AnaiA bi hiri txiki batera asteburu pasa abiatzen direnean hasten da istorioa. Bietako batek, hoteleko leihotik at, pertsona baten itzala ikusiko du, kalearen bestaldeko etxe batean. Pertsona ezezagun horri buruz gehiago jakin nahian, hainbat erabaki hartuko ditu; beren ondorioak izango dituzten erabakiak. Horixe da Jon Ariza de Miguelek idatzitako Haizeari begira eleberriaren gakoa. Egileak azaldu legez, “ekitearen edo ez ekitearen arteko barne borroka” pizten zaio protagonistari. “Erabaki eta erabakiok erakarritako ondorioen elkarkatetzea da muina istorio honetan”, zehaztu du idazle portugaletetarrak.
Debutean bakardadearen inguruan jardun bazen, Haizeari begira nobela plazaratu berrian ekintzaren eta kontenplazioaren arteko dileman murgildu da Ariza de Miguel. Ekin-tzaren eta kontenplazioaren arteko dilemak, eta erabakiak hartzerakoan gizakiak izaten dituen zailtasunak islatu nahi izan ditu; erabakiak har-tzeko prozesua bera eta bertan sor-tzen diren zalantzak eta aukera ezberdinak. “Hautua, azken batean: zerbait lortuko dugula sinetsita, ekitea, nahi ez duguna jasotzeko arriskuarekin; ala ez ekin, eta, errealitatearen atsegin ez ziur eta balizkoen aurrean, imajinazio ahalguztidunaren irudietatik atsegina lortzeko gaitasuna aukeratzea”, azaldu du egileak.
Aukeratzeko behar hori edonori suertatu dakiokeela uste du idazle bizkaitarrak. “Istorio sinesgarria da, gertagarria, denok ezagutzen dugu baldintza antzekoetan modu parekoan jardungo zukeen norbait, gu geu horrelakoak ez bagara, behintzat”.
IZENIK GABEKOAK Bigarren eleberri honetan, lehenengoan bezalaxe, protagonistek ez dute izenik, horretarako beharrik ez baitu ikusi De Miguelek. Izan ere, bere iritziz, kanpoko itxura bezala, “norberak aukeratzen ez duen zerbait” dira izenak. “Liburu honek barne-gertakizunak ditu ardatz nagusi, nahiz eta barne-gertakizun hauek kanpo-gertakizunek eragindakoak diren. Protagonisten kanpo-ezaugarriek ez dute zereginik hemen, istorioa baldintzatzen ez dutelako”, azaldu du. Gainera, pertsonaien izenak edota ezaugarri fisikoak ezagutzeak irakurlearen arreta “desbideratu” dezaketela uste du egileak. “Pertsonaia Josu bada, irakurleak agian Josu den lagun bat dauka eta, bere gogoan, irudi horrekin nahas dezake protagonista”, azaldu du De Miguelek. Hala ere, irakurlea pertsonaiarekin identifikatzeak ez duela horrenbesteko garrantzia ere azpimarratu du. “Pertsonaiak interesgarria behar du izan, eta gu bezalakoa izan gabe ere interesgarria izan daiteke”.
Leihoan agertuko den emakumearen itzala ez da liburuko pertsonaia bat, baizik eta emakumearen eta gizonaren arteko lotunea, egilearen esanetan. “Pertsonaien zeregina istorio baten garapenean elkarrekin eragitea da, billarreko bolak bailiran, nolabait. Eragile hauetako batek itzala izatea dauka, jakina, itzala besteengan eragiteko ahalmena duen heinean, erreakzioak sorraraziz. Baina ez da protagonista bat, bi protagonisten artean argibideak elkartrukatzeko bideetako bat baizik”, argitu du egile bizkaitarrak.
KONTATZEKO ASMOZ Ariza De Miguelek orain arte idatzi dituen bi liburuen sorkuntza prozesuaren aldetik ezberdintasun ikaragarria dago. Alde batetik, iaz argitaratutako Ohe hotzak eleberria berarentzat idatzita zegoelako, ez besteentzako. “Kasualitate hutsa izan zen gerora lagun baten bitartez argitaletxe baterainoko bidea topatu izana zirriborro hark”, gogoratu du. Aldiz, Haizeari begira liburua istorio bat kontatzeko asmo argiarekin idatzi du, bukaerako formak eta istorioaren beraren egitura zelakoak izango ziren ezagututa. Lehenengo liburuko informazioa jasotzen hasi zenean, ostera, De Miguelek oraindik ez zeukan idazteko asmorik. “Denbora epe batez gertakizunak, elkarrizketak, anekdotak, uneak eta argazkiak jasotzen jardun nuen zigarro kaxa batean, apaingarri-aleak edo perlak bailiran. Beteta zegoenean, iduneko bat egitea otu zitzaidan, harritxo horiek guztiak lotuko zituen hari bat asmatuz”, gogorarazi du idazleak. Hortaz, berezko sorkuntza prozesua ez duela uste du De Miguelek. “Pentsatzen dut idaztea beti ez ote den esperimentatzea”, gaineratu du, zalantzati.
Idatzitakoa argitaratua izateak ematen dion plazera ez du ukatzen De Miguelek, baina ez da ezinbesteko plazera berarentzat, beste plazer iturburu asko ere badu bizitzan. “Plazer-autarkia ez da oso komenigarria. Idaztea, ezer baino lehen, nire barruan hazi eta garatzen diren pentsamenduei irteera emateko baliabidea da, baita ekoizteko grinari emandako erantzuna ere”.