Gaztea izanagatik, aspaldi utzi zion argazkilaritzaren promesa izateari Jon Gorospek (Gasteiz, 1986). Hogeita hamar urte bete gabeak baditu ere, ibilbide artistiko oparoa du honezkero eta, hainbat beka eta sari lortzeaz gain, proiektu ugari landu eta erakusketa andana antolatu du han eta hemen. Arte ikasketak bukatu ostean, Gasteiz atzean utzi eta Lituaniara jo zuen, beka bati esker. Gaur egun, Oslo (Norvegia) du bizileku eta bertan lantzen ditu bere proiektuak, nahiz eta Euskal Herriko argazkilaritza panorama “gertutik” jarraitzen duen, bere esanetan, “gaur egun ez baitago mugarik”. Durangoko zita ere ez du galduko.

Gaztea zara, baina dagoeneko bide interesgarria egina duzu: proiektu asko landu dituzu eta hainbat beka eta sari eskuratu. Argazkigintzan hizkuntza propio bat bereganatu duzula ere esango zenuke?

Baietz esatea nahi nuke, baina ez dakit gehiegi esatea ez ote den? Hori da bilatzen ari naizena. Azken batean, hori baita argazkilari guztiok bilatzen duguna, besteekiko desberdinduko gaituen zerbait izatea. Ez dakit hizkun-tza propio bat aurkitu ote dudan, baina, gutxienez, nire bidea egiten ari naiz. Kontua da bide hori luzea dela eta eskatzen duela lan asko eta norbere buruan arakatzea etengabe.

Nola definituko zenuke lantzen duzun argazkilaritza?

Nire lanak emozioetatik sortzen dira kontzeptuetatik baino gehiago. Nire argazkiek beti dituzte oinarrian plano subjektiboak, termino zinematografikoetan hitz eginez, eta tarte asko uzten diot beti ikuslearen interpretazioari. Benetan interesatzen zaidana begirada konpartitzea da. Subjektu fotografikoan zentratzen naiz, eta bilatzen dut objektuak testuingurutik aldentzea. Interesatzen zait irudia izatea anakronikoa, minimoa eta bere horretan ezer gutxi adierazten duena, baina atmosferari lotua dagoena.

Zeintzuk izan dira orain arte egin dituzun proiektu nagusiak?

Lehenengoa Almost Black izan zen, atmosferak sortzen dituen sentsazioetan zentratzen zena. Gero etorri zen Unidades de lugar, askoz ere kontzeptualagoa, eta horizonte faltsuen irudiak egiteko nire obsesioari erantzuna ematera zetorrena. Rain on baltic, bere aldetik, Lituanian landu nuen proiektua da. Kalean nindoala, honakoa zioen kartel batekin egin nuen topo: “Norbaitentzat garrantzitsua zara”. Europa ekialdeko herrialdeetako suizidio kopuru altuen aurrean gobernuak helarazi nahi zuen mezua zen. Ideia hori oinarrian, proiektu bat osatu nuen irudikatuz nola euriak osatzen dituen gure inguruko paisaia geografikoak, baina baita gure paisaia animikoak ere.

Zer eskainiko diguzu Durangoko erakusketan?

Leihoen abiadura aurrez erakutsi gabeko bilduma da. Nire artxiboan murgildu eta ohartu nintzen bidaietan ateratako argazki ugari nituela. Asko interesatzen zait bidaia; ez bidaiatzea soilik, bidaia bera kontzeptu gisa: mugimendua, kontenplazioa... Bilduma honetan hainbat herrialdetan hartutako argazkiak daude: Alemanian, Norvegian? Guztietan ageri da elementu amankomun bat: leihoa. Nire helburua izan da leiho horiek argazkietan ageri diren paisaietan txertatzea.

Bestalde, argazki guztiak zuri-beltzezkoak dira, baina badago garapen bat batetik bestera, ia zuri-zuritik abiatu eta kasik iluntasun erabatekora. Proiektu honetan gehien interesatu zaidana zera izan da: zenbat eta beltzerago jo, orduan eta nahasiagoak direla irudiak, eta ez dela dena erakusten. Hain justu, erakusten ez dena imajinatu beharra dauka ikusleak. Joku bisual interesgarria iruditu zait. Izan ere, ez dut gustuko ikusleari dena janda ematea. Lan pixkat egin beharra dauka ikusleak nirekin, horregatik gerta daiteke nire argazkiak lehen begiratuan ez ulertzea.

Zuri-beltzekoa da bilduma osoa. Formatu honetan lantzen dituzu proiektu gehienak?

Denetatik egin izan dut, baina egia da zuri-beltzeko argazkien oso zalea naizela, batez ere adierazten duten abstrakzioagatik, errealitatetik aldentzen gaituelako zuri-beltzak. Dena den, azken aldian ari naiz proiektu berean formatu desberdinak nahasten.

Nola lantzen dituzu proiektuak: batean zentra-tzen zara amaitu arte edo hainbat lantzen dituzu aldi berean?

Nik ez dut inoiz proiekturik ixten. Jarraitu dezaket lan batekin bizitza osoa, eta hainbatekin aldi berean ere bai, baina, egia da argazki bakoitza egiten dudanean badakidala zein proiektutarako den, zein karpetatan gorde behar dudan. Ez zait interesatzen proiektuak ixtea, ez dut ezer irabazten horrekin. Beti dago egindakoa hobetzeko aukera.

Erakusketa ugari izan dituzu, baina inoiz argitaratu duzu zerbait liburu formatuan?

Momentuz ez. Egia esan, nahiko kritikoa naiz argazki liburuekin. Badirudi jendea erotu egin dela kontu honekin. Espaniar Estatuan egunero bost argazki liburu argitaratzen dira, bataz beste. Zer egin dezaket nik hor nabarmentzeko? Oso zaila da... Gainera, guztiok ezin ditugu 6.000 euro horretan xahutu. Dena den, oso liburu onak ateratzen dira, asko esperimentatzen da alor honetan. Nik ere aukera izango banu, egingo nuke, jakina. Hala ere, zortea izan dut, nire lana erakusketen bidez bistarazteko aukera izan dudalako.

Oslon bizi zara. Zergatik? Norvegian hemen baino hobeto daude gauzak zure arloan?

Arrazoi ugari daude tartean, baita pertsonalak ere, nire bikotekidea hemen bizi baita. Nik ere hemen probatzea erabaki nuen, eta ez naiz kexatzen. Proiektu asko ditut esku artean eta gustura ari naiz lanean. Aldi batez hemen geratuko naiz. Dena den, ni argazkilari satelite bat naiz: orain, New Yorken egon naiz proiektu batean lanean, etxera itzuli eta Durangora noa jaialdia dela-eta. Ez zait batere kostatzen maletak egitea. Gure erosotasun esparrutik atera beharra daukagu. Hara eta hona gabiltzanok mugimenduan gaude beti, baina horrek ez du esan nahi jokoz kanpo gaudenik. Gauza interesgarri asko egiten dira leku askotan eta, gaur egun, Interneten eta distan-tziak laburtzearen ondorioz, etxetik urrun gertatzen dena ere jarrai dezakezu. Mugez hitz egiteak ez du zentzurik gaur egun.

Hemengoarekin alderatuta, Norvegian alde handia nabaritu duzu argazkilaritzaren arloan?

Ohartu naiz, orokorrean, artea beste era batera bizi dutela. 600.000 biztanleko hiria da Oslo, ez oso handia, baina pila bat arte galeria daude bazter guztietan. Ikusten da arteak garran-tzia duela, zaintzen eta baloratzen den zerbait dela. Eta, horrez gain, jende asko mugitzen duela ere bai. Euskal Herrian, argazki erakusketak egiten ditugu kasik argazkilarien-tzat bakarrik. Dena den, ez dut uste hau jendearen interes faltaren ondorio denik; ez gara modu horretan hezituak izan, hori da dena, nire ustez. Hala ere, Norvegian ere badira gustatzen ez zaizkidan gauzak. Adibidez, nahiko itxiak direla, endogamikoak... Zirkulu itxietan mugi-tzen dira eta ez dira asko nahasten, ez dago komunitaterik, eta zaila da hor muturra sartzea, lekutxo bat egitea. Baina denborarekin espero dut lortzea.