BBETI berandu gabiltzala lirudikeen arren, inoiz ez da berandu Marguerite Duras (Saigon inguruan, Indotxina, egun Vietnam, 1914 -Paris, 1996) eskuratzeko, berreskuratzeko, maitatzeko edo, aukeran, gorrotatzeko. Haren estilo narratiboa, ahots eta denbora narratiboen jauzi esperimentalak ardatz, ezinbestekoa baita XX. mendeko literaturaren garapena “endelegatu” ahal izateko. 1984 urtean argitara emandako Maitalea (Elkar, 2018) eleberri labur eta berantiar honek berehala lortu zuen Frantziako Goncourt saria, orduan egun baino esanguratsuagoa.

Amaren handigura eta buru kaskarinaren eraginez, inoiz etekinik emango ez dituzten lursailetan xahutu baitzituen aurrezki guztiak, Duras gaztearen familia miseriaren mugetan bizi da Indotxinan. Amaren itzaletik edozelan ihes egiteko, nerabea gorputza eta arima erabiltzeko prest agertuko da, betiere desioaren esanetara. Lehen begiratuan plazeraren bilaketa amaigabearen kronika baten aurrean gaudela dirudi. Alta bada, Durasek urteetan landutako talentuak eta pentsamendu sinkopatuak soka luzeagoa du, memoriaren zirrikituetan murgildu ahal izateko distantzia etiko eta estetiko baten aldarrikapena baita honako lan hau. Linealtasunaren atzaparretatik ihesi, Frantziako kolonia ohian, familia zurikoa izan arren, sufrimenduan barna Durasek eman zituen iniziazio urteak ditu hizpide, lehen pertsona zein hirugarrena profitatuz, alta, xede nagusia literatura egitea du. Duras idazlea da gauza guztien gainetik.

Kaleidoskopio apetatsu baten ikuspuntua erabilita, aipatu denbora jauziak uztartuz paragrafo-eszena laburretan hartzen du forma narrazioak. Bertan ezagutuko du maitale txinatar diruduna bera baino dexente helduagoa, zeinek menpeko maitasun erotiko kasik sadikoaren sareetan erortzeaz bat, diruaren bidez “erosi” nahiko baitu indeferentzia besterik eskainiko ez dion familia aseezina. Nobelaren gainean J.J. Annaud-ek 1992an “perpetratu” zuen film “erotikoa” ikusteko zorigaitza izan genuenok, Durasen nobelak duen elementurik ahulenaz jabetu ginen, erotismo merkean erortzeko saiakeraren hutsaltasuna. Hartara, ez zen harritzeko Durasek berak filmaren gidoia eta egokitzapena gustuko ez izatea eta L’amant de la Chine du Nord testu sakonagoa paratzea, eranskin gisa.

Mikel Garmendiaren itzulpen ederrean, Rosa de Diegoren hitzaurre neurtuaz batera, Literatura Unibertsala Bilduman Ibaizabalek 1996an argitara emaniko Maitalea berriro ekarri digu Elkarrek, zuzendua eta gaurkotua. Norbaitek galde lezake zertara datorren orain berrargitalpen hau? Argitaletxeen bideak asmaezinak dira, antza denez bilduma horretako lehen 100etatik hogei gaurkotuko dituzte. Irakurleok eskertu egingo dugu literatura handiaren onuran.

“Horretaz jabetzen naiz batzuetan: gauzak oro elkar nahastekatuz ezerezaren eta haizearen alde egitea ez den ber, idaztea ez da deus ere”, aurkakoa adierazi arren, Durasen-tzat idaztea oro zen. Baina gauza guztien gainetik, estiloa pasioz lantzea. Dena baita estiloa.