Gelditu gabe dabil Aiora Renteria (Bilbo, 1976 ). Elkarrizketa mordoa, zuzenekoak eta disko berri bat esku artean: Atera (Garden Records, 2019). Kantu dantzagarriak, sentikorrak eta "Zea Mays guztiak" barnebiltzen ditu bilbotarren estudioko bederatzigarren lanak, taldeko abeslariaren esanetan.
Disko berria plazaratu duzue: 'Atera'. Zer da disko honekin atera nahi duzuena?
Izenburuarekin atera nahi duguna da barruan dagoen guzti hori. Ez da bakarrik ateratze fisiko bat, esanez bezala "joango gara kanpora jotzera". Ez. Hori aurretik ere egin dugu. Zerbait fisikoa eta zerbait mentala ere bada. Barruan ditugun gauza guztiak lasaitasun osoz kanpora botatzea, eta mugimendu bat egotea; bizitza izatea, ez izatea zerbait estatikoa. Hori da kontzeptua, nahiz eta ez den disko kontzeptual bat, abesti denak ez dira horri buruzkoak. Atera abestiak bai hitz egiten du barruan dauden gauza guzti horiek ateratzez, buruan enkistatuta gelditzen diren gauzak aska-tzeaz. Mugimendua adierazten duen zerbait da, kanporantz.
Kantu dantzagarriak dituela eta, aldi berean, doinu gogorrak dituela esan duzue. Ibilbide luzeak ematen du esperimentaziorako eta hibridaziorako aukera?
Guk disko bat planteatzen dugunean ez dugu planteatzen zeri buruz egingo dugun, edo zer abesti mota edukiko dituen. Gu konposatzen hasten gara askatasun osoz, eta ateratzen diren kantu guzti horietatik badaude aurrera jarraitzen duten batzuk eta bazter-tzen ditugun beste zenbait. Kasu honetan ere horrela suertatu da. Badaude abesti dan-tzagarriak, badaude oso delikatuak, badago sekulako ukabilkadak direnak, badaude pop estilokoak... Denetarik irten zaigu. Oso eklektikoa da diskoa. Normalean, oso eklektikoak izan dira gure diskoak, eta hau ere halakoa da. Dena dago hor, egiten ditugun gauza guztiak. Gustatzen zaiguna eta gure filtrotik pasatzen dena.
Nola egiten duzu hainbeste disko, kantu, sor-tze prozesuren ondoren oraindik errepikapenetan ez erortzeko? Nola saihestu inertziak?
Errepikatzen ari garela uste dugunean, zuzenean baztertzen dugu. Ez dakit zelan egiten dugun. Asetzen gaituztenean jarraitzen dute aurrera abestiek. Ez dugu planteatu ere egiten errepikatzen garen edo ez. Gauza da aseta sentitzea. Diskotik diskora ere esperien-tzia gehiago daukagu, musika ezberdina en-tzuten dugu, eta horrek guztiak eragina dauka egiten dugun lanean. Igarri egiten da entzuten dugun musika, eta horrek ematen digu, agian, freskotasuna. Entzuten duzun horrek aldaketak eragiten dizkizu, eta gogoko dugu gauza ezberdinak probatzea. Jolastea eta probatzea gustatzen zaigu. Zu ez bazaude konbentzituta egiten duzunarekin, ezingo duzu beste inor konbentzitu.
Zuek aldatzen zarete, baina mundua ere bai.
Hori da. Azkenean dena aurrera doa, ez gara gu aldatzen garen bakarrak.
Honen aurretik ospakizun diskoa egin zenuten. 20. urtebetzea ospatzeko 'remix' diskoarekin. Aldaketarik nabaritu duzue berriz ere disko arrunt bat sortzera pasatzean?
Tokatu egiten zen abesti berriak egitea. Dena den, berriro lokalean sartzea kostatu egiten da. Arrankatzea kostatu egiten da disko batetik bestera. Aurrekoa errazagoa izan zen. Lana ipintzen diozu jendeari, jendeak egiten du eta bueltatzen direnean dena da borobila. Denak bildu, sartu eta kitto. Askoz errazagoa da horrelako zerbait egitea, eta hau izan da erronka berri bat. Gauza asko ez planteatzen saiatzen zara, baina denok gara oso zalantzatiak. Beldur pilo bat ditugu: kapazak izango gara abesti berriak sortzeko, edo ez? Benetan lortuko al dugu gustura sentitzea? Disko baten hasieran tentsioa bizi-tzen da beti. Dena den, gure kasuan, lortzen dugunean abesti bat egitea, denok sentitzen gara pozik. Gaur ni naiz abestiarekin hori gertatu zen. Heldu zenean, esan genuen: "Ados, badaukagu. Bidea eginda dago". Eta besteak etorri ziren atzetik. Azkenean hori da, topatzea non zauden eroso eta esatea: "Hau sekulako kantua da! Aurrera!"
Esperientziak ez du hasiera arintzen?
Berdin da esperientzia izatea. Are, zenbat eta disko gehiago, orduan eta zailago egiten da. Nagusitu ahala, gauza askotan hobetu egiten duzu, baina beste gauza askotan paranoiak handiagoak dira. Hasieran dena askoz azkarragoa da, aurrera egiten duzu gehiegi pentsatu gabe. Denborarekin aldatu egiten dira formak eta moduak.
Zuen kasuan, denborarekin biluztera egin duzue, hermetismoa kentzera.
Nik aldaketa hori gehienbat ikusten dut 2005etik aurrera. Nire buruan, gure inflexio punturik handiena Sortuz grabitatearen aurka diskoan etorri zen. Hortik aurrera saiatu naiz gauza asko kontatzen, eta gauza gogor asko kontatzen ditut, baina beti normaltasunez. Ez ibilita bueltaka eta bueltaka belztasun horretan: Gauzak horrela daude, aurrera jarraitu behar dugu eta hori horrela da. Dena den, azkenean letrak oso zabalak dira eta bakoitzak hartu ditzake nahi duen eran, eta bereganatu. Nik badakit une bakoitzean zeri buruz hitz egiten ari naizen, baina hori ez dut zertan kontatu. Nahiago dut pertsona bakoitzak nire hitzak bere egitea.
'Ni'-tasun bat badago, dena den; kantu asko ere lehen pertsonan eginda daude.
Askoz errealagoa egiten zait horrela hitz egitea. Badaude abesti asko hirugarren pertsonan hitz egiten dutenak, baina niri askoz errazagoa egiten zait lehen pertsonan egitea. Azken finean, kontatzen dudana da nire filtrotik pasatzen dena. Bideoklip antzerako bat sortzen dut nire buruan idazten dudan bitartean. Errazagoa egiten zait ni sartzea horretan, ni bat sartzea horretan. Ez dut zertan ni neu izan, baina pertsona bat da, bere ikuspuntutik ari dena.
Kantuen esanahia asmatu nahi izateaz gain, talde bakoitza musika estilo baten kokatzen ere saiatzen dira entzuleak. Zuek baduzue bat?
Ez. Esan daiteke rock, esan daiteke indie, esan daiteke pop. Batzuek heavy ere esaten dute, baina nik hori ez dut ikusten. Guk uste dugu rock munduan mugitzen garela, horrek dituen ertz guztietatik. Konplexu gabe mugitzen gara, gustura sentitzen garen tokitik. Kantuak sortzerakoan gure barne asetzea bilatzen dugu.
Genero jakinik ez, baina Zea Maysen esen-tzia izan daiteke emozioak pizteko nahi hori?
Emozioei buruz hitz egiten dugu letretan, baina edozeinek eduki ditzakeen emozioak dira. Aurrerapauso batekin agertzen diren emozioak. Gaur ni naiz abestian, kasurako. Itota sentitzen den pertsona bat da, baina hori horrela izango dela onartu eta jarrai-tzen du. Arnasa hartu eta berak erabakitzen du noiz bota uretara. Hori da, azkenean, abesti guztietan agertzen dena. Hau gerta-tzen da, horrela sentitzen gara. Zer daukagu egiteko? Ba egin dezagun. Beti ikuspuntu positibo horrekin. Azkenean kantatzea, idaztea, marraztea...terapia da. Sormena niretzat terapia bat da. Egunerokoan senti-tzen ditudan edo uneren baten sentitu izan ditudan gauza guzti horiek kontzertu batean kanpora botatzea terapia bat da. Jendeak musika horretarako erabiltzen du askotan: entretenitzeko eta zuloetatik ateratzeko.
Ibilbide luzean kantu ezagun asko izan dituzue, baina beharbada bik berebiziko sona hartu dute, asko entzun dira, eta baita zen-tzu jakin bat eman ere: 'Negua joan da ta' eta 'Kukutza'. Distantziatik nola sentitzen dituzue bi kantu horiek?
Negua joa da ta-ren kasuan plazera da edukitzea kantu bat zurea, maite duzun abesti bat eta abesti hori mundu guztira heltzea. Kontzertu baten jotzen dugunean ikusten dugu jendea nola zoratzen den, oraindik funtzionatzen du. Munduko beste puntako pertsona batek entzuten du, eta hunkitu egiten da ezer ulertu gabe. Hori pribilegio hutsa da. Guk asko disfrutatzen dugu abesti hori jotzen, ez gara nekatzen. Guk ere behar dugu kantu hori.
Kukutza ere bada zuzenekoetan beti presente dagoen abesti bat. Guk 10. urtemugarako egin genuen abesti hori, jai girorako, baina, azkenean, eraistearen ereserki gisa gelditu zen. Oso garrantzitsua izan da kantu hau guretzat, eta okupazio mugimenduaren baitan asko ibili da. Kukutza gaztetxearen eraistea izugarrizko kolpea izan zen mugimenduarentzat. Orain Kukutza zegoen tokian etxebizitza eraikina bukatzear daude, baina urte pila bat eman ditu lur zati horrek, hutsik, ezer gabe. Sekulako umiliazioa izan da auzoarentzat eta herriarentzat. Kukutzak mugitzen zuen kultura instituzioen kontrolpetik kanpo zegoen, eta horregatik bota zuten. Hor sekulako mugimendua zegoen, eta egun asko sakabanatu da Bilboko espazio ezberdinetara. Lehen dena zegoen bertan, Kukutzan, eta sekulakoa zen. Kolpe handia izan zen, baina guk amesten jarraituko dugu eta gure ametsak aurrera eramaten saiatuko gara.
Zuzenekoen bira hasia duzue dagoeneko. Nolakoa izaten ari da publikoaren harrera?
Pare bat kontzertu egin genituen froga modura, entrenamendu modura. Saiatzen gara beti lehen kontzertuak hasi orduko aurre-kontzertu batzuk egiten. Hasieran, disko bat egiten duzunean eta lokalean zaudenean dena daukazu argi, funtzionatzen du eta gustura zaude. Baina ez dakizu jendearen aurrean funtzionatuko ote duen, hori nahiko paranoia handia da. Lizarrako eta Ondarroako bi aurre-kontzertuetan kendu genuen paranoia hori. Beldur hori alboratu eta orain benetan disfrutatzen ari gara. Disko berria daukagu, pozik gaude egindako lanarekin eta zuzenean jo nahi dugu. Horretan gabiltza.