Gure inguruko hizkuntza gutxituen artean handiena den katalanak poesia egile oparoak izan ditu. Horren erakusgarri da Gerardo Markuleta poeta eta itzultzaileak argitaratu duen Poeta katalan garaikideak antologia. 1997an Markuletak berak osaturiko Zenbait poeta katalan du oinarrian lan honek. Elkar argitaletxeak Urrezko Bilduman sartu zuen lan hura gaurkotu, poema bat gehitu eta hitzaurre berri bat egin dio Markuletak. Bederatzi poeta katalanen lanak biltzen dira: Josep Carner, Carles Riba, J. V. Foix, Joan Salvat Papasseit, Pere Quart, Salvador Espriu, Joan Vinyoli, Gabriel Ferrater eta Vincent Andrés Estellés. Egile bakoitzaren bederatzina poema aurki daitezke: jatorrizko katalanezkoa eta euskarazko bertsioa. “XX. mendekoak dira guztiak eta denak daude hilda, baina orotariko estiloen adibide dira: klasizistak, abanguardistak, herriarekin eta kulturarekin konprometituak, berritzaileak... denetarik dago. Izen handikoak izatea, beste hizkuntza batzuetako antologietan agertu izana eta autore berrientzat inspirazio iturri izatea hartu dut kontuan aukeraketa egiterakoan”, dio Markuletak.
Euskaratutako poesiaz Historian zehar, euskarara itzulitako 78 poesia liburu baino ez dira ageri, kopuru “negargarria”, Markuletaren ustez: “Argitaletxe gehienek ez dute poesia itzultzeko apusturik egin. Azken urteetan, Pamielak eta Susak egin dute ahalegin bat, baina arazoa betikoa da: poesiak irakurle gutxi dituela. Niri sekulako plazerra ematen dit poesiak eta plazer hori kutsa-tzen asmatu behar dugu”.
Poesia euskarara itzultzea sekulako ekarpena da Markuletaren iritziz: “Gure hizkuntzara ekartzen duguna zenbat eta ugariagoa eta hobea izan, are aberatsagoak izango dira gure literatura-baliabideak”. Dena den, kanpokoa euskaratzeaz gain, euskaraz sortutako poesia kanpora hedatu beharra ere aldarrikatzen du: “Poesiaren helburua mezu unibertsalak sortzea izanik, horiek soilik gure etxeko apaletan gordeta izateak ez du zentzurik. Bestalde, ezin ahaztu euskaratik gaztelaniara itzulpenak egiteko dagoen beharra. Sarritan ahaztu egiten dugu Euskal Herriko populazioaren gehiengoa ez dela euskalduna eta asko direla Sarrionandiaren edo Izagirreren poesiaz gozatu ezin dutenak”.
Euskal Herria eta Katalunia Kataluniako literaturak gurean duen jarraipenaz galdetuta, hauxe dio oñatiarrak: “Izan liteke katalanak eta euskaldunak gertu egotea geografikoki, afektiboki eta politikoki ere, baina elkarren arteko ezagutza kulturala oso mugatua da. Historikoki loturak egon diren arren, literaturan eraginak oso murritzak izan dira”, uste du. Hala, Quim Monzó eta Sergi Pámiesen ipuin liburu bana salbu, katalanetik euskarara oso lan gutxi itzuli direla deritzo Markuletak. Aldiz, euskal literaturak Katalunian pisu handiagoa duelakoan da, Atxaga, Uribe eta katalanera itzulitako beste egile euskaldun batzuen lanei erreferentzia eginez.
Beste hizkuntza batzuetatik poesia euskaratzean zailtasun ugari sortzen dira poeta honen esanetan: “Hizkun-tza bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta euskararen kasuan desberdintasunak are ugariagoak dira. Dena den, poesia euskaratzen hasten garenean badakigu egingo duguna hurbilpen bat baino ez dela eta ez garela iritsiko poema batek bere horretan ematen duen guztia ematera. Hala, euskaratzean, originalaren baliokidea izango den beste poema berri bat birsortu behar izaten da”.
Azken finean, itzultzea hitzak hizkun-tza batetik bestera pasatzea baino zerbait gehiago da Markuletarentzat: “Poetarentzat poesia itzultzea bere lanaren luzapen bat da. Itzultzean idazten ere ari gara, itzultzean ere badagoelako nolabaiteko parte sor-tzaile bat. Gainera, poesia itzultzaile gehienak, poesia irakurle sutsuak izateaz gain, poetak ere badira: Mirande, Aresti, Sarrionandia, Izagirre, etab.”. Markuleta bera ere zerrenda horretan sartu behar dugu, Denbora bere lekuan bere seigarren poema liburua kaleratuko baitu datorren udaberrian.