Adolf Loos arkitekto austriar afamatuak zioen artelana kontsideratu daitekeen arkitektura bakarra ehorztokiak eta oroigarri objektuak -hots, monumentuak- direla; hau da, bizitzarik gabeko eraikuntzak arte kategorian sartzerik badirela. Argudio berdina garatuz, Rafael Moneo arkitekto nafarrak gaineratzen du eraikinak denboraren poderioz diseinaturiko funtzioa galtzen duenean, eta funtzio bati lotu gabe berezko adierazkortasuna irabazten duenean, arkitektura artelan bilakatzen dela. Arkitekturaren artea, hortaz, lurtarron bizipenetatik harago doan eremu batera ailegatzean datza.

Artearen arkitektura, espazioaren ikuspegitik, artelanen erakusketa gunea da. Baina definizio hau mugatuegia da artearen definizio zabal eta anitza kontutan hartzen badugu. Arte esparru aunitz ez dira erakusketaren formatora egokitzen -artibismoa edo hiritar artea, adibidez- eta, beraz, artearen arkitekturak soilik arte mota bati erantzuten diola esan beharra dago. Honela, arteak kasu askotan arkitekturarik behar ez duela esan nahi da; edo, zehazkiago, arteak bere arkitektura eraikitzen duela, beregain hartzen duen beste egiteko bat bezala.

Artearen arkitektura klasikoak museo eta galerietako kaxa neutral eta zuriei erreferentzia egiten die artearen izaerarekin interakziorik ez sortzeko, barne-arkitektura anonimoa bilatuz. Azken garaiotan, batik bat, arte arkitekturaren kanpo itxura objektu ikusgarri eta mugarri bat eraikitzeko pentsatua izan da, barneko neutraltasunarekin kontrajarriz. Liluratzeko egina, barneko artelanekin leihatzeko ahaleginetan ariko balitz bezala.

Museoak, arte arkitekturaren adibiderik oinarrizkoenak, hiri handiari loturik dira eta, arte-galeriak bezalaxe, arte hegemonikoa eta elitea bermatzeko eginak dira, salbuespenak salbuespen.

Salbuespeneko galerien Bilboko panoramari begirada bat botaz gero, Carreras-Mugica arte galeria euskal eta gazte artegintzari leku egiteagatik bereizi izan da. Eta maiatzaren 5ean jaioko den Aldama-Fabre Gallery-ren kasuan, lekukotasunari erreferentzia egiteagatik nabarmenduko da. Galeriak babestu nahi izan ditu Bilbo Zaharreko behe solairuko altuera eta izaera, behar fun-tzionalak tokiari moldatuz, eta ez alderantziz. Beraz, egoki-tzapen-lanen premisa berezko ezaugarriak mantentzea izan da, kasu honetan.

Bestalde, esanguratsua gerta-tzen da galeriaren jabeek Bilbo Zaharrean kokaturiko arkitekto talde gazte bat aukeratu izana diseinu-lanak buru-tzeko, BABELstudioren lan taldea euskal arkitekto-belaunaldi gaztearen adierazle baita. Andrea Garcia Crespo portugaletetarra eta Michael Schmidt germaniarra, egonaldi profesional baten ondotik -David Chipperfield Architects ezagunetik, hain justu-, etxera itzuli eta proiekzio internazionaleko bulegoa finkatu dute Bilbon, Andrea Emmanuel Laredo bilbotarrarekin batera, zeinak bere ibilbide profesional propioa duen. Gertuko eta urrutiko lekuetan arkitektura gara-tzeko ilusioarekin osatu dute taldea, proiektuen kokatze geografikoaren zabaltasunak bertako eta tokiko ezaugarriak zapaldu gabe beti ere (www.babelstudio.net).

Galeriaren apustu espaziala arkitektura haptikoa sortzea izan da. Lokala hustu eta garbitu egin da eta egokitze-lanen presentzia oso isila da. Egindako lana erraza izan dela pentsa dezakegu, gehiegikeriaren garai arkitektoniko batetik gatozelako eta ageriko begiradara ohitu garelako. Baina irudia boteretsua da: plano zuri eta laukizuzenak ehundura handiko pareten gainean, non adreilu eta harrien despieze desberdinek geruza aberats eta ukitze sentsazio desberdinak transmititzen dituzten. Testuinguru honetan, artelanak, elitekoak izan edo ez, lekuaren arimarekin nahastuko dira ezinbestean. Eta, modu honetan, arteak eta espazioak -arkitekturak, finean- adiskidetasun desberdin baterako aukera izango dute.