Gaurkotasun handiko gai bat, immigrazioarena, maitasuna bezalako ikuspuntu unibertsal batetik kontatua. Horrela laburtu daiteke Etxekoak, Huts Teatroaren zigilupean Ander Lipusek (Markina-Xemein, 1971) dakarren bigarren antzezlana. Hain justu, Lipusen bizipen pertsonal bat du oinarrian obra honek: “Kubatar batekin maitemindu nintzen, eta berarekin ezkondu behar izan nuen hona etorri ahal izan zedin. Hor hasi zen dena: burokrazia, gestio administratiboak, joan-etorri zenbaezinak, elkarrizketak kontsulatuan? urtetako erokeri eta zentzugabekeria”, kontatu du. Hala, berak bizi izandakoari buruzko gogoeta dakar antzezlanak. “Gertatu zitzaidana eraman nahi nuen antzerkira; gustuko dut-eta niri benetan gertatutako gauzekin lan egitea”. Obra honen zuzendaritzan dihardu markinarrak, baina, oraingoan, baita aktore lanetan ere. “Aktore sentitzen naiz zuzendari baino gehiago -onartu du-. Eta, gainera, istorio honetan niretzat garrantzitsua zen aktore aritzea, nik neuk bizi izandako gauza asko daudelako islatuta”.
Istorioak kontatzen du nola Maggi, neska euskalduna, Mamadurekin maitemintzen den, afrikarra eta beltza bera. Maggik etxean kontatzen du Mamadurekin ezkondu behar duela hau Afrikatik ekarri ahal izateko. Familiak albistea nola hartzen duen eta hortik aurrera egin beharreko guztia kontatzen da Etxekoak obran. Maika Etxekoparrek jokatzen du Maggiren pertsonaia, haren amamarena Kristiane Etxaluzek, eta bi osaba ere badaude inguruan: bata lelo samarra, Goio (Jabi Barandiaran) eta bestea, neurotikoa, Imanol (Ander Lipus). Familia berezi horren bidez hainbat auzi plazaratzen dira: identitatea, immigrazioa, zer den kanpokoa, zer etxekoa, barne eta kanpo gatazkak, aurreiritziak? “Etxekoa-kanpokoa dikotomia horretan, immigrazioaren gaia jorratu dugu, gaurkotasun handiko kontua, zoritxarrez”, dio Lipusek. Eta kritikarako asmoa ere agerikoa da, zuzendari eta aktorearen esanetan. “Badago kritika bat egungo gizarte eta estatuek eraiki dituzten muga eta lege absurduei. Gogorra da ikustea nola jarri ditugun muga horiek, maitasunari berari ere bai? Nahi izan dugu horri buruzko gogoeta planteatu, baina barrukoaren ikuspuntutik, gure prismatik, eta ez kanpotik datorrenaren begiradatik”, zehaztu du.
beti gertu Istorio personal hori oinarrian, Lipusek “lagun zahar bat” jo zuen begiz: Jon Gerediaga (Bilbo, 1975). Ez da honakoa biek batera lan egiten duten lehen aldia, Antzerkiola Imaginarioaren garaian, 1990. hamarkadaren hondarrean, proiektu ugari partekatu bai-tzituzten. Garai hartan, obra guztien dramagintzan parte hartu zuen Gerediagaren lumak eta bihotzak, Lipusen zuzendaritzapean. “An-tzerkia idaztea Lipusi berari zor diot”, aitor-tzen du idazleak. Hainbat urtez batera lan egin ostean, bost urte zeramatzan bilbotarrak an-tzerkitik urrun, “teatroaz akituta nonbait, ez hain sozial, poesiaren hizkuntza soil eta bakartian babestuta”. Baina Lipus eta Gerediaga ez dira sekula oso urrun ibili. “Bere kezkak nire kezkak izan dira beti, eta proposamen hau egin zidanean gertuko sentitu nuen, nahiz eta niri ez zaidan gertatu inoiz hemen kontatzen duguna”. Hala ere, Gerediagaren iritziz, “maitasun istorio bat” dago guztiaren oinarrian. “Nahiz eta bestelako gaiak badiren inguruan, haragitzeko zailtasunak dituen maitasun istorio bat da guztiaren motorea. Jendearentzat gertukoa den sentimentua, azken batean”.
Poesia antzerkiratzea maite badu ere, Gerediaga ez da “antzerki gizona” sentitzen. “Dramagilea naizela esaten didatenean, nik uste hitz hori handiegi geratzen zaidala”. Gustura aritzen omen da antzerkia idazten, baina “erosoago” poesian. “Batetik, an-tzerkia idaztea talde lana delako -dio-. Ni obraren esanetara nago. Antzerkiak hizkuntza propioa dauka; testuaz gain, beste elementu asko daude jokoan, eta hori ikusten duena zuzendaria da. Antzerki gizona Lipus da, berak dauka beti azken hitza”. Baina, horrez gain, poesiarekin gehiago biluzten denaren sentsazioa ere izaten du Gerediagak. “An-tzerkia idaztean gehiago ari naiz fikzioa egiten; poesian, ordea, ez horrenbeste. Izan ere, testuei dagokienez, alde handia dago: antzerkirako testuak fikzioa dira, pertsonaia batzuk asmatzen ditugu eta eurek agintzen dute, ez nik”. Era berean, “idazleago” ere sentitzen omen da antzerkirako idazten duenean, “obra bat lantzeak eskatzen duen presio eta lanagatik. Poesian ez dut izaten hori, nahi dudanean idatzi ahal dudalako”.
Lipusentzat “plazer bat” izan da berriro ere Gerediagaren hitzak bere istorio baten zerbi-tzura izatea. “Denbora generaman elkarrekin zerbait egiteko ideiari bueltaka, baina ez genuen aurkitzen aldarterik, eta Jonentzat hori oso inportantea da: edukitzea aldarte on bat zerbait kontatzeko, eta oraingoan hala izan da”, dio zuzendariak. Gerediagak ez du Lipusek kontatzen duen esperientzia bizi izan, baina, azken honen iritziz, jakin du “bere sentimentuei hitz egokiak jartzen” eta esan nahi zuenaren “izpiritua harrapatzen”. Eta elkarrekin egin dute bidaia. “Istorio honetan behar nituen Jonen hitzak -agertu du Lipusek-. Berak badauka zerbait bere idazteko maneran asko gustatzen zaidana. Batetik, bere sentiberatasuna, baina baita garraztasun puntu bat ere. Gainera, Jonen poetikak sinbolismo handia du, bi gauza esaten dituelako aldi berean: esaten duena eta esaten duen horrek azpian gordetzen duena. Poetika hau nahi nuen baliatu istorio honetarako. Obra honetan maitasunari jarritako hainbat oztopo badiren arren, badago baita bizipoz bat hitzetan, Jonen poesia bizi-tzari eginiko kantu bat baita, bizitzaren aldeko aldarte bat”.
Intimotik politikora Gerediagak eta Lipusek ondo ezagutzen dute elkar, lagunak dira eta badute konfidantza. Beharko eduki, hiru urteko lana izan baita bien arteko azken hau, eta lehen testutik azken bertsiora zortzi edo bederatzi moldaketa egin dituzte. “Urteekin gero eta zorrotzagoak bihurtu gara”, dio Gerediagak. “Buelta asko ematen dizkiogu guztiari, baina uste dut ondo osagarritzen garela: hitzekin erraztasuna daukat nik eta Lipusek irudiak sortzeko intuizio ikaragarria dauka”, nabarmendu du. Halere, Gerediagak onar-tzen du “oso intentsoa” dela Lipusekin lan egitea, eta honek ez dio arrazoirik kentzen. “Intentsitate handiz lan egiten dugu gauza intimoak kontatu behar ditugulako, baina, era berean, gauza intimo horiek kamuflatzen jakin behar delako, eta hori gogorra da sarritan. Uste dut pringatu egin behar dugula, eta zentzu horretan izan behar gara politikoak. Hau da, zerbait intimoa kontatu nahi dugu, baina politikoa ere badena. Nire obrak beti dira politikoak; kontatzen dugunak badu osagarri sozial bat. Baina lehenengo konpromisoa norbere buruarekin dator beti, eta horrek oso momentu intentsoak dakartza, norbere buruari zertan ari naiz? galdetzerainokoak”, hausnartu du markinarrak.
Oholtza gaineko lanagatik ezagunagoa bada ere, azken urteotan bere proiektu pertsonalak aurrera ateratzeko lekua aurkitu du Ander Lipusek Huts Teatroaren baitan, Artedrama Arte Eszenikoen Plataformaren magalean. Publikoari Gorroto (XIII. Donostia Antzerki Saria) izan zen lehen sorkuntza eta Etxekoak du bigarren uzta. Artedraman ohi duten legez, Luhuson (Lapurdi) izango da azken honen estreinaldia, bihar. Hortik aurrera, berrogei ekitaldi inguru iragarriak dituzte Euskal Herri osoko hainbat herri eta hiritan, datorren urteko ekainera bitartean. Obraren sorkun-tza prozesua bera ere euskal lurralde osoan zabaldu dute eta lan taldeak Leioan, Luhuson, Itsasun, Zumaian eta Maulen egin ditu egoitza artistikoak. “Horrek ere ematen dio izaera berezia egiten dugunari -azpimarratu du Lipusek-. Leku bakoitzean bertako herritar edo taldeekin partekatu dugu sorkuntza prozesua, azken batean, artistarena ez dadin bilakatu lan itxi eta itsu bat, eta jendeak jakin dezan zertan ari garen: euskaraz ari garela teatroa egiten”.
Horixe baita asmoa. Teatroa eta euskaraz. Euskal antzerkian leku bat eraikitzea helburu. Publikoari huts ez egitea xede. Gonbita egina dago. Etxeko ateak parez pare zabalik daude, sartu nahi duenarentzat.