Duela hiru urteko Bilboko Aste Nagusian hasi zen Guda Dantza taldea osatzen duten Uribe Kostako sei gazte hauen ibilbide musikala, taberna batean kontzertua emateko aukera eskaini zietenean. Gazteak eta oraindik ikasleak denak, oso gustu desberdinekin eta beraien artean ia ezagutu gabe, ska musika jotzeari ekin zioten, eta entzuleak dantzan jar-tzeko moduko errepertorioa sortu zuten zuzeneko hartarako.
“Kontzertura hurbildu ziren ikusleen iritziak entzun eta hasiera batean behin-behineko proiektua zena aurrera eramatea erabaki genuen”, azaldu du Xabi Torralbak, taldeko baxu-joleak. Kontzertu gutxi ematen zituzten hasieran baina, ondo zihoakiela ikusita, Taupaka elkartean sartzeko erabakia hartu zuten. Orduz geroztik, zuzenekoen kopuruak gora egin zuen eta baldintza hobeagoetan jotzen hasi ziren.
Diskoa grabatzea erabaki zuten orduan, baina, kontzertuetan irabazitako dirua nahikoa ez eta crowdfunding kanpaina martxan jarri zuten, espero zutena baino arrakasta handiagoa lortuz. Karena crowdfunding plataforma martxan jarri zenetik hilabete batzuk besterik pasatu ez direnean, bere emankortasuna agerian da iada, Guda Dantza taldearen lehen diskoa errealitate bat baita dagoeneko. “Talde berri eta ezezaguna ginen jendearentzat, baina gure alde apustua egin zuten eta jende askok bere laguntza eskaini zigun”, aitortu du Ander Basañezek, seikote honetako saxo-joleak.
Taldeko baliabide ekonomikoetara gehien egokitutako eta soinu kalitatearen aldetik erabat erakartzen zituen estudio batean grabatzeko aukera eman zien crowdfunding plataformaren bidez lortutako diruak: KMT estudioan, hain zuzen. Prozesua luzea izan zen, baina Durangoko Azokan diskoa aurkeztea lortu zuten azkenean. “Bertako salmentek eta Ahotsenean emandako kontzertuak proiektuak aurrerapauso erraldoia eman zuela erakutsi zigun”, onartu dute taldekideek aho batez. Harrez geroztik, Sestaoko gaztetxean eta Barakaldoko San Bizenteko jaietan kontzertu bana eman dute, “oholtza gainetik pixkanaka jendartean gure abestien letrak entzuteko aukera izatea posible eginez”, dio Jon Basañez tronpetalariak.
Guda Dantza izena irakurrita, Kortatu taldearen eraginik jaso ote duten pentsatuko du batek baino gehiagok, baina benetako arrazoia beste bat izan zen, Uribe Kostako gazte hauek diotenez: “Izen oso aproposa iruditu zitzaigun ska musikaren jarrera ondo adierazten duelako, fonetikoki izen indartsua da, eta gure musikaren ezaugarri nagusietako bat ondo laburbiltzen du: jaiaren bitartez bidegabekeriak salatzea eta herria borrokara deitzea”, azaldu dute.
Abestiei dagokienez, diskoan agertzen diren kanten sorkuntza prozesuan murgilduta zeudenean ohartu ziren pieza gehienek eguneroko arazo ezberdinez hitz egiten zutela, hori bai, ikuspuntu positibo bat mantenduz, “hodei grisen artetik agertzen diren oskarbiak bailiran”, dio Alain Beraza abeslariak; eta hortik dator, hain zuzen, lan berriaren izena. “Izenburua osatzen duten hitzak kontzeptu kontrajarriak dira, taldearen izena osatzen duten hi-tzen antzera. Aipatu ditugun arrazoiek bultzatu gintuzten diskoari Lainoak eta Oskarbiak izena jartzera”, gaineratu du Berazak.
Ez dute oraindik argi ikusten taldearen musika estiloa. Beraien aburuz, “zaila da lehenengo diskoa kaleratu berri duzunean estilo konkretu bat zehaztea”. Hori baino, nahiago dute egin dituzten abestiei buruz hitz egin, eta ez etorriko direnez. “Hasteko, kontuan hartzekoa da sei taldekide garela, gustu musikal anitzekin. Baina, konposatzerakoan, aldi honetan behin-tzat, rock eta ska erritmoak inposatu dira beste ezeren gainetik. Gainera, musika kexarako arma baketsu bat dela uste dugu, letretan jarrera zentzugabeak gaitzesten ditugu”, azpimarratu du Iker Maguregi bateri-joleak.
Lehenengo disko honek izandako harrera ona ikusita, urtearen amaierarako bigarren lan bat kaleratu nahi dute Guda Dantzako mutilek. “Argi dugu prozesua konplexua eta luzea izango dela. Gure lanarekin gero eta zorro-tzagoak gara, baina orain arte jasotako esperientziak eta gure barnean dirauen ilusioak bidea erraztuko digutelakoan gaude”, diote. Disko berria buruan duten arren, kontzertuak emateari ez diotela utziko jakinarazi dute. Hala, Lainoak eta Oskarbiak lan berriari “merezi duen bizialdia” eman nahi diote, “ateratzen diren emanaldi guztiak hamar abesti horiekin girotuz”.