Bilboko Sanfrancis inguruan, Vulk taldeko Julenek (gitarra) arte estudio baten alokairua konpartitzen du Arte Ederretako beste ikaskide ohiekin batera. Bertan egin dugu hitzordua Andoni (ahotsa, gitarra) eta Albertorekin (baxua). Chavi (bateria) falta da. Aretoari artea dario. Apurtzailea eta eraikitzailea den arte mota hori. Oniritzi publikoa eta besarkada popularra maiz jasotzen ez dituena, alegia. “Disolbatzailea da”, erlatibizatzen du irribarrez Julenek. Talde bilbotarrak Beat Kamerlanden bere lehen LPa argitaratu berri du, demo bat eta No longer great deal izeneko EPa kaleratu ostean. Aipatu albumak Donostiako DabaDaba aretoak berriki sortu duen zigilupean (Elsa Records) ikusi du argia, etxeak fitxatu duen lehen taldea bilakatu delarik Vulk.
Lan berria “beroago eta heterogeneo” moduan definitzen dute. Alegia, aurreko ildoarekiko ezberdina baina taldearen arimari fidel mantentzen zaiona. “Jodorowskyren film luze baten modukoa da”, dio Andonik. “Denbora dezente eman diogu abestien konposizioari”, gaineratu du Julenek. DIY espirituari ere (Egizu zure kabuz, Do It Yourself ingelesetik) eusten diote. Diskoaren grabazioa bere gain hartu dute, “gogor lan eginez eta kontzertu asko mugituz”. Kostata ere bai, No longer great deal EParen jabetza dute, kostata hori ere, masterra barne.
HOZTASUN PUNKA Euskal Herrian eta penintsula osoan zehar ari dira beren punk ilun eta sutzailea zabaltzen. Aurten BBK Live jaialdian ere arituko dira. “Serio jartzen ari gara”, onartu dute. Zuzenekoetan ez dute publikoa epel uzten. Eztabaidaezinak, beren iluntasun punkean argigarriak dira oso. Oholtzan ez dute denborarik galtzen, kantuek (ingelesez gehienak, euskarazko batzuekin) punkaren bizitasun iragankorra dute, eta ez espero aurkezpenik ez agurrik. “Ez da zertan publikoarekin hitz egin beharrik”, dio abeslariak, patxada osoz. Ez da zakartasuna, pragmatismo hutsa baizik.
Akaso euren hoztasun punka eta nolabaiteko kutsu industriala dela bide, maiz konparatu izan dira Wire edota Joy Division talde britainarrarekin. Bereziki, azken honen abeslari zen Ian Curtisekin askotan konparatu dute Andoni. “Behin egin genuen esperimentu bat Google-n -kontatu du Julenek-; idatzi genuen viva reencarnación de Ian Curtis eta abeslariaren hamaika kritika agertu zitzaizkigun klik batean”, kontatu dute barre artean.
Bilboko abeslariak dauka letren ardura. Badira beren anbiguotasuna deszifratzen saiatu direnak (arrakastarik gabe, nonbait). “Ez zait gustatzen oso gauza zehatz edo agerikoei buruz idaztea, baina aldi berean ez dira zentzugabekeria abstraktuegiak”, azaldu du Julenek. Filosofia, artea eta literatura ditu iturri nagusi, hemendik eta handik kontzeptu eta espresioak biltzen ditu, kantuak collage bat bailiran. “Musikatze prozesua ere antzekoa da”, gehitu du Julenek. “Ideia batetik abiatzen gara eta guztion artean eransten dizkiogu gainontzeko elementuak”. Zorionez, ez dabiltza ideietan eskas: “Aldakorrak izateko joera dugu”.
DISEINU ZAINDUA Artearekiko grina ere nabaria da Vulk-en. Arte Ederretako testuinguruari hertsiki lotuak, asko zaintzen dute beren lanen diseinua eta estetika, “musika egiteko beste formatzat” dute alde hau eta. Bideoklipak, aldiz, konfiantzazko lagunen esku utzi dituzte, Zaldia Burning lan berriaren aurkezpen single-aren bideoa, kasu. Ana Arsuaga artistak zuzendu eta ekoitzi du, 50 bat kontzerturen filmazioak nahastuz.
Vulk gero eta sona handiagoa bereganatzen ari da gurean. Batek daki non egongo diren hemendik bost urtera. Haiei galdetuta, ideiarik ez dutela diote, baina bada argi duten zerbait: “Ez gara Stone Roses gisako talde bat bezala zahartuko. Ez dugu inongo hegemoniarik mantentzeko asmorik. Berrikuntza, sorpresa faktorea eta magia beharrezkoak ditugu eta ziur gaude hemendik bost urtera ez garela egongo gauza berberak egiten”.