eraketaz ardura-tzen dira, besteak beste. Hori dela eta, beharrezkoa iruditzen zaio "ikuspuntu feminista" izanda lan egitea berdintasunera iristeko: "Hori kontuan izan gabe osatzen badugu lantaldea, gehiengoa gizonezkoa izango da, baina presente izan behar da langileak aukera-tzeko ahalmena baldin badaukagu, gure esku dagoela berdintasuna lortzea". Ikuspuntu feminista horren falta "izugarria" sumatzen du Arandiak, baina mundu osoko filmetan, ez euskal zineman bakarrik. "Amaierako kredituak ikusi besterik ez dago; segituan konturatzen gara oso urrun gaudela berdintasunetik", adierazi du.

Amara Mosteiro, berriz, argazki zuzendaritzan aritu izan da batez ere, eta ECCBI zinema eskola ireki berri du Bilbon, sektoreko beste bi profesionalekin batera. Mosteiroren iritziz, emakume erreferenteen falta dago. Kontatu du lagun batek ikastaro bat egin zuela 10-14 urte bitarteko gazteekin. Ariketa batean neska bati zuzendari izatea egokitu zitzaion, eta galdetu zuen ea emakume batek izan dezakeen postu hori. "Harrigarria da ume batek pentsatzea emakumeak ezin direla zuzendariak izan", adierazi du Mosteirok.

Ikasketak amaitu eta lanean hasi zenean konturatu zen zinema "mundu maskulinoa" zela. "Lankide asko harritu egiten ziren emakumea izan eta argazki zuzendaria nintzelako", azaldu du. Gainera, kontatu du batzuei ez zitzaiela asko gustatzen emakumeak zuzendari lanetan aritzea. "Molesta-tzen zien guztia nuen nik: emakumea nintzen, gaztea eta eskola baten ikasia". Irakasle den aldetik, zinema eskoletan, emakume zein gizonek modu berdintsuan lan egiten dutela azaldu du. Hala ere, aitortu du ikasleengandik hurbil egoten saiatzen dela, arazoren bat izanez gero, laguntzeko. "Nire ikuspuntua kontatzen diet, eta azaltzen diet balitekeela topo egitea pentsamolde hori izaten jarraitzen duen norbaitekin, baina geroz eta kasu gutxiago daudela esango nuke".

Gutxinaka, baina orekatzen "Poliki" bada ere, aurrerapenak egin direla uste du Izagirrek, nahiz eta asko dagoen egiteko: "Aktiboki hartu beharko lirateke neurriak, bestela berdintasuna lortzeko ehunka urte beharko ditugu". Diru laguntzei dagokienean, kuotak ezartzea proposatzen du; %50 gizonezkoek sortutako proiektuetara bideratzea eta beste erdia emakumezkoenetara. Izan ere, Izagirrek azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzen %10 eta %20 artean doa emakumezkoek zuzendutako proiektuetara. "Modu natural batean ez da gertatuko aldaketa, egoera oso larria baita". Arandiak ere neurriak har-tzen hasteko beharra dagoela uste du: "Jada ez du balio gauza sinbolikoak egiteak, neurri konkretuak hartu behar ditugu, bestela ez dugu sekula berdintasuna lortuko".

"Entitate pribatuetan ez daukagu hainbeste esatekorik, baina uste dugu lana egin beharko litzatekeela ikusgarritasuna lortzeko", gaineratu du Izagirrek. Zinemaldia jarri du adibide gisa, eta proposatu du masterclass-ak eskain-tzean edo epaimahaikideak aukeratzean kontuan izatea aukera berdintasuna. "Horrela egiten dute, baina agian modu kontzienteago batean egin daiteke, emaitza batzuk lortzeko asmoarekin".

Etorkizunera begira, aurrerapenak egin daitezkeela uste du Izagirrek, are gehiago kontuan izanda feminismoa egiten ari den bidea. "Hain da larria egoera, ezin garela txarrera joan", zehaztu du. Mosteirok nabarmendu du argi dagoela berdintasunik oraindik ez dela lortu, bestela ez baitzen egongo horrelako erreportajerik egiteko beharrik . "Horrek hausnarketa bat egitera garamatza, baina geroz eta ohikoagoa da emakumeek istorioak idaztea eta zuzentzea, baita istorio horietako protagonistak izatea ere, guri ere pasatzen bai-tzaizkigu gauzak". Arandia "itxaropentsu" dago: "Badirudi belaunaldi berriek errazagoa izango dutela, eta horretarako ari gara lanean, ikusgarritasuna lortzeko eta lan aukerak sor-tzeko". Azaldu du agian kanpotik ez dela nabari, baina industria barruan igarri dutela aldaketarako "mugimendu bat" dagoela.