Sentipen eta bizipenez beteriko diskoa osatu du Iratxe Mugirek (Barakaldo, 1984). Bere bide pertsonalaren zati bat da La piel transparente, hiru urteko lanaren emaitza den diskoa. Abeslariaren esanetan, “astiro eta maitasun handiz” egindako lana da, sorkuntzatik ekoizpeneraino. “Uste dut hori nabarmentzen dela azken emaitzan”. Poesia eta musika eskutik doaz abesti bakoi-tzean, emozioak astintzen. “Arima eta bihotzarekin idazten ditut abestiak, nire bidearen zati bat dago disko honetan”, aitortu du.
Mugirek gitarrarekin konposatzen ditu bere abestiak. “Gehienetan hi-tzak eta musika batera sortzen ditut; beste batzuetan, berriz, poesia edo baita prosa batetik hasita musika sortzen dut”, azaldu du. Hamabi urte zituela hasi zen abestiak idazten eta ordutik ez da gelditu. “Zerbait esateko dudanean idazten dut, zerbaitek nire barruan kanpora ateratzeko indarra egiten duenean”, zehaztu du musikari barakaldarrak. Prozesu horretan bere ahotsak garrantzi handia daukala dio, bere istorioak islatzerakoan hitzak (ahotsak berak) eta melodiak bat egiten badute ere. “Ez da kasualitatea esaldi konkretu bati ematen diodan melodia edota hitz horiek kantatzeko modua. Nire ahotsean nire arima agertzen dut”, kontatu du.
Mugireren diskoan abestiak hiru hizkuntzatan topa daitezke: euskaraz, gaztelaniaz eta galegoz. “Idazten dudan abesti bakoitzak nire bizi-tzako momentu edo bizipen batez hitz egiten du, eta eguneroko bizi-tzan elebiduna naizenez, momentu berezi horrek hizkuntza bat dauka”, azaldu du abeslariak.
La piel transparente diskoaren helburu nagusia bere buruarekikoa dela nabarmendu du Mugirek. “Aspaldiko abestiei zor nien grabaketa. Disko honekin kapitulu bat itxi dut eta berri bati bidea ireki diot”. Izan ere, hau da Mugirek grabatu duen lehen diskoa, duela hamabost urte ekoiztutako maketa salbu. “Beste lasaitasun eta heldutasun batez interpretatzen ditut orain abestiak, bai musikalki, bai poetikoki, bai bizi esperientzian, orainetik begiratuta bizitzako iragana egunez egun beste era batean interpreta-tzen dugun bezala”.
Bihotzera heldu nahian Jendearen bihotzera heltzen denean sentitzen du Mugirek bere musikak bere funtzioa bete duela. Izan ere, horixe da diskoaren bigarren helburua: jendearengana heltzea. “Nire-tzako oparia da jendearen aurpegiak eta emozioak ikustea, jendearen istorioak jasotzea lan hau barrura heltzen zaienean”. Abenduan hasi zen azaro bukaeran erditutako diskoa zuzenean eskaintzen, eta ordutik momentu goxoak bizi izan dituela azaldu du. “Taula gainean jendearekin topo egiten duzu aurrez aurre. Hori da benetan zure istorioak kontatzeko momentua; magia gerta-tzen denean, oso ederra izaten da”.
Mugireren ustez, baina, badira musikaren sorkuntzan magikoak diren bestelako uneak ere; esaterako, konposaketaren lehenengo pausuak. “Abestien jaiotza ere ederra da. Etxean bakarrik hasten naiz, gitarra, boligrafo eta paperekin. Barne prozesu hori oso indartsua eta berezia izaten da”, kontatu du. Estudioko lana, ordea, gogorra izan daitekeela ziurtatu du. “Disko akustiko bat grabatzea ez da erraza; gainera, harrapatzen zaitu, intentsitate handiko lana da. Estudioan emozio guztiak ateratzen dira kanpora”.
Pedro de la Osa gitarra-jotzailearekin hasi zen Iratxe Mugire bere lehen diskoa grabatzen. Gainera, estudiora sartu zirenean, Ibon Larruzea soinu ingeniaria taldeko hirugarren partaide bilakatu zen. “Ibonek oso ondo ulertu zuen disko honek behar zuen soinua: garbia, biluzia eta kalitate handikoa”. Taldekide guztien soinuak bat egitea zen estudioko lanaren helburu nagusienetariko bat. Hala, gitarra biak eta bere ahotsa orkestra txiki eta konpaktu bat bihurtu direla azpimarratu du abeslariak. Josu Korkostegi Parabellum taldeko kidea eta Xabi Fernandez Sexpeares-ekoa Hemeretzi primadera rock abestian bidelagun izatea ere nabarmendu du barakaldarrak.
Bihar, 19:00etan, Donostiako Doka aretoan arituko da zuzenean Iratxe Mugire. Doako emanaldia izango da. Datozen asteetan kontzertuekin jarraituko du: Barakaldoko Antzokian (hilak 14), Durangoko Plateruenan (hilak 19) eta Irurtzuneko Piku-xarren (hilak 20) bere kantuez goza-tzeko aukera izango da.