Dida, Tica eta Maria zuhaitz baten itzalpean daude, arratsaldea pasa-tzen, Errumaniako Zimnicele herrian. Zerbaiten esperoan bezala daude, baina ez da ezer gertatzen. Ezta inor agertzen ere. Ekainaren erdialdean gaude, oraindik okerrena ez da heldu. Hala ere, egun batzuetan 37 graduko tenperatura itogarria izan dugu ordu beroenetan. Gizonezkoek, kapelaren bidez eusten diote beroari; emakumezkoek, aldiz, marrazkidun zapiez babesten dira. Azken udak bereziki gogorrak izan dira. Hilabete honetan bost pertsona hil dira herrialde osoan, beroaren ondorioz. Azken bi udetan 70 urtetako tenperatura maximoen errekorra gainditu da. Herri hau kale bakarrak gurutza-tzen du, alderik alde zeharkatzen duen errepide bat, eta ordu honetan ez dabil inortxo ere.
Nire buruan urak hartutako erriberak, brisara freskoa eta Danubioko arrantzale herriak nituen irudikatuta, baina irudi hori berehala desegin zen. Hemen ez dago horrelakorik. Danubio ibai zabalaren ertzean -Europako ur autopista- eta beste ibaiadar eta meandro batzuen ondoan egonagatik ere, hala nola Olt edo Borcea ibaiak, Constanzatik, itsaso Beltzaren ertzean, Calarasi, Oltenita eta Giurgiuraino, Baraganeko estepa zabaltzen da. Lur lau, latz eta antzua. 500 kilometroko lautada batean gaude, neguan zero azpiko 20 gradutan izoztu eta uda sasoian bero-boladen mendean erretzen dena.
Horrela izanik, errumaniar harrituek behin eta berriro egiten digute galdera bera: “Baina, zergatik zatozte hona? Norantz zoazte?”. Zalan-tzarik gabe, ez da ibilbiderik turistikoena. Baragan eremua eta gertuko lurraldeak Errumania osoko leku pobre eta abandonatuenak dira. Amaierarik gabeko paisaia lau eta lehorra. Zikoinak eta kardulatzak, Artasoro eta ekilore itsasoak baino ez dira ikusten.
Bigarren mailako bide batetik, lasai-lasai, Bebe jauna, 57 urtekoa, eta bere alaba Lorena, 7 urtekoa, agertu dira. Beren gurdira igota aurkitu ditugu, Rast herritik gertu. Gurekin barre algaraka egon arren, argazkirako serio agertu nahi izan du Bebe jaunak. Espainian egon zen hainbat hilabetez lanean, mendi inguruetan. Baina ez du ia gaztelaniaz hitz egiten. Beste hiru seme-alaba ditu. Orain, Baragango zelaietan barrena dabil, alabarekin. Bere bizimoduak ez du desberdintasun handirik duela mende bat hemenbizi ziren baserritarrenaren aldean.
1928an, Panait Istrati idazle errumaniarrak honela deskribatzen zuen Europako erdialdeko estepa hau, Loscardos del Baragánnobela ederrean: Zapalduei eta pobreen arteko borondateari; baztertuen arteko laguntasun eta maitasunari egindako omenaldia, Matakéren bidaiaren kontakizunean islatuta geratu zena. XX. mendearen hasieran bere aitarekin gurdian doan mutiko alai eta ameslari baten ametsa, haizeak gogor astindutako lautada honetan bizimodua egiteko asmoz; gosearen, muturreko pobreziaren, kazikeen eta bertako jauntxoen mende.
Horrela deskribatu zuen Panait Istrati idazleak: “Baragan bakartia. Zuhaitzik bat ere gabe. Putzu batetik bestera joan bitartean, egarriz hil zintezke. Gosearen aurka ere ez zaitu babestuko. Baina bi sentsazio horiek mendean hartu bazaituzte eta Jainkoarekin bakarka egon nahi baduzu, zoaz Baraganera: Jaunak leku hori eman digu, errumaniarrek lasai amets egiteko?”.
Eta hala da. Eta tartean, ez zuhai-tzik, ezta itzalik ere. Bidean herrixka eta hiriak noizean behin, elkarren oso antzekoak. “Errumaniako Siberia” deitu izan zaio eremu honi. Diktadura sasoian hona erbesteratu zituzten milaka errumaniar, lan behartuetan aritzera. Horietako askok eraiki zituzten errepide, zubi eta sobietar auzo apur hauek ere, zementu grisezko bloke erraldoiak. Espaloietan orban gorriak daude, odol tanten modukoak. Erori eta lurraren kontra zanpatzen diren basa gereziak dira. Inguruan, mahats-parrak eta pikondoak.
BESO ZABALIK Baragan esker txarreko lurra izango da, baina bertakoak ez dira horrelakoak. Oso esker oneko jendea da. Eta gu ere bai. Elenak meloi bat oparitu digu, Adrianek gazta; etxe batetik igaro eta agurtuta, tomate batzuk jaso ditugu. Baragan txiro honetatik ibili garen bitartean ez dugu ezeren falta izan. Arraroa izan da bertakoren batek zerbait eskaini ez digun eguna, dela ura, fruta pixka bat edo etxeko itzalean esertzeko gonbita. “Multzumesc” esaten dute, eskerrik asko, haien hizkuntzan. Eta paradoxa badirudi ere, lurralde honetan eskerrak emateko ohitura handia dago; karduak edo haizea bezain elementu adierazgarri eta bertakoa da eskerrak ematea. Bostehun kilometroko eremua deskribatzeko, bi hitz. Uda mina eta multzumesc. Hizkuntza ere paisaia da.