Musika egitea denbora pasa bat izan daiteke batzuentzat, ogibide izango dute zortedun gutxi batzuek eta beste hainbaten-tzat barrua husteko modu bat da. Azken hauxe bilatu du bere bakarkako lehen lanean Libe Garcia de Cortazarrek (Bilbo, 1981). Ihesaldi handia izenburua du Gasteizen hazi eta bizi den abeslari eta piano-jotzaile honen diskoak eta iaz ikusi zuen argia Bonberenea Ekin-tzak zigiluaren eskutik. Talde lana izan dela dio Libek, izan ere diskoan eta zuzenekoetan aspalditik lagun dituen Aitor Acosta Atxus (baxua), Jesus Billalabeitia (gitarra) eta Eneko de Arza (bateria) musikarien ekarpenak “ezinbestekoak” izan dira diskoa osatzeko orduan. Joseba Ponce, Dani Foronda eta Karlos Osinagak ere parte hartu dute hainbat kantutan, gitarrarekin. Karlos Osinaga (Bonberenea Estudioa) eta Aitor Acosta (Cue Audio estudioa) arduratu dira grabaketaz, eta Jonan Ordorika masterizazioaz.
Ihesaldi handia osatzen duten 11 kantuetan nabari da halako Yin-Yang indarren arteko oreka bat. Rockaren muga zabalen barruan beti ere, ahots guztiz hetereoek ahots gartsuekin kontrastatzen dute kantu askotan; abesti edo zati batzuen biluztasun eta soiltasuna geruzaz geruza osatzen joandako beste zatiekin nahasten da; eskutik doaz doinu zeharkako eta misteriotsuak eta hitz metaforiko baina zuzenak. Oreka perfektuan daude argiak eta ilunak, musika, oro har, iluna baita, baina aura moduko batek inguratzen du guztia. Azkenean iluntasunak lekua uzten dio argitasunari, askapen prozesu baten moduan. Hori bera irudika-tzen dute azaleko eta kontrazaleko argazkiek ere: urpean soka batez eskuak lotuta ageri da Libe azalean, baina, kontrazalean soka baino ez da ikusten, aske da orain.
Musikalki eta hitzen aldetik ez ezik, artelan bat da bere osotasunean Ihesaldi handia diskoa. Diseinu aipagarria du barneko liburuxkak, Dani Arrizabalagak eta Marcial Justelek Liberen ideiatik abiatuta egina. Orri bakoitzean kantu bat, eta horietako bakoitzaren hitzen gainean sepia tonuko argazki edo collage bana, hitzen esanahia fantasiazko irudi bereziez grafikoki indartuz.
‘Doinu bat, izpi bat, jaio naiz, denbora neraman nire zain’. Libe bakarlaria da hitz egiten duena?
Izan daiteke. Aspalditik nire abesti propioak egin nahi nituen eta azkenean lagun onen laguntzarekin lortu dut amets hori betetzea. Orain arte egon naizen taldeetan egin dudana sortuta zegoen abestiari nire arregloak edo koroak gehitzea izan da, eta orain abestiak nigandik sortu ditut. Orain ehuneko ehunean naiz ni.
Hamaika kantuz osatu duzu diskoa. Orohar, kantuak eta testuak ilunak dira. Barruak husteko eta argirantz egiteko ariketa izan da? Iluntasunetik ihes egitekoa?
Bai, ariketa ona gainera. Oso terapia ona da musika egitea garai txar batetik ateratzeko, barrua lasai-tzeko, askatzeko eta husteko. Hala eta guztiz ere, iluntasun puntu bat daukat beti, oso sentibera naiz eta batzuetan gauzak ilunegi ikusten ditut hainbesterako ez direnean. Gainera, musika ilunak, motelak edo tristeak alaiak baino gehiago sentiarazten dit.
Hainbat taldetan aritu izan zara, teklatuekin eta koroak egiten. Zer ematen dizu bakarlari gisa ari-tzeak, eta nolabait, biluziago ari-tzeak?
Nire barrua atera nahi izan dut beti, eta asko disfrutatzen dut melodiak egiten. Oso dibertigarria da pianoaren aurrean esertzea eta ikustea zer ateratzen den. Melodia hori taldekideekin lantzea eta abestiak sortzea ere oso polita da. Baina ederrena da jendearen aurrean barrutik ateratako abesti horiek jotzea eta abestea. Sentsazio hori munduko onena da.
Nola joan zara hamaika kantu horiek konposatzen?
Pianoarekin lagunduta, poliki-poliki barneko sentimenduak ateratzen ibili naiz. Abesti batzuen melodiak, Mamuak izenekoarena kasu, gitarrarekin sortu ditut. Nik uste ez dela musikari oso ona izan behar abesti bat sortzeko. Ez naiz oso trebea pianoan eta askoz gutxiago gitarrarekin, baina konposatzeko molda-tzen naiz. Nire ustez, ideiak egiteko garrantzitsuena inspirazioa edo zerbait ateratzeko beharra edukitzea da. Horretan ere, oso frustrantea da hori gertatzen ez denean, zeren ba-tzuetan, nahiz eta melodiak egiten saiatu, ez dira ateratzen. Baina ateratzen denean izugarria da.
Bidelagun garrantzitsuak izan dituzu disko honetan.
Joseba Ponceren laguntza oso inportantea eta nabaria izan da disko honetan. Sei abestitan parte hartu du gitarra arregloak egiten konposekataren orduan. Ideiak biluziak bidali nizkion eta berak lagundu dit forma ematen, abestiak janzten. Baina Josebaz aparte, Txus, Atxus edo Eneko ere ezinbestekoak izan dira diskoa osatzeko; lokaleko lana ere guztiena da, eta oso harro gaude emaitzarekin. Bestalde, Jon Basaguren oso idazle fina da, eta egiten dituen testuak brutalak dira. Ni hitzen arloan ez naiz batere trebea, eta abesti batzuetan ez nekien nola egin hitzak edo neukan hitzanola bukatu, eta bere ekarpena ederra izan da. Berehala harrapatu zuen transmititu nahi nuen ideia, kristoren lana egin du.
Diseinua ere abestiak eta letrak bezain landua da. Nabari da denboraz eta gustu handiz egin nahi izan duzula diskoa, presarik gabe.
Halaxe da bai, denborarekin normalean gauzak hobeto ateratzen dira. Diseinuaren kontzeptua oso argi neukan, eta hura garatzeko bi lagunei laguntza eskatu nien. Alde batetik, portada eta liburuxkaren ar-gazkiak egiteko Dani Arrizabalagaren laguntza ezinbestekoa izan da. Oso argazkilari ona izateaz gain, gustu handia du eta oso langilea da. Bestalde, collageak eta marrazkiak egiteko, Marcial Justelekin kontatu dut. Oso artista ederra eta sentibera da, badaki sentimenduak paperean isla-tzen. Plazer handia izan da bi artista hauekin kontatzea diseinurako. Ezin zitekeen hobeto geratu.
Neubat-ekin igo zinen oholtzara, duela dozena bat urte, baina musikarekiko harremana aspaldixeagokoa da ezta?
Nire gurasoen etxean musika asko entzun dugu beti, eta musika tresna desberdinak zeuden; eskura nuen pianoa edo gitarra. Urte batzuk egon nintzen musika klaseak jasotzen eta ikasten. Baina talde batean jotzea oso dibertigarria da, ez du zerikusirik partiturak irakurtzearekin.
‘Zeurea’ den musika egin nahi izan duzula diozu. Baina nola joan da osatzen ‘zeure musika’ den hori? Zein iturritik edan du?
Ibili naizen taldeak erabakigarriak izan dira. Kanda eta Sorkunekin asko ikasi nuen, musikari gisa gara-tzen lagundu didate, eta abesti hauetan nabaritzen da hori. Bestalde, musika asko eta oso desberdina en-tzun izan dut beti etxean txikitatik, eta horrek ere laguntzen du.
Zure musikak euskaraz behar zuela izan ohartu zinen egun batean.
Euskara hizkuntza ederra iruditzen zait; uste dut oso polita dela entzuteko. Gainera, nire musika giroa euskalduna izan da betidanik. Duela urte batzuk erabaki nuen euskara ikasi behar nuela, eta oso harro nago nire erabakiaz. Argi neukan disko hau euskaraz izango zela. Egia da euskaldun berria izateak batzuetan segurtasun eza eragiten didala, baina momentuz ondo eramaten ari naiz eta kontent nago.
Non ikusi nahiko zenuke zeure burua, musikari bezala, hemendik urte batzuetara?
Bada ez dakit. Gustatuko litzaidake bigarren diskoa grabatzea, baina hori egin arte beste proiektu ba-tzuk ere baditut esku artean, beraz, momentuz, nik uste ez naizela geldituko. Gauza asko ditut abesteko oraindik. Ea hala den.