ROBERTS James Waller hil da joan den hilean. Ez genuke haren berririk izango zutabe honen izenburua daraman nobela idatzi ez balu. Iowako unibertsitateko irakasle honek beste sei nobela argitaratu zituen, baina bere lehen lan honekin protagonizatu zuen, 1992an, Mari Errauskinen ipuina, tarteka Estatu Batuetatik iristen zaizkigun istorio liluragarri horietako bat, eta ni, idaztera dedikatua bizi naizen unetik, inbidiaz betetzen nauena.

170 orriko nobela erromantiko bat idatzi zuen 11 egunetan (El Pais-en ziotenez 14 egunetan), lagun bati esker argitaratu, ozta-ozta, alegia, eta oso kritika txarrak jaso: pertsonaia ahulak zirela, klitxeak, eskematikoak, heldutasunik gabeko estiloan idatzia zegoela? Bezperan irekitako coca-cola bat bezalakoa zela esan zuen kritiko batek. Waller defendatu zen, esanez: “Bai, nobela erromantikoa da. Bekatua al da?”. Eta irakurleek arrazoia eman zioten idazleari, berriro ere frogatuz kritikoak ez direla oso guru onak liburu batek zer etorkizun izango duen antzemateko orduan. Publizitate kanpainarik gabe, liburu-denda txikien laguntzaz eta ahoz-aho zabaltzen hasi zen liburuaren ospea. Handik urte betera milioi bat ale salduak zituen. Liburu bakoitzeko dolar bat edo bi kobratuko zituela kalkulatuz, milionario bilakatua zen Waller urte betean, 14 egunez soilik lan egin ondoren.

Hiru urtera Clint Eastwoodek filme ezaguna egin zuen, eta arrakasta lokala, ordura arte Estatu Batuetara mugatua zena, mundu mailako bihurtu zen. 12 milioi ale saldu zituen (El Pais-en diotenez, 50 milioi) 40 hizkuntzetara itzulia izan ondoren. Beraz, 20 eta 90 milioi dolar bitartean irabazi zituen irakasle xumeak bere irudimenetik sortutako istorio sinple batekin. Gutxiarekin gehiago lortzerik ez dago. Oso amerikarra da moraleja, oso American way of life.

Guztia harrigarria bada, are harrigarriagoa izan zen Wallerren erreakzioa milioikada honen aurrean. Lanik egin gabe bizitzeko adina aberats, Hollywoodeko festa eta glamour munduan murgildu zela uste duena oker dago: Iowa bere jaioterria utzi eta arrantxo bat erosi zuen Texasen, mundutik aparte, ezerezaren erdian, desertuan. Dirua bakartzeko erabili zuen, ez jendartean distira egiteko, ez ospearen pribilejioak aprobetxa-tzeko. Mundutiarrago egin ordez, aberastasunak urrundu egin zuen gizartetik, giza-miseria eta hantustekerietatik ihesi. Irabaziak zituen haren gogoko pribilejioak: bakardadea, isiltasuna, bakea.

Dirutzak zerbait hautsi zuen haren matrimonioan ere. Emazteak dibortzioa eskatu zion, 36 urte batera egon ondoren, agian distira sozialaren unea iritsitakoan senarraren jarrera ulertu ezinik. Ez zaigu informazio zehatzik iritsi. Agian alderan-tziz izan zen, eta Waller berak eskatu zion dibortzioa, nobelako protagonistak egitera ausartzen ez diren hura egiteko barne indar bat, ausardia eta bizitzarekiko fedea berreskuratu balitu bezala.

Nobelako protagonistek ez zutela ongi jokatu demostratu zuen, ausardiak beti duela saria, koldarrez beterik dagoela zoritxarraren infernua, eta idaztera ausartu ez zen hipotesia, matrimonio burges aspergarri bat haustearena, berak gauzatu eta bizi izan zuen. Arrantxoan amodioa baitzeukan zain: bertan lan egiten zuen Linda Bow, bere azken bikotea, zeinaren besoetan eman duen azken arnasa. Bizitza, batzuetan, nobelak baino hobeto amaitzen delako.