NORI saldu diote euskara batua?”. Galdera hori du oinarri Bertsolari aldizkariaren 116. zenbakiaren ale bereziaren izenburuak. Nori obraren abiapuntua ere horixe da: fikziozko mundu batean, euskara batuaren inguruko eskubide guztiak erosi eta patentatu ditu norbaitek, baita euskara zuzentasunez erabiltzen ez duten hiztun guztiei isunak eta zigorrak jar-tzea erabaki ere. Egoera horren aurrean, euskal kulturaren ordezkariek aukeratutako euskal literaturako detektibe bik euskara salbatzeko misio konplikatuari heldu beharko diote: euskara batua erosi duen hori identifikatu eta gelditu, alde batetik; eta bestetik, iraganera bidaiatu eta euskara batuaren sorrera agirian Creative Commons lizentzia txertatu, aurrerantzean horrelakorik berriro gertatu ez dadin.

Donald Trump AEBetako presidentearen merkatu librerako tratatuaren proposamenean topatu zuen inspirazioa Xabi Payak, Nori komikiaren tramaren egileak: “Duela hiru urte Trumpek Merkataritza Itun Transatlantikoa martxan jarri nahi izan zuenean, adituek Europa eta Ipar Amerikaren arteko merkatuak asko aldatuko zirela aipatzen zuten behin eta berriz, patenteak tarteko. Batzuk hemen eta beste ba-tzuk han... Nola kudeatu hori?”, gogoratu du Payak. Patenteen definizio posible horretan euskara batua sartu zitekeela pentsatu zuen kulturgileak: “1968tik aurrera giza talde batek zehaztutako kodea da euskara batua, gizaki batzuen jabetza eta autoritatea izan lezakeena. Pentsa norbaitek euskara batuaren gaineko eskubideak erosten dituela? Euskararen jabe bihurtuko litzateke? Ideiak puntu eroa dauka, baina eleberri grafiko, komiko eta satiriko baterako abiapuntu ona da”, uste du bizkaitarrak.

Euskararen jabetza kolokan Bada, burutapen ero hori gertatu egin da Nori-ren fikziozko munduan: euskara batuaren eskubide guztiak erosi ditu Eustzaina izeneko pertsonaiak. “Euskararen inguruan nolabaiteko autoritatea duten horien eskubideak erosi ditu Eus-tzainak, eta, hortik aurrera, pertsona honek erabaki dezake euskaraz zuzen egiten ez duenari ohartarazpena lehendabizi eta zigorra ondoren ezartzea. Alegia, une oro eta leku guztietan euskara zuzen erabiltzen dela zorrotz zaintzea izango da haren helburua”, azaldu du eleberri grafikoko tramaren idazleak. Jabetza berri honek Euskal Herria hankaz gora jar-tzeko duen arriskuaren aurrean, euskal kulturako ordezkari esanguratsu asko bilera sekretu batean elkartuko dira: “Horien artean Euskal Idazleen Elkarteko bere garaiko lehendakaria dago, Jasone Osoro, eta berari eskatuko diote euskal literaturako detektibe guztien artean bi aukeratu ditzala, euskara eta euskaldunak salbatzeko”, aurreratu du Payak.

Euskal literaturak sortu dituen detektibe guztiak bilatzen “indusketa lan handia” egin behar izan duela aitortu du kulturgileak, eta eginkizun horretan bidelagun izan ditu Xabier Mendiguren eta Josu Goikoetxea idazleak: “Ez da gure idazleek sortutako detektibeak bila-tzea bakarrik. Eleberrietan, askotan, ez zaie detektibe hauei irudi zehatzik jartzen eta hu-tsune horren aurrean joko moduko bat planteatu dugu: euskal herritar batek gaur egun telebistaren eraginez detektibeen inguruan izan ditzakeen klitxeak edo estereotipoak hartu eta euskal literaturak sortu dituenekin uztartu ditugu”. Gauzak horrela, gure literaturako detektibe guztiak batzen dituen bi orrialde osatu dituzte Nori-n, eta zerrenda luze horretatik Itxaro Bordaren liburuetan ageri den Amaia Ezpeldoi eta Hasier Etxeberriaren eleberrietako Damian Arruti detektibeak aukeratu ditu Payak. “Ezpeldoik Itxaro Bordaren itxura izango du eta Damian Arruti Hasier Etxeberriaren isla bizia izango da. Damian Arrutik, gainera, badu pertsonaia aberasten duen entomologoaren figura hori”, azaldu du bertsolariak.

historia soziala Eleberri grafikoak bi ildo narratibo nagusi ditu: euskara batuaren sorreraren hastapenetara detektibeek egiten duten bidaia, batetik; eta orainean Eustzainak Euskal Herrian euskara zorrotz eta akatsik gabea hedatzeko egiten dituen saiakerak, bestetik. Iraganera egindako bidaia horretan Resurreccion Maria de Azkue, Elbira Zipitria, Miguel Unamuno, Sabino Arana, Eusko Ikaskuntzaren sorrera, 1967ko Bertsolari Txapelketa edota euskara batuaren sorrerako Arantzazuko biltzarra ezagutuko dute Amaia Ezpeldoi eta Damian Urrutia detektibeek. Finean, azken ehun urteetako euskararen “historia soziala” biziko dute berriz: “Azken mendean euskarak edukitako gorabeherak zeintzuk izan diren eta batuaren ordez zer beste alternatiba planteatu izan ziren azaldu dizkiogu 2019ko euskaldun bati. Detektibeekin batera euskararen eta euskara batuaren historia soziala bisitatuko du irakurleak, oso modu barregarrian”, kontatu du tramagileak.

BIDEGURUTZEAN Lau bide posibleren arteko bidegurutzean irudikatu du Xabi Payak euskara, eta horietako bakoitza pertsonaia historiko batekin lotu du. Miguel Unamuno idazleak proposatutakoa da bide posibleen artean lehena, zuzenean euskarari uko egiteko proposamena, alegia: “Euskara bazterrean uzteko esaten zuen Unamunok, etorkizunik ez zuela eta hobe genuela gaztelaniaz egitea”, eman du jakitera Payak. Elbira Zipitria irakaslearekin irudikatu du getxoztarrak XX. mendeko euskararen bigarren bide posiblea: “Euskara naturala defendatzen zuen Zipitriak, hizkuntzari bere bidea egiten uztea, alegia. Nolabaiteko darwinismo linguistikoa aldarrikatzen zuen bere diskurtsoak, baturik sortu gabe aurrera egitea”.

Hirugarren bidegurutzerako Sabino Arana politikariaren euskara garbiaren ideia ekarri du Payak: “Maketerriko hiztunekin euskara zikintzen ari zela esaten zuen berak eta horren aurrean euskara garbia aldarrikatzen zuen. Sekulako arkeologia lana egin behar izan dut Sabino Aranaren euskara birsortzeko. Bilbon inauguratu zuten lehen Euzkeldun Batzokijaren irekierara joango dira detektibeak eta han euskara garbizale horren berri izango dute, enkante batean. Enkante hi-tza, noski, ez da liburuan ageri, Sabino Aranak ez baitzuen erdal kutsuko hitzik onartzen. Bere idazkiak eta hiztegiak aztertu ditut, eta esan nahi nuena adierazteko hitz baliokiderik aurkitu ez dudanean, asmatu egin ditut. Enkanteari erosaukeraekintza termino atxiki diot”, azaldu du kulturgileak. Bukatzeko, Gabriel Aresti idazlearen bidea planteatu du Payak, Arantzazuko biltzarreraino heldu zen euskara batuaren ereduarena, alegia.

Euskara zurruna Detektibeek atzera bidaia egin bitartean, orainaldian gertatzen ari direnak ere ikusiko ditu irakurleak. Eus-tzainak arauak zorroztu ditu eta ezin izango du inork hanka-sartzerik egin: “Matrix-en an-tzera, euskara batu zorrotz eta akatsik gabea izango da sistema, eta arau horiek onartzen ez dituztenak alternatiboak izango dira. Sistemak agindutakoa bete ezean, Eustzainaren figuran uniformatuko dira herritarrak, Matrixen Smith Agentearekin gertatu bezala”, argitu du bizkaitarrak.

Egoera horretan, euskal musikariak epaitegietara eraman ditu Payak: “Euskal talde askoren letretan akatsak daude: Zoro moduen maitatu ginen, adibidez, ez da zuzena. Zoro moduen maitatu genuen elkar izan behar du. Belarritik normal, jator eta euskaldun sartzen zaizkigun arren, esaldi asko eta asko daude horrela. Eleberrian horien inguruko gogoetak plazaratu ditugu modu barregarri batean, eta euskarazko talde askori egin diegu erreferentzia”.

Angel Alkainek, ETB1eko Wazenmank saioan Zalantza non, Euskaltzaindia han errepika-tzen zuen aktoreak gorpuztu du Eustzainaren pertsonaia: “Hasieran barregarri agertuko da, baina istorioan aurrera egin ahala robotiza-tzen joango da bere aurpegia, hedatzen duen euskara estandar, zurrun eta moldagaitzaren irudi”, azaldu du idazleak. Istorioaren orainaldian bada film ospetsuei eginiko beste keinurik: “Euskaltzainei euskaltzain izate hori kenduko zaie dekretu bidez, eurek ere ez baitituzte Euskaltzaindiaren arau guztiak betetzen. Haserretu egingo dira eta euren izaera defendituko dute Star Wars-eko Jedien antzera, ezpata laserrekin”, aurreratu du bertsolariak.

Identitatea hizpide “Euskara batuak identitatea kentzen al digu euskaldunoi?”, hausnartu du gidoigileak. “Kritika hori badago, baina batez ere horrela ulertzen duen jendeari zuzendua. Batua traje zurrun eta hertsi bat bezala ulertzen dugu askotan, eta hori sentiarazi nahi digute akaso: guk erosi dugula horrela, ezin dela zikindu, ezin dela aldatu? Eta aldiz, gaztelaniaz hitz egiten duen batek ez du arazorik behar duenean espainiera zikintzeko eta hala behar duenean garbitzeko. Bere hizkuntza traje ezberdin batekin atera dezake kalera egunero, eta guk, aldiz, ezin. Nork esan digu “angurria” “sandia” baino zuzenagoa dela? Etengabe ari gara pentsatzen zein den hitzik zuzenena, eta euskara gure egunerokotasunera moldatzea ahazten zaigu. Ez ote gara gehiegi tema-tzen hizkuntzaren zorroztasunarekin? Beste hiztun batzuek ez duten garbizaletasun konplexua sentitzen dugu maiz euskararekin”, uste du Payak. Hori da, hain zuzen ere, Nori-ren langaietako bat, “euskara batuarekin zer eta nori saldu dioten”. Bertsolariak, baina, argi utzi nahi izan du eleberri grafikoaren helburu nagusia “ondo pasatzea, eta barre egitea” dela.

Erronka grafikoa Aurrez ere elkarrekin lan eginak ziren Xabier Paya kulturgilea eta Patxi Gallego marrazkilaria. 2015. urtean kaleratu zuten Nork komiki liburua. Bertsolari-tza izan zen ordukoan liburuaren gai nagusia: lau detektibe jarri zituzten lanean, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalean, Andoni Egaña nork hil zuen argitzeko. Nori-n bezala, euskal kulturgintzari buruzko erreferentziaz eta keinuz bete zuten lan hura ere: “Euskaldunon eta euskal kulturaren iruditegi konpartitua aberastea da lan hauen helburua. Euskaldunok zer erreferente konpartitu izan behar ditugu? Oiongo, Oiartzungo, Zizur Txikiko eta Basauriko norbaitek zer konpartitu behar du, zer pertsonaia ezagutu behar du Euskal Herriko komunitate izaera indar-tzeko?”, galdetu du gidoigileak.

Bertsolari aldizkariarekin egin duten bigarren eleberri honetan, baina, estilo grafikoan aurrerapausoak ematea erabaki dute Payak eta Gallegok: “Lehen liburuan plano lausoak marraztu zituen Patxik: oso komikikoak, albokoak gehienak. Nori-n asko aldatu du hori: plano zenitalak, zabalak, gertukoak? erabili ditu. Finean, plano oso aberatsak”, azaldu du bizkaitarrak. Estilo aldetik ere, libre ibili da marrazkilari gipuzkoarra: Marvel komiki etxearen super heroien komikien estiloa batzuetan, Dragoi Bola komiki seriearen antzera beste batzuetan, eta baita estilo errealistan beste zenbaitetan. Ralf König marrazkilariaren estiloa hartu du gizonen arteko sexu eszenak irudikatzeko, eta ekfrasia teknika ere erabili izan du, historiako margolan ospetsuak komiki eszena bihurtuz. Payak dioenez, komikian surfa egin dezake irakurleak, istorioa orriz orri arin irakurriz; igeri ere egin dezake, orrialde bakoi-tzari tarte luzeago bat eskainiz, baina gidoigilearen ustez badago komikian urpekari bihur-tzerik ere: “Modalitate honetan denbora luzez ibili daiteke irakurlea orri bakoitzeko agertzen diren elementu eta erreferentzia guztiak arakatzen. Nori-n ez dago kasualitaterik”.