Luis Berrizbeitiak ederto baino hobeto ekarritako Alexis Zorbaren hitzak eta egintzak iragan urtearen hondarretan argia ikusitako nobela dugu. Tractatus estetiko-filosofiko goren hau euskaraz ikusteak harriduraz hartu ninduen lehendabizi. Zertara zetorren partidaren altuera honetan Kazantzakis ia ahaztua gurera ekartzea? Ez al zeuden obra inportanteagorik oraindik euskaraz argia ikusi gabeak? Denok genuen gogoan Anthony Quinn mexikarraren Zorbak dantzatu galeraren aurreko azken zirtakia, lar azalekoa eta folklorekeriaz betea. Filmak ezin izan zuen nobelaren altuera erdietsi. Kazantzakisen artefaktu literarioa geruza narratibo ezberdinez eraiki artelana baita. Inongo filmak ezingo zukeen liburuak ibilitako bide ani-tzak jorratu. Bizitzaren eta pentsamenduaren arteko borroka, txinpartaz betetako elkarrizketen bidez, non bizitzak aise irabazten baituen.

Nobela bati eska dakiokeen oro du Zorbak, handinahirik gabe zizelkatu estiloaz gain, existentzia idealizatu baten joan-etorrian errotu eszena kilikagarriak, metaforak, naturaz eraikitako poesia, irakasgai filosofikoak (Nietzsche-ren super-gizona gogoan), gerren kontrako eta sexuaren aldeko diatribak eta ekintzaren gorazarre etengabea. “Hasieran ekintza izan zen, eta azkenean ere bai”. Horrela bada, Kazantzakisen alter-egoa izan litekeen gizon batek (harriduraz hartuko du apika irakurleak nobela idatzitako garaian berdin irakurtzen zituela Danteren Jainkotiar Komedia-z gain, Budaren bizitzako pasarteak), Zorbaren bizi-tza kaotikoan murgiltzeko erabakia hartuko du, Kretako hegoaldean lignitozko meategi bat zabaltzeko xedez, nobelako mcguffin handiena.

Hortaz, liburuen artean galdutako bizitzaz jabetuko da nobelaren ahotsa, bizirik izatearen balioaz hausnartuko, Zorbaren eta Kretako naturaren eskutik. “-Hik zer esango duk baina? -begiradaz ni haztatuz-. Ageri denez, Berorren Mesedea ez da egundaino gose izan, ez du behin ere inor hil, ez du ostu, ez da inoren emaztearekin etzan. Zer jakingo duk hik bizitzaz?”

Horrez gain, garai hartan oso errotuta zeuden zenbait gaien gaineko pentsamendua eraldatuko du Kazantzakisek, hala nola, gerra edota aberria, Balkanetako gudetan jasan sarraskiak gogoan. Zorbak aitortu arren bere bizitzako egunik zoriontsuena Kretak libertatea eskuratu zuen egun ahantzia izan zela -lehen bakezaletzat jo dezakegu, izan ere-, bulgariarren edo turkiarren kontra egin sarraskien berri krudelki eman ondoren Zorbak aberriaz askatua sentituko du bere burua, gizaki ororen gaineko enpatia hedatuz.

Zenbaitzuk misoginia leporatu diote Kristoren azken tentaldia ere idatzi zuen Kazantzakisi, nagusiki Zorbaren pertsonaian haragiztatua. Puntu batean arrazoi izan arren, horrelako kasuetan testuinguru historikoa eta pertsonaiaren ezaugarriak kontuan hartzea komenigarria izan ohi da. Zorbak bizitzak eskaini gozamen guztiak ditu xede, eta esanguratsua da oso Kretan galdutako eta bizitza libertinoa izan duen Hortenseri dion miresmena eta atxikimendua, herriko gainerako biztanleek ez bezala. “So egiok izarren ibiliari herori ere haiekin batera bahebil bezala...”, Marco Aurelioren aipua profitatuko du egileak bizitzaren xedea maisuki laburbiltzeko.