Azken urteotan ez da Euskal Herri osoan ipuin erotikoen generoa kontuan hartu duen lehiaketarik egon. Azkena Dimako Udalak antolatu zuen, 2015ean. Hura Dimako kalenturak lehiaketaren hirugarren edizioa izan zen eta harrezkero ez da berriro egin. Dimakoa baino lehen, Basauriko Euskarabila Elkarteak antolatu zuen urte luzez Ipuin Erotikoen Lehiaketa, baina hori ere 2012an amaitua zen.
Urteetan izandako hutsunea bete-tzeko asmoz jarri du aurten martxan Arratiako Zertu Kultur Elkarteak Kalenturak Ipuin Erotikoen Lehiaketa. “Arratian azpiegitura eta eskarmentua bagenuela ikusi genuen, gutako asko aurreko lehiaketa horietako antolatzaileak, idazleak eta epaimahaikideak izan baikara”, dio Alvaro Rabelli antolatzaileak. Hain zuzen ere, asko dira ipuin erotikoak landu edo lehiaketetatik pasa diren idazle arratiarrak: Alvaro Rabelli bera, Igor Estankona, Julen Gabiria, Rafa Ugalde, Janire Lopez, Zefe Ziarrusta edota Maite Arrizabalaga dira horietako ba-tzuk.
Idazle berriak plazara Kalenturak lehiaketaren helbururik behinena hurrengo idazle edota literatur zaleen belaunaldiei plazara irteteko beste tresna bat eskaintzea dela dio Rabellik: “Aurreko lehiaketek, batez ere Basaurikoak, horixe bete zuten, idazle eta irakurle berriak erakarri zituzten, gazteak bereziki. Euskal literaturak horren beharra dauka oraindik, sormena eta irakurzaletasuna euskaraz behin eta berriro sustatu behar ditugu”.
GENERO ERAKARGARRIA Zentzu horretan, ipuin erotikoen lehiaketak gazteentzat zein euskalduntzen den jende helduarentzat ere euskaraz zerbait erakargarria egiteko aukera eskaintzen duela uste du arratiarrak: “Erakargarria suerta-tzen da. Are gehiago, literatura generoen artean gogokoena da jende askorentzat. Irakurle asko ditu genero honek”, eman du jakitera Rabellik. Euskara normalizatzeko bidean ere halako lehiaketak egitea garrantzitsua dela gehitu du: “Ekarpen handia egiten dio lehiaketak euskarari, horren bidez hizkera erotiko-afektiboa, askorentzat euskaraz ezohikoa edo arrotza izan daitekeena, lantzen delako”.
Aurreko lehiaketetan sortutako harrobiak jarraipena izatea espero du idazle arratiarrak: “Belaunaldi berriek beren molde, ikuspegi eta kezkekin bete behar dute genero honek Euskal Herrian duen hutsunea. Erotismoak isla izan behar du literaturan, nahitaez. Gainera, euskal literatura erotikoa ez zaie guztiz arrotza egingo. Badago corpus bat, nolabaiteko tradizio txiki bat, beraz, aurrerapausoa emateko unea da orain, kalitatean eta sozializazioan, batez ere”.
Euskal Herri osoan Lehiaketak Arratiako Kalenturak izena badu ere, Euskal Herri osoko 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu dezakete bertan. Lanak bidaltzeko epea zabalik dago azaroaren 15era arte, eta sari banaketa Gabonetan izatea aurreikusten du Arratiako Kultur Elkarteak. Hiru sari banatuko dituzte: 600 euro ipuin onenari, 400 bigarrenari eta 250 euro Arratiako idazle onenari.