Euskal zinema ekoizleen sektorearen etorkizuna arriskuan dagoela salatu du Ibaia Ikus-Entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteko presidente Joxe Portelak (Bilbo, 1957). Enpresek ETBrekin sinatutako kontratuak zalantzan jartzeak, laguntzen erregulazioan eman diren lege aldaketak eta Zinematografiaren eta Ikusentzunezko Arteen Institutuak (ICAA) hartutako azken neurriak “kolokan” utzi du sektorea, Portelaren esanetan.

Espainiako Kultura Ministerioaren erabakiaren ondorioz, euskal zinema ekoizpena arriskuan dagoela salatu duzue. Nola eragiten dio euskal zinemagintzari ministerioaren neurriak?

Orain arte euskal zinema EITBrekin batera egin dugu beti, bestela ezinezkoa litzateke euskarazko filmak eskaintzea. EITB ez da koproduktorea izan, eta beraz, orain arte ez dugu inoiz diru-laguntza moduan hartu EITBren parte hartzea. Baina Espainiako Kultura Ministerioaren arabera, EITBren dirua laguntza bat da, eta beraz, diru hori kendu dute diru-lagun-tzetatik. Horrek sekulako zuloa eragin du jada estreinatutako filmeen aurrekontuan. Horrekin batera, oraindik estreinatzeko dauden proiektuak kolokan gelditzeko arriskua dute. Sektoreko arduradun eta langileak kezkatuta gaude; murriztutako diru kopurua ez da garrantzitsua zabalpen handiko pelikula batentzat, baina euskarazko lanentzat ezinbestekoa da, eta ekoizpen guztiari eragiten dio.

Eusko Jaurlaritzaren babesa eskatu duzue. Jaso duzue erantzunik?

Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñozekin bildu gara, eta gure salaketarekin bat dator. Badakigu Jaurlaritza Espainiako Ministerioarekin bildu dela, baina ez dute erantzunik jaso. Egoera ez da erraza, gobernua airean baitago, eta egoera horretaz baliatzen ari dira gauzak luzatu eta denbora irabazteko. Dena den, guk badugu esperantza; Madrilen onartu behar dute hemen gai garela gure proiektuak kudeatzeko.

Ministerioak hartutako neurriaren ondorioz, laguntzak nabarmen jaitsiko dira. Zenbateraino kaltetu daiteke euskarazko zinema ekoizpena?

Hau ez da zinemagintzak jasaten duen lehen murrizketa. Duela lau urte, Espainiako hizkuntza koofizialentzako fondo bat sortu zuten, autonomien artean banatzeko. Lagun-tza hori duela asko desagertu zen, eta egun inork ez du bertatik ezer jasotzen. Baina hori ez da dena, gauza gehiago daude. Diru-lagun-tzak murriztearekin batera, puntuazio berdina eskatzen zaie euskarazko eta gaztelerazko lanei; hori da larriena. Euskarazko film batek gaztelerazko baten baldintza berdinak bete behar ditu, aurrekontua askoz ere murriztuagoa izan arren. Gure ustez, hori ez da bidezkoa, euskarazko film batek beti edukiko duelako publiko murritzagoa. Gutxi dira Espainiako antzokietan euskaraz eskainitako filmak. Beraz, puntuazio hori proportzionalagoa izan beharko litzateke. Baina orain arte ez dugu lortu Espainian hori ulertzea; hemengo gobernua kontutan hartu gabe har-tzen dituzte erabakiak. Herri txikia gara, euskaldun gutxi daude, baina horrek ez du esan nahi ez dugula eskubiderik baliabide propioak izateko. Guk erabaki behar dugu nola eskaini gure kultura.

Zeintzuk dira neurriaren kaltetu nagusiak?

Kontuan hartuta diru-laguntzak filmak estreinatu ostean jasotzen direla, dagoeneko egindako filmek dute arazo larriena, zorrak ezin dituztelako ordaindu. Kopuru bat zuten adostua, eta orain diru hori ez zaie iritsiko. Azken filmek, hala nola, Loreak, Amama, Lasa eta Zabala... arazoak izan ditzakete. Bestalde, ekoizpen prozesuan dauden filmetako arduradunak ere beldur dira, diru gutxiago eskuratuta, kredituak itzultzeko arazoak izan di-tzaketeelako.

%21eko BEZak ere ez dio mesederik egiten zinemagintzari. Itota al dago sektorea?

Euskarazko zinema ekoizpenaren osasuna beti egon da kolokan; 2008an, sektoreak akordio bat sinatu zuen Eusko Jaurlaritzarekin, eta horrek bultzada nabarmena eman zion euskal zinemagintzari. Krisiarekin laguntza guztiak jaitsi ziren; EITBn ere, telesailak nabarmen jaitsi dira azken urteetan. Diru publikoa gutxitu egin da, bai hemengoa eta baita Madrilek emandakoa ere. BEZa beste faktore bat da; askotan zin egin dute aldatuko zutela, baina %21 izaten jarraitzen du. Dena den, badugu zulotik ateratzeko esperantza.

Gutxi babesten dira euskarazko eta gainontzeko hizkuntza minoritarioetan egindako lanak, gazteleraren eta ingelesaren mesedetan. Zergatik?

Madrilen ezjakintasun handia dago, lelokeri asko entzun izan ditugu. Euskarazko film ekoizpena ez da oso zabala; urtean gehienez bi film ekoizten dira, eta laburren bat edota dokumentalen bat, baina ez gehiago. Ikusle gehienak Euskal Herrikoak dira, %80 gutxienez, eta Espainian areto txikietan eskaini ohi dira noizbehinka, baina hor amaitzen da dena. Ez dute gure kultura bultzatzeko borondaterik; zinema, musika eta literaturarekin gauza bera gertatzen da. Pentsatzen dute: zertarako gastatu dirua euskarazko produktu batean, gazteleraz edo ingelesez egin daitekeenean? Baina hala pentsatzen badugu, etorkizun hurbilean soilik ingelesezko kultura izango dugu. Gure kultura ekoizteko eta kontsumitzeko eskubidea daukagu, eta, beraz, baita gure erara kudeatzeko ere. Gure istorioak gure erara kontatzeko eskubidea dugu, eta bateragarriak dira gure hizkuntzan eta gainontzekoetan egindako produktuak.

Europako gainontzeko herrialdeetan ere halako neurriak al daude martxan?

Espainiak onartutako neurri berri hau bitxia da, Europan ez delako halakorik agindu. Bruselak dio film baten ekoizpenean sartutako diru-laguntza publikoaren kopurua ezin dela aurrekontuaren %50 baino gehiago izan, baina salbuespen moduan aipatzen ditu zuzendari berriek egindakoak eta baita hizkuntza minoritarioetan ekoitzitakoak ere. Horietan ez du mugarik ezartzen. Baina Espainiako neurri berriak adierazten du diru laguntzak ezin dutela %60 baino gehiago izan. Beraz, Europak ezartzen ez duen muga jarri digu Madrilek, inongo azalpenik eman gabe.

Zein da euskal ekoizpenaren etorkizuna neurriak aurrera egiten badu?

Aurten bi dira euskal zinemagintzak eskainiko dituen filmak; bata Igelak, dagoeneko amaituta dagoena, eta bestea Aundiya, bidean dagoena. Bi pelikula hauek oihartzun handia izaten ari dira. Gainera, azken urtetako euskarazko filmek kalitate handia dutela berretsi dute kritikoek. Baina dirua murrizten bada, ezinbestean jaitsiko da pelikulen kalitatea; orain arte ere zaila izan dena ezinezkoa bihurtu daiteke. Atzerako bide bat hasi dugu; egoerak hala jarraitzen badu, ekoizleek aktore kopurua murriztu beharko dute, efektuetan diru gutxiago inbertitu... Ondorioz, produktuak ez dira horren erakargarriak izango. Eta egoera oso latza bada, beharbada etorkizunean ezingo dira filmak egin. EITBn geroz eta fikzio gutxiago ikusi daiteke; ondorioz, Euskal Herriko aktoreak kanpora joan behar dute lan bila. Azken urteetan aktore nabarmenak agertu dira gurean, baina haiei ez badiegu lana eskaintzen, aukera gutxi izango dituzte aurrera egiteko.