IPUIN batek atzetik dakar kontakizun bat, gertaera bat. Irakaspen bat ere badakar, eta harekin batera, sentsazioak eta emozioak bizitzeko aukera. Kontakizun tradizionaletik modernoetara egin daiteke jauzi, historian zehar bizi izan diren pasarteetatik inoiz gertatuko ez liratekeenetara. Pertsonaia ezberdinak ezagu-tzeko aukera ere ematen dute, haien bidelagun izatekoa. Horretarako, ahots bat izan ohi da nagusi, istorioa kontatzen duen narratzailearena.
Ane Gebara (Gasteiz, 1989) ipuin-kontalaria da. Irakasle ikasketak amaitzear zela ekin zion jardunari, eta hari horri tiraka jarraitzen du, ezin utzirik. Hark azaldu du ipuinak “era natural” batean kontatzen dituela, sentitu ere hala sentitzen dituelako. “Ipuinak bide ematen dit besteengana iristeko, hura da erdigunean dagoen bitartekaria”, dio Gebarak. Irakasle izateko ikasketak amaitzen ari zela, irakurzaletasunaren gaineko irakasgai bat izan zuen, eta Manu Lopez Rasini izan zuen irakasle. Tradizioa oinarri zuten ipuinen inguruko gaia hartu zuen azken lanaren gaitzat, eta horretan bidelagun izan zuen Lopez irakaslea. Gebarak dio istant horretan piztu zitzaiola istorioak kontatzen hasteko lehen txinparta; hortik aurrera, “ezjakintasunetik eta ausardia puntu batetik” hasi zen ipuin kontaketaren jardunean.
Azken lanean ikertu zituen ipuin tradizionalak, eta egun, horietako asko kontatzen jarraitzen du. Harriek kontatu didatena proiektua ere sortu zuen, Arabako istorio ezberdinez osatutako ipuinen bilduma bat, hain zuzen ere. “Badira milaka ipuin eta album, baina hainbeste urtez gure artean egon diren kontakizunek emozio berezi bat pizten didate”, azaldu du Gebarak. Eta gaineratu du kontakizun horiek atzean “gako” ugari dituztela; besteak beste, naturarekiko harremana edota gizakien beharretara egokitzen diren makina bat mezu. Halere, aitortu du denek ez dutela momentu guztietarako balio, eta beraz, aukeraketa egokia egitea garrantzitsua dela.
Halere, urteetan zehar ahoz-aho transmititu diren istorioak jasotzeak lan handia du atzetik. Gebarak azaldu duenez, horietako asko ezkutatuta bizi dira eta zaila izaten da berreskuratzea. Dena dela, nabarmendu du, behin horiek berreskuratutakoan, pozgarria izaten dela, oinarri politak izaten dituztelako. Horrez gain, gaineratu du egungo ipuinekin ere gauza bera gertatzen dela, eta beraz, zaila dela aukeraketa bat egitea. Horretarako, lehentasun batzuk ezarri ohi ditu: “Istorio bat aukeratzerako orduan, lehenengo eta behin, garrantzitsua da nire gustukoa izatea; ostean, erabakiko dut nori eta zein momentutan kontatu”. Finean, nabarmendu du posible dela ipuinak publikoaren zein testuinguruaren arabera aukeratzea zein egokitzea.
Istorioak, guztientzako Ipuinak haurren-tzako direla uste dugu, orokorrean, gure gizartean; eta, gehienetan, umeak izaten dira horien entzule nagusiak. Horren aurrean, ipuin kontalariak dio uste horiek deseraiki beharra dagoela, publiko heldua erakarri ahal izateko. Gainera, nabarmendu du istorio bat kontatzerako unean mundua gelditu egiten dela, eta beraz, helduen-tzako ere baliagarria suerta daitekeela ipuinak entzutea. “Ohitu behar gara ipuinak entzutera; finean, asko kontatzen dute eta, gainera, norberak bere interpretazioa egin dezake”. Hala, Gebararen aldarria argia da: helduek kontzientzia hartu behar dute, aldarrikatu behar da “umeen mundutik” harago ipuinek badutela indarra.
PUBLIKOA BEREGANATU Horretarako, ordea, publikoa bereganatzea ezinbestekoa dela aitortu du ipuin kontalariak. Haren esanetan, publikoko kide batzuk, izan ume edo heldu, hasieratik sar-tzen dira istorioan; beste batzuek, ordea, zailtasun gehiago izaten dituzte kontakizunean sar-tzeko. “Hori begiradan asko igartzen da; finean, begiradak diotsu ea istorioaren bide berean doazen edo beste leku batean dauden”, azaldu du. Eta gaineratu du begirada konplize horiek lor-tzea, “gozamena” izateaz gain, polita ere badela, publikoarekin bidaia hori partekatzea.
Hala, ipuin on batek bide on bat edukitzeaz gain, “bat-batekotasuna” ere eduki behar duela dio Gebarak: “Istorioak eduki behar du momentu bat zeinak zerbait aldatuko duen; finean, zerbait desberdin izatea etxetik irteterakoan eta bueltan iristerakoan”. Ipuin kontalariak nabarmendu du bide horretan publikoa bereganatuz gero eta haiek gozatuz gero, harro sentitzeko modukoa dela. Izan irakaspen, emozio edo sentsazio, ipuinek badute zer eskaini, zer transmititu. “Ipuinek badituzte irakaspen ugari, baina ez ditugu ikasteko kontatzen, baizik eta, bizitzeko. Hori da garrantzitsuena”.