Azaroaren 15era bitartean, Irantzu Lekueren (Gasteiz, 1987) IndiaSensations erakusketa dago ikusgai Gasteizko Monte Hermoso jauregian. Bere osotasunean instalazio artistikotzat dauka erakusketa artista gasteiztarrak. “Indiako lurra bezala, aretoaren lurra okre koloreko hareaz beterik dago, eta harea horrek bide bakarra zehazten du. Bide horrek rangoli batera eramango du ikuslea. Eremu horretan, ikusleak artelan materiko-piktorikoak, argazkiak, bideoak, soinuak, Indiako objektuak, materialak, usainak eta eskulturak aurkituko ditu, besteak beste”. Beraz, bisitariaren zen-tzumenek adi egon beharko dute erakusketan murgilduta dabiltzan artean. “Bisitariak usaintzera, ikustera, entzutera eta ukitzera” gonbidatu ditu Lekuek.
Indiara eginiko bidaia batean du sorburua IndiaSensations erakusketak. Artista gasteiztarrak argi zuen Indiari buruzko erakusketa bat egin nahi zuela, “herrialde bitxia delako, espirituala eta ezberdina den herri bat delako”. Ideia, baina, Asiako herrialdean zegoela hasi zitzaion fintzen, bertan hasi baitzen deigarriak iruditzen zitzaizkion egoerei argazkiak eta marrazkiak egiten. “Gero, egindako marrazkiak berregin nituen irudiei bolumena emanez, ukimenaren bidez formak nabarmentzeko, horrela, pertsona guztiei artea dastatzeko aukera eman nahian”. Eta ildo horri segika, arte irisgarria deritzonean murgildu dela adierazi du. Lekueren ustez, normalena museoetara joan eta ezer ukitzeko aukerarik ez izatea da, baina argi du berak artea guztion-tzat sortu nahi duela. Horregatik, “mugarik gabeko instalazio artistikoa” eraiki nahi izan du.
Lekuek garrantzi berezia ematen dio bere lana mugarik gabe zabaltzeari, eta zailtasun orori aurre egiteko bere ahalegina egiten saia-tzen da sorkuntzen bidez. “Obra piktorikoak ikusi ezin dituen pertsona batek, adibidez, ezin du lan hori sentitu. Baina pertsona horrek berak artelanak hauteman ditzake bolumenarekin eta ehundurekin jolasteko aukera eskaintzen bazaio, soinuak eta usainak erabiltzen baditugu, eta artelanetara hurbiltzeko eta lan horiek ukitzeko baimena ematen badiogu”. Lan artistikoak urrunetik aztertzera behartu gaituztela salatzen du, eta artearen “ikuspuntu esklusibista” horrekin bukatu nahi izan du, “artea pertsona guztiengana ailegatzeko eta, ikusmenaz gainera, beste zentzumen batzuk ere lantzeko”.
Emakumeen aldarri Irantzu Lekuek kritika egiteko erabili du IndiaSensations erakusketa; kritika Indiako emakumeek bizi duten egoera salatzeko, injustizia soziala gaitzesteko eta kasten sistema zalantzan jartzeko “Indian emakumearen jazarpena haien familian edo senarrengan oinarritzen da. Senarren atzetik dabiltza beti, lan gogorrenak andreek egiten dituzte, senarrak etzanda dauden bitartean”. Gainera, uste du begiraden herrialdea dela India. Izan ere, gizonen arreta ez deitzeko, sari izeneko jantzi luze polit baten atzean ezkutatzen dira emakumeak. “Beraien etxeko lanetara eta haurren heziketara muga-tzen dituen patriarkatu baten menpe daude. Gurasoek ezin badute beren alaben dotea ordaindu, askotan bakarrik uzten dituzte, edo, txarrago dena, hil egiten dituzte. Horri gehitu behar zaio, emakumea alarguna izanez gero, bizitzan bertan hilda balego bezala tratatzen dutela”.
Indiako egoera Mendebaldeko gizarteetan bizi dugunarekin alderatzen du, gainera, Lekuek. Bere iritziz, patriarkatuak “min handia” egiten jarraitzen du. “Horren ondorio dira emakumeen kontrako tratu txarrak eta jazarpenak. Adibidez, behin eta berriro ikus dezakegu emakumeen aurkako degradazioa, sexu merkan-tzia baten pare ezartzen gaituztela eta gure soldatek ez dutela gizonen soldatekin zerikusirik”.
Hala ere, erakusketa intuitiboa dela uste sortzaileak. Indiari buruz hitz egin arren, Indiako kultura gure kulturan gertatzen denarekin harremanetan jartzen du. Ghandik kapitalari eta zuzengabekeria sozialei buruz esandakoekin osatutako artelanak daude, esaterako. Baina, bestetik, abstraktuak eta figuratiboak diren margolanak ere badaude erakusketan, soinuekin osatutako lanekin batera. “Zentzumenak libre uzteko ez da ezagupen minimorik eduki behar, ezta artelan baten inguruan pentsatzeko ere”.