Bidaia koadernoa

Italiar sufia

Ekialde Hurbileko hainbat txokotan errotuta dagoen sufismoa edo “suaren erlijioa” modan dago Europan. Islamaren adar honek bizitzaren ikuspegi mistikoa bultzatzen du, baina ulertzen al dugu haren benetako mezua?

17.12.2019 | 14:55
Erromako derbitxeen eskolan dantza espiritualak ikasi eta sufismoaren erroak barneratzen dituzte gazte sufiek. Ane irazabal

Giovanni erlijio katolikoan hezi zuten. "Guraso sinestunak ditut eta igandero elizara joan ohi nin-tzen", dio irribarre batekin. Baina bizitzak hamaika bira ematen ditu eta Erromako gaztearen ikusmoldea errotik aldatu zen duela bost urte. "Egiptora bidaiatu nuen eta Kairon derbitxeen espektakulu bat ikustera eraman gintuzten. Liluratuta geratu nintzen. Dantzariak haien gorputzetatik at zeudela iruditu zitzaidan, alegia, haien pisu materialetik askatzea lortu zutela", kontatzen du. Danborren musika errepikakorrak txunditu egin zuen, eta dantzarien erritmoaz maitemindu zen.

Giovannik lehen aldiz ikusi zuen zirkuluan bueltak ematen dituzten mistikoen dantza. Abiadura desberdinak jarraituz eta musikak iraun bitartean, derbitxeek bueltak ematen dituzte besoak mugituz. "Zorabiatuta bezala sentitu nintzen, alegia, ni ere zirkulu horietan bueltaka egongo banintz bezala. Eta, bat-batean, trantze mistikoa sentitu nuen". Giovannik argi dauka momentu horrek bere bizitza aldatu zuela: "Turista guztiak derbitxeei argazkiak egiten ari ziren. Ez zuten momentuaren espiritualtasuna sentitzen. Nik haiengan finkatu nuen begirada. Ez zeuden zorabiatuta, estasi mistiko antzeko batean baizik".

ESPIRITUALTASUNA Erromara itzuli zenean, Giovannik sufien tarika edo kofradia batera batzea erabaki zuen. Gehienak islamera bihurtutako italiarrak ziren eta derbitxeen ohiturak mantentzen zituzten. Kofradia eskola mistiko antzeko bat da. "Haien bidez ezagutu dut sufismoaren espiritualtasuna. Oso pentsamendu askea da, bada, Jainkoaren eta gizakiaren arteko harreman zuzena bultzatzen du. Horretarako, ordea, beharrezkoa da ibilbide espiritual bat hastea. Batzuek dantzen bidez lortzen dute kontaktu hori. Beste askok, berriz, meditazioaren bidetik".

Denborarekin, Giovannik islamaren adar hori besarkatu eta Amin izen musulmana eskuratu du. Gazte italiarrak gogoratu du hasieran erabakiak apurketa bat ekarri zuela familiaren baitan: "Nire aitak ez zuen onartu. Katoliko bat musulman bihurtu? Harentzat salafistak eta jihadistak ziren guztiak. Baina denborarekin adiskidetu egin gara", azaldu du Aminek. "Nire familiak ulertu du sufismoa integralismotik harago doala, hau da, otoitzak eta Koranaren interpretazioak baino pisu handiagoa daukala gogoetak.

Sufismoak Islamaren bertsio esoterikoa islatzen du askorentzat. Erradikalenek Islametik at dagoela aldarrikatzen dute eta sufisten aurkako erasoak zabaldu egin dira Ekialde Hurbileko herrialde askotan. Aminek uste du horrek indartu egin dituela: "Gehien gustatzen zaidana da sufismoak ez duela fede itsua aldarrikatzen. Pentsamendu kritikoa zabaldu nahi du", irizten dio.

ESPEKTAKULUTIK HARAGO Erroman derbitxeen eskola handia dago. Gazte sufiek dantza espirituala ikasten dute eta sufismoaren erroak ezagutzen dituzte. Helburua da derbitxeen mistizismoa espektakulu hutsetik harago dagoela erakustea. "XI. mendetik datozen ohitura ida-tziak dira eta garbitasun pertsonala lortzea da gure xedea. Horretarako, Irakeko, Turkiako, Egiptoko... hainbat sufien tradizioak hartu dituzte oinarritzat". Amini irudi-tzen zaio ibilbidea ez dela batere erraza: "Ez da erraza sufismoaren maila gorenera iristea, baina zirkuluan bueltak ematean askatuta sentitzen naiz. Planetak eguzkiaren inguruan mugituko balira bezala sentitzen dut nire gorputza".

Aminek badaki sufismoa moda an-tzeko bat bihurtu dela Mendebaldean: "Gure belaunaldiko gazteak galdurik gaude. Lider politiko karismatikoak falta dira, mundua noraezean dago. Denek daukagu euskarri bat sentitzeko beharra". Hala, batzuek yoga egiten dute, beste batzuek terapia eta askok meditazioa". Halarik ere, sufismoa moda guztien gainetik dagoen bizitzeko modu bat dela dio Aminek: "Derbitxeak dantzari hutsak baino gehiago gara".