Quintinek 152 milioi urte zeramatzan Jose Carlos Garcia-Ramos Quintuellesera heltzeko zain. 1998ko urriaren 10ean gertatu zen. Goizean, herri asturiarrean aparkatu zuen kotxea paleontologoak, Paz Cifuentesen etxearen aurrean. Atea jo eta kotxea bertan utz zezakeen galdetu zuen, labarretara errazago iritsi ahal izateko. “Harriak azter-tzen dituzue? -galdetu zion Pazek-. Uste dut hor behean zerbait topatu dugula. Baina ez dakigu zer den”. Paz eta bere lagun Victoria Alvarez moluskuak harrapatzera jaitsi ziren aste batzuk lehenago Aranzoneko harkaitzetan behera (Villaviciosa), La Ñora hondartzaren ekialdean. “Hamaika aldiz pasa gara hortik, baina aurretik ikusi gabe geneukan. Baliteke aurreko egunetan denboraleak harkai-tzak mugitu eta argitara atera izana” esan zuen Pazek, Quintin nola deskubritu zuten azalduz. Ondoren, izena jarri zioten 2.600 kiloko hareharri bloke batean harrapatuta zegoen jurasikoko ornitopodo hari, ordura arte Asturiasen topatutako dinosauro eskeleto osotuenari.

Paz eta Victoriaren aurkikuntza ikusgarria izan zen, fosilaren tamaina zela-eta. Hala eta guztiz ere, Espainia iparraldean, Asturiasko kostaldearen zati horretan, ez da ezohikoa dinosauro artean ibiltzea.

Jose Carlos Garcia-Ramosek bizi osoa darama horretan, historiaurreko animalien aztarnaren atzetik. 1969 urtean, Oviedon Geologia ikasketak bukatzear zituela, egun batean aitarekin arrantzan zegoen La Griega hondartzan, Colungatik hurbil. Bertan, barrunbe batzuk ikusi zituen lurrean eta harrian grabatutako marka batzuk antzeman zituen, formazio naturalaren patroirik segitzen ez zutenak. Dinosauro aztarnak ziren. “Lotsa ematen zidan gai hori jendartean komentatzeak, ikaslea baino ez nintzen eta”, kontatzen du bere bulegoan, orain Asturiasko Jurasikoaren Museoko (MUJA) zuzendari zientifikoa denak. Aurretiko erreferentzia bakarra arkosaurio baten 18 zentimetroko aztarna zen, eta Madrilgo Natur Zientzien Museo Nazionalean zegoen (Gaztelako Rillo de Gallo herriko biztanle batek aurkitu zuen 1896an eta animalia handiaren hanka petrifikatua gisa sailkatu zuten).

Hala ere, Garcia-Ramos irakasleak aurkitutako aztarnek 130 zentimetroko diametroa zuten eta sauropodo handi batenak ziren, 18 metroko zabalera eta 20 tonako pisua izan zezakeen lepo luzedun sekulako belarjale batenak. Horietako baten oinatzak, bainuontzi baten tamainakoak, lokatz jurasikoan inprimatuta geratu ziren. Milioika urte beranduago, harri bilakatuta, gazte haren begi bistan geratu ziren eta, hala, iknita (ornodunen aztarna) aztarnategi garrantzitsua aurkitu zuen mutilak, aniztasunagatik Europako eta munduko esanguratsuenetako bat, hain zuzen. Azken 40 urteetan, Jose Carlosek ornodun jurasikoen 520 aztarna gehiago aurkitu ditu 60 kilometro eskaseko itsasertz-lerroan, Gijon eta Ribadesella bitartean. Hortaz, Dinosauroen Kostaldea izena jarri zaio, fosilen ezohiko ugaritzearen ondorioz.

70 urte izanda ere, nekaezin, Jose Carlos urtean ehun egunetan joaten da kostalde malkartsuetara, aztarnategiak induska-tzera edo fosil berriak bilatzera. Esfortzu horren erakusle dira harri-askatze baten ondorioz moztutako atzamarra eta urtero izan ohi dituen lesio ugariak. Irakasle zaharrak dioenez, labarretara jaisteko ezintasuna heltzen zaion egunean, bere bizitzak interes handia galduko du.

Zientzialariak erlojuaren kontra dihardu paleontologian, mailu, zizel eta kolpekariz. Lankide eta emazte duen Laura Piñuela geologoarekin batera, motxilarako metalezko errefortzua asmatu du, 30 kilora arteko harri-blokeak bizkarrean kargatzea ahalbidetzen duena, eta Himalayako zamaketarien itxura har-tzen dute horrela. “Harginen antzera zulatzen dugu harria” azaldu du Laurak, brotxa eta eskuilaren fintasuna laborategirako utzita.

Ez da beti erraza izaten. Quintinek, adibidez, 14 urte itxaron behar izan zituen hondartzan, erreskatatu zuten arte. 2012ko abenduaren 17an, Espainiako Lurreko Ejertzitoak, Colmenar Viejon (Madril) basea duenak, baimena eman zuen bere helikopterorik handiena desplazatzeko (Boeing-Vertol CH-47D, chinook izenaz ezaguna), fosila labarretatik atera zezaten.

“Nire bizitzako egunik zoriontsuenetako bat izan zen”, oroitu du Paz Cifuentesek hunkituta. Bere bilobari egun librea eman zioten eskolan, ondoren bere amonaren aurkikuntzaren berri eman ziezaien ikaskideei. Laura Piñuelak ere pozaren pozaz negar egin zuela kontatu digu. “Zientzialari naizen aldetik, hura festa aparta izan zen”. Hala eta guztiz ere, Jose Carlos Garcia-Ramosek harrotasun handienaz erakusten duen lorpena Asturiasko Museo Jurasikoa bera da. Hamarkadak lanean eman ondoren, proiektua errealitate bilakatu zen eta Printzerriko museorik jendetsuena da gaur; egunean 5.000 bisita baino gehiago jasotzen ditu eta 4.400 fosil baino gehiagok osatutako bilduma daukate.

Zentroari esker, aurkikuntza izugarriak egin dira azken urteotan, baina Jose Carlos Garcia-Ramosek aitortu du, mugarri horiek guztiak posible izateko, ezinbestekoa izan dela museoaren inguruko herrietako biztanleak “paleontologo zaletu” bilakatu izana, Paz eta Victoria bezala.