Mohamedek ondo gogoratzen du bere gasolindegiko hormako grafitia ikusi zuen lehen aldia: “Txantxa bat iruditu zitzaidan eta biziki haserretu nintzen”. Kotxeak garbitzeko erabili ohi duen pareta zuriaren erdian mutil baten irudia agertu zitzaion, aurpegia estalita eta lora sorta bat jaurtiki nahian. Mohamedek ez zuen artelana ulertu eta hamaika aldiz pentsatu zuen ezabatzea. “Jainkoari eskertzen diot grafitia estali ez izana”, gogoratu du. Ez da gutxiagorako, izan ere, Palestinako gasolindegirik famatuena bilakatu da Mohamedena. Are gehiago, indarkeriarik gabeko erresistentzian sinisten dutenentzat, mundu mailako sinbolorik ezagunena bihurtu da molotov koktelaren ordez lora sorta bat botatzeko prest dagoen gaztearen irudia.

Inork ez daki noiz izan zen Banksyren lehen aldia Palestinan, baina Betleemen edonon ikus daitezke bere sinaduraren arrastoak. Israelek eraiki duen harresian, adibidez, protesta grafiti guztien artean, biziki gailentzen dira bereak. Aida errefuxiatuen gunetik hurbil Ctrl+Alt+Delete esaldia ikus daiteke. Handik metro gutxira, berriz, harresian margoturiko keinu bat. Hormari egin dizkion alegiazko zuloak eta leihoak ere oso ezagun egin dira. Baina, agian, grafitilariaren artelanik esanguratsuena da Betleemgo kale arrunt bateko txokoan egindakoa da, soldadu israeldar bat miatzen ari den neskatoarena, alegia.

“Banksyk ez du ezer marraztu Israelen”, esan du harro Momen saltzaileak. Betleemgo gaztearen aburuz, artista berezia da Bristolgoa. “Bere grafitiek beste edozein artelanek edo ekimenek baino arreta handiagoa jasotzen dute”. Momenek denda txiki bat dauka harresiaren parean. Bigarren intifadaren aurretik jendez gainezka egon ohi zen, baina orain nekez aurki daiteke bezerorik. “Banaketa hormak zeharo suntsitu du hiriko ekonomia”, irizten dio. Halere, Momenek bere egin du eraberritu ala hil esapidea. Bada, Banksyren artelanen oihartzuna ikusita, tour turistikoak antolatzen hasi da: “Gure helburua da artistaren arrastoa jarraitzea eta grafitien bidez Palestinako egoera politikoa hobeto ezagutzea. Israelgo okupazioak herritarrengan daukan eragina erakusteko modu original bat da”.

Izan ere, Bristolgo artista misterio-tsuak jende andana erakartzen du. Inork ez daki nor den benetan, eta, horregatik, milaka mito sortu dira. “Argi dago kale artista berezia dela eta oso konprometitua dagoela gure gatazkarekin”, adierazi du Ahmed izeneko grafitilariak. “Duela hamar urte, adibidez, artista palestinar gazteak ezagutzera emateko erakusketa bat antolatu zuen eta hainbat grafitilariren lanak erakutsi zituen Betleemen”, gogoratu du. Ahmed izan zen aukeratuetako bat:

- “Inoiz ikusi al duzu aurrez aurre?”.

- “Nahiago dut galdera horri ez eran-tzutea”.

Banksyren artelanek Israelgo okupazioaren mugak gainditu dituzte, gainera. 2015ean Egiptoko tuneletatik Gazara sartu zen eta bideo bat egin zuen handik. Titulua gogorra bezain ironikoa zen: “Aurkitu helmuga turistiko berri bat, ongi etorri Gazara”. Kale artistak hainbat artelan egin zituen han: biraka dabilen barraka batean dauden umeak, etorkizun ezaren ikur den katu txiki bat eta ate batean margoturiko jainkosa baten irudia. Gazan egindako artelanek zalaparta handia piztu zuten.

Nolanahi ere, azken margolanak Banksyren artelanen B aldea erakutsi du ezinbestean. Izan ere, atearen jabeak, Rabea Darduna izeneko Gazako herritarrak, 162 euroren truke saldu zuen pieza osoa. Dardunak ez zekien Banksy nor zen, ezta bere artelanak 465.000 euro ingururen truke saltzen direla ere. “2014ko gerran bonbardaketek etxea suntsitu zidaten eta dirua behar nuen. Margolanaren egilea nor den jakin izan banu ez nukeen atea horren merke salduko”, esan zuen damututa. Banksyren grafitiak denonak dira, eta, aldi berean, inorenak ez.