Niri batez ere mugako gaiak interesatzen zaizkit, eta zalantza etikoak planteatzea dut gustuko. Kasu honetan, esker onari buruz idatzi nahi nuen”. Hitz horiekin azaltzen du Iñaki Irasizabalek (Zornotza, 1969) bere azken eleberria lantzeko izan duen intentzioa. Hala, gibelean kezka moral eta etikoak dituen narrazioa ondu du idazle bizkaitarrak, esker onaren inguruan gogoeta planteatzeko. “Esker onekoa izatea sentimentu ona da berez, baina sekula ezin daiteke izan egin behar den zerbait ez egiteko aitzakia. Esker onak noraino lotzen duen bat, hori landu nahi izan dut eleberri honetan”, jakinarazi du Irasizabalek.
Hain justu, ataka horretan ikusiko dugu eleberri honetako pertsonaietako bat. Pederastia kasu batzuk asaldatu dute nobela girotzen den herria, eta protagonistaren familiako aita gertakarien lekuko zuzena izango da. Esker ona zor dio, ordea, delituen egileari, eta horrek sekulako zama ekarriko dio. Atzerriko lan eskaintza bat onartu eta ihes egingo du herritik. Ama, pilulak hartzen hasi eta depresioan eroriko da, eta bien artean harrapatuta geratuko dira seme-alabak, erabakiak beren kabuz hartzera behartuak, herrian familiarekiko giro txarra zabaltzen ari den bitartean. “Une jakin batean, eleberriko protagonista diren nerabeak umezurtz sentituko dira eta beren burua defendatu beharko dute. Beste erremediorik ez dute izango”, azaldu du egileak.
Eleberriak aurrera egin ahala, pertsonaiengan “bilakaera bat” ematen dela ere gehitu du Irasizabalek. “Izenburua ere hortik dator. Gazte batzuk nerabe izateari utziko diote eta heldu bihurtzen dira. Helduen munduaren garraztasuna ezagutuko dute eta hor bukatuko zaie nerabezaroa, hots, dagoeneko ezer ez da berdina izango”.
GIZA PAISAIAK
Nobelaren abiapuntua den pederastia kasu horrek protagonistaren familian eragin zuzena izango du. Eta horixe, familia eta familiakideen arteko harremana izango da narrazioaren muina gerora. Familiako enpresa batean kokatu zuen Irasizabalek bere aurreko nobela ere (Aita Gurea, Elkar, 2014). “Niretzat familia oso gauza literarioa da -onartu du egileak-, eta kasu honetan ere familia giroan kokatzen da trama”, agertu du. Istorioaren hariak josterakoan, egileak arreta gehiago jarri du pertsonaiengan, gizakiaren portaeraren argi-ilunetan, nobelaren abiapuntua den gertaera lazgarri horretan baino. “Ez dut pederastiaz hitz egiten liburuan. Ekintza-soka bat martxan jartzeko aitzakia gisa baliatu dut pederastia kasua; Mcguffin bat baino ez da, istorioa martxan jartzen duen katalizadorea. Pertsonen arteko harremanek osatzen dute obraren muina, giza paisaiak dira garrantzitsuenak”.
Zaila egiten zaio egileari bere azken obra genero literario bakarraren baitan sailkatzea. “Etika moduko bat badagoen arren, abenturazko nobela moduan irakur daiteke”, uste du autoreak. Baina, horrez gain, nobela beltzaren zantzuak ere baditu eleberriak: badira delituak, biolentzia, kontu ilunak... Baina, horiek guztiak, umore dosi, hitz joko eta txisteekin tartekatuta. “Nobela beltzetako istorioak gordinak izaten dira eta umore ukituek ñabardurak ematen dizkie istorio ilun horiei. Pertsonai ilunen beste aldeak erakusteko balio izaten du umoreak halakoetan, samurtasun pixka batekin gordintasun hori arindu egiten delako”, azaldu du Irasizabalek.
Umorearen presentzia ugariak, baina, badu bere azalpena. Izan ere, istorio honekin gazteei zuzenduriko eleberri bat egitea zen hasieran Irasizabalen asmoa. “Liburu hau gazteentzat pentsatu nuelako daude hainbeste hitz-joko eta txiste bertan”, dio egileak. Hala ere, azkenean, eta landu dituen gaien ondorioz, helduen literaturan sailkatu dute. “Argitaletxean gordinegia zela esan zidaten”, jakinarazi du autoreak.
Hasierako asmo horren zantzuak bistan geratzen dira halere, besteak beste, protagonista gazteak aukeratu dituelako Irasizabalek. Hala, 15 urteko nerabe batena da eleberriko ahots nagusia eta nerabeak dira bere inguruko pertsonaiak ere. “Anai-arreben arteko harremana da nobelaren oinarrietako bat. Eta ingurumari horretan badaude eskola giroaren deskribapena, lagun arteko kontuak... Gaztetxoen mundua, finean”.