Zazpi bekatu kapital eta zazpi kontrapuntu. Hamalau pista gizartearen kritika sakona egin eta ikuspuntu berri bat eskaintzeko. Hala ondu du Nizuri Tazuneri musika taldeak Zazpi diskoa. 2014an jaio zen Nizuri Tazuneri, Unai Neira Norzzone-k eta Estefania Beneyto Fani-k osatzen duten bikoa, eta ordutik trap musika eta euren mezua zabaltzen ari dira Euskal Herriko plazetan barrena. Japanesence (2014) izan zen euren lehenengo maketa eta 2017an Musika ala hil grabatu zuten Hernaniko Molotoff irratiko kideekin.
Badago istoriorik Nizuri Tazuneri izenaren atzean?
Esaten ziguten rapak euskaraz txinatarra ematen zuela, eta guk ezetz, asko jota japoniera ematen duela. Hor hasi ginen hitz eta doinuen joko horretan eta izena Nizuri Tazuneri jarri genuen, azken finean, bizitza hori baita, nik zuri eta zuk niri, bestela akabo.
Euskararen aldarrikapena erdigunean izan duzue hasieratik.
Gure jaiotza, idazle edo rap kantari gisa, gaztelaniaz izan zen. Ni Bartzelonan nengoen eta Fani Altzan. Ikusten genuen euskaraz hutsune itzela zegoela eta, horrez gain, rapa euskaraz egitearekiko mespretxua ere bazela. Euskaldun bezala, hori ezin genuen onartu, izan ere, gure apustua gure kultura da eta euskaldunak garen heinean gurea defendatzea. “Euskara edo ez gara”. Jende askok esaten digu ea nola ez dugun gaztelaniaz abesten, ateak ixten ari garela. Guk argi dugu ordea: ireki behar dugun lehenengo atea barrukoa da, eta hortik kanpora atera.
Euskara eta erdara nahasten dituzue zuen abestietan. Hizkuntza bietan sortzen duzue naturaltasunez?
Gure hizkuntza errealitatea horrelakoa da. Donostian bizi gara eta gaztelania zein euskara erabiltzen dugu egunerokoan. Ikuspuntu erreala ematen saiatzen gara. Askotan ibiltzen gara euskaratik erdarara saltoka, guk brometan euskerdara dei-tzen diogu, hau da, euskara beste hizkuntzekin nahastea.
‘Zazpi’ duzue lan berria eta bekatu kapitalak izan dituzue ardatz. Nondik abiatu zarete bekatuak zuen lanera ekartzeko?
Lan kontzeptual bat egin nahi genuen, eta pentsatu genuen zazpi bekatu kapitalak gizakiarekin doazela, egunero eta edonon ikusten baititugu. Txanponaren bi alde horiek, bai bekatua eta bai bere kontrakoa, beste ikuspuntu batzuk. Gizarteari kritika sakona egin diogu, gizarte horren barruan gure burua ere kokatuz, jakina. Gu ere bagaudelako saltsa horretan, olatu baten tantak gara eta ez da hain erraza olatutik kanpo ibiltzea.
Azalean Greco margolariaren lan baten berreraikitzea egin duzue. Zer dela-eta aukeratu duzue irudi hori?
Errenazimentura jo genuen. Euskal Herrian aro berri batean gaudenez, gonbidapen bat egiten dugu, ez bakarrik gazteei, baizik eta euskaldun guztiei, esanez euskara zentzu guztietan ireki behar dugula, hori baita euskaldun egiten gaituen gauza bakarra. Nola birkokatu gizarte honetan euskaldun bezala? Nola ireki mundura? Pentsatu genuen berpizkunde berrian gaudela eta atera behar garela zulo horretatik, atzoko gauzak ahaztu gabe, baina berri-tzaile bihurtzen. Iraungiak zeuden kodeak erabili zerbait berritzailea sortzeko, atzean uzteko nondik datozen baina hori ahaztu gabe.
Egun, oso boladan dagoen estiloa da trapa, baina euskaraz entzutea ez da ohikoena. Badaude taldeak
Talde batzuk badaude, baina ez dugu ikusten Euskal Herrian mugimendu bat dagoenik. Beti egiten dugu konparazio berdina, orain dela 50-60 urte, rocka Euskal Herrian zabaltzen hasi zenean, gazte euskaldun bat trikitixa edo panderoarekin beharrean eskuan gitarra batekin ikustea arraroa zen. Pixkanaka jendeak rocka bere bizitzan sartu zuen, eta begira zelako indarra izan duen, herrigintza bezala, negozio bezala?
Beraz, urteak pasata trapa normalizatu egingo dela uste duzue, beste musika estilo batzuekin gertatu izan ohi den bezala?
Dudarik gabe. Egun jai batzordeek egitarauak nola antolatzen dituzten ikustea besterik ez dago. Lehen rocka zen nagusi, baina orain txosna guneetan beti dago lekua elektronikarentzako, sound system-aren kontzeptuarentzako? Naturaltasunez, herri honek soinu ezberdinak hartuko ditu beragan, ez da arraroa izango euskaldunak trapa egiten en-tzutea. Zergatik ez dute egingo ba?
Aipatzen zenuen trapa bera jada ez dela iraultzailea, sistemak bereganatu duelako, nolabait; zuek beste ikuspegi edo mezu bat ematen saiatzen zarete?
Guretzat trapa ez da iraultzailea, ez. Sistemak hartzen badu mugimendu musikal bat eta bizkarrezurra apur-tzen badio dirua ateratzeko, ez da iraultzailea, sistemaren barnean erabiltzen den lan-tresna bat da. Gainera, guk babesten ez dugun gizarte eredu bat. Brometan esan genuen iraultzailea zela trapa euskaraz egitea eta, gainera, gizarte eredu bat salatuz. Egia da trapa testuinguru jakin batean sortu zela, baina azkenean, hori desagertu egiten da eta nahi duenak nahi duen filosofia sar-tzen dio letren bidez.
Taupakarekin argitaratu duzue diskoa, eta osorik deskargatzeko aukera ere jarri duzue.
Jendeak deskargatu egingo du era batean edo bestean eta nahiago dugu guk jarri esteka bat soinu onarekin eta hortik hartzea. Bestela, salgai dago fisikoan zein Bandcamp plataformaren bidez.