Emakume aitzindariak edo sortzaileak ezkutatu egin dituzte, ez ikusiarena egin zaie edo gizonezko sortzaileen itzalera kondenatu dituzte; gainera, gizon horiei egotzi zaizkie emakumeen lorpenak”. Hori uste du Irantzu Lekue artistak. Gaur egun, mundu garaikide honetan, gauzak zein punturaino aldatu ote diren galde egiten dio bere buruari Lekuek: “Kristalezko sabaiaren ondorioz, emakumeok zail dugu erreferente izan ditzakegun beste emakumezko batzuk ezagu-tzea, eta are gehiago, egungo kultura batzuetan ezagutza eta hezkuntza jasotzeko zailtasunak ere badituzte, gurean iraganean gertatzen zen bezala. Hainbeste aldatu al dira gauzak?”.
Egoera hori mundu maila eta jendarte garatuetan ere ematen dela dio Lekuek eta hori da, hain zuzen ere, ‘#FemRights’ erakusketaren bidez mahai-gaineratu nahi izan dutena. “Giza Eskubideen Europa honetan, emakumeok gutxiago kobratzen dugu oraindik ere, eta datu hau ezkutatzen saiatzen dira, Nafarroako Enpresaburuen Elkargoko Presidenteak oraintsu egin duen bezala; oraindik nahi bezala akabatzen gaituzte, Laura Luelmoren kasua ikusi besterik ez dago; edo Gasteizen gertatu den bezala, 24 ordutan hiru gizon atxilotu dituzte emakumeak jipoitzeagatik”.
Horri guztiari itzulpen eta esanahi artistikoa eman nahi izan dio Lekuek. “Eta, nola ez, emakumeen izaeraren eraikuntzan eragiten duten faktoreen aniztasunaren gainean kontzientzia sortu nahi izan dugu erakusketa honekin”.