Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak berriki 2016ko Arkitektura Sariak banatu ditu. Barne-Diseinu kategorian, hezkuntzari lotutako arkitektura lan bati eman zaio irabazlearen saria. Hain zuzen, Jone de Pablo Badiola eta Teresa Meana Rodriguez arkitektoek, Maushaus taldearekin batera elkarlanean egindako haur txoko bat izan da garaile. Kutxako Gizarte Ekin-tzak Donostian Ekogune bat sortu du eta programaren barnean Haur Parkea deritzona eraiki du planteamendu berritzaile bat jarraituz, zeinak bide emango digun pedagogia eta espazioaren gaineko hainbat gogoeta plazaratzeko.

Jolasean ari denean, haurrak ikasten duela esateak ez dakar berritasunik pedagogiaren diskurtsoan. Baina ikasketarako beren-beregi pentsatutako espazioek haur-hezkuntzan ekar ditzakeen onurak, berria izan barik ere, ez dira gure ikastetxe eta ikastoletan aplikatuak izan. Badira klitxe batzuk errepikatu izan direnak, haur-arkitekturari atxikituak: dela koloretako paretak, dela haurren tamainara egokitutako altzari eta ateak. Gai hauen egiazkotasuna zalantzan jartzen ez bada ere, haurren hezkuntzak behar duen arkitektura hori baino gehixeago dela aldarrikatzera nator.

Herri eta hirietan eraiki diren haurrentzako jolas-parkeak egin behar ez dena azaltzeko ereduak dira. Erraz egingo zaigu denoi, guraso izan ala ez, espazio hauek irudika-tzea: kautxozko azalera koloredun baten gainean metal eta plastikozko txirristak, kulunkak, eskegitzeko sareak eta beste hainbeste tramankulu, konplexutasun handiko elementu multzoak osatuz. Sarritan hesi batek muga-tzen du jolas-parkea, arriskurik gabeko zonalde bat isolatuz -gizarte neurotiko baten eskakizuna agerian utziz-. Oso gustagarriak omen dira jolas-parke hauek -beste aukera hobeago baten faltan-, han eta hemen oso modu berdintsuan errepikatzen direlako. Herri edo auzo batetik bestera aldaketa gutxi izaten dituzten parkeak dira. Era honetan, haurrek txikitatik ikasten dute kale globalizatuaren funtsa: Londres edo Bilboko kale komertzial nagusietako giroa berdintsua dela, tokikotasuna galduta eta homogeneotasuna irabazita, haur parkeetan gertatu ohi den bezala.

Ekogunearen Haur Parkean beste eredu bat jarri da abian. Kontzeptualki, haur parke hau jolas eremu gisa pentsatua eta diseinatua dago, eta herrietako parkeak, aldiz, jostailu gisa. Hemen dago desberdintasuna: jostailua jolasaren arauak definitzen dituen objektua da. Zaila gerta daiteke jostailuarekin aurrez diseinatutako jolaste modutik ateratzea, bideratuegia dagoelako. Pertsona helduak erabaki du nola jolastu behar den jostailuarekin. Jolasa, berriz, jolasteko akzioa bultzatzen duena da. Nolabait esateko, arau ireki ba-tzuk zehazten ditu jolasaren beste arau batzuk asmatuak izan daitezen. Pilota bat, adibidez, hainbat jolas proposatzeko me-dioa da, pilotaren diseinuak berak aurretik definitu ez duena.

Ekogunean jolaserako gune bat eraiki da eraikin baten barnean. Ez dago kolorerik, umeek egindako margo lanek eskainiko dute kolorea. Egurrarekin eraiki da, baina bere horretan utzita. Parkeak mundu sinboliko bat iradokitzen du, baina ez da figuratibotasun puruan erortzen. Egileek lau hitzen inguruko lana egin dutela diote: baserria, kabia, hazitegia eta negutegia. Bi isurien adierazpenarekin etxe bat eraiki da, telekin gorputz bertikalak eta egur-sareekin hiru jolas-esparru. Eraikitako egur eta telazko gorputzek hainbat errealitate iradokitzen dituzte, baina leku zabala uzten du umearen irudimenerako. Zuhaitzen analogia egin daiteke, kabiena, etxeena... paisaia aberats bat, finean. Paisaia-parke honetan txirristak eta igogarriak diren hainbat elementu daudela esan liteke, baina ez ditu diseinatzaileak zehaztu. Haurrek beraien esperien-tzian biziko dute paisaia hau eta asmatuko dute zenbat etxe dauden, eraikitako elementuak animaliak edota ipuin baten pertsonaiak ote diren.

Haurren jolas-eremuen gaineko espazio-esperientziak berebiziko garrantzia du bere inguruarekin sortuko dituen harremanen heziketan. Haurraren erabiltzaile esperientziaz ari garelako hizketan, zeinak ulertuko duen arkitekturak erabakitzeko esparruak sortzen dituela, orden baten barruan, ustekabeko aurkikuntzak bultzatzeko. Bizitzaren pedagogia jolastokitik hasten da.