XX. mendearen hasieran jende xehea nola bizi zen jakiteko, argazki zaharrak edo historialarien kontakizunak dauzkagu. Maiz, ordea, bizimodu haren detaile asko galdu egiten dira, orduko gizon-emakumeek eguneroko zereginei nola ekiten zieten zehatz-mehatz ezagu-tzerik ez dugu. Horregatik, Jose Manuelen ibilerak bezalako liburuek balio handia dute. Haurtzaroa Zumaian igaro zuen Jose Manuel Linazasororen idazkiei esker, orain dela ehun urteko ohiturak eta pentsaera guganaino heldu dira. Baleike elkartearen ekimenez argitaratuta, Imanol Azkuek sakon aztertu du testua, eta kontestuan jarri.

Jose Manuel Linazasoro 1911n jaio zen Zumaian. 1922an, Pasaiara aldatu zen, aitak lana lortu baitzuen han. Lanbidez tornularia izan zen eta, afizioz, pilotaria, Txulofronton ezizenekoa. 1975ean hil baino lehentxeago, txikitako oroitzapenak koaderno batean ida-tzi zituen. Koldo Izagirre idazleak Jose Manuelen senideen bidez aurkitu zuen koaderno hura eta pasaitarrentzat interes handirik ez zuela ikusita, Imanol Azkuerekin harremanetan jarri zen. "Jose Manuel txikia zeneko kontuak ziren, horrelako lekukotzak idatziz izatea ez da batere ohikoa", Azkueren esanetan. Behin koaderno originala eskuratuta, Baleike aldizkarirako artikulu bat idazten hasi zen, baina berehala konturatu zen lan luzeago baterako gaia bazela han.

Jose Manuelen koadernoa bera 20 orriko idazki bat da, zazpi edo zortzi urte zitueneko oroitzapenekin. "Garai hartan nola bizi ziren, umeak nola jolasten ziren irakur daiteke, bizimodua ehun urtean nola aldatu den ikusteko aproposa da", dio Azkuek. Liburua, ordea, koadernoaren erreprodukzioa baino gehiago da: "Nolabait saiatu naiz esaten dena egiaztatzen, hau da, garai hartako datuekin kontrastatu eta pasadizoak testuinguruan sar-tzen". Hala, bost atal ditu liburuak: sarrera; koadernoko kontakizun batzuen azalpena eta komentarioa; 1910-20ko Zumaiako gizarteaz eta lanbideez datu batzuk; koadernoaren beraren faksimila; eta bibliografia. "Artxibo zaharretan eta hemerotekan bila ibili naiz, datu osagarriak emateko". Beraz, Jose Manuelen ibilerak garai hartako Zumaia ezagutzeko ikerlan sakona da.

Jose Manuel Linazasoro euskaldun peto-petoa izaki, deigarria da koadernoa erdaraz idatzita egotea. Azkuek dioenez, "Jose Manuel euskalduna zen, baina garai hartako guztiak bezala, erdaraz eskolatua eta, beraz, gaztelaniaz baino ez zekien idazten". Idazkeran, euskararen eragina nabari zaio, euskarazko esamolde batzuk ere sartu zituen, "zekien bezala idatzi zuen". Estiloari dagokionez, aldakor samarra da, "batzuetan oso idazkera formala du, beste batzuetan, ez hainbeste".

Kakahuetez beteko ontziaz Familiaz, eskolaz, kaleko jolasez idatzi zuen Jose Manuelek, "garai hartako umeek nolako imajinazioa zuten ikusten da". Pasadizo bitxiak ere badaude. Azkuek bereziki gogoan du Lehen Mundu Gerran itsasontzi bat Zumaiatik gertu hondoratu zenekoa: "Frantziako on-tzia zen, kakahuetez betea; Jose Manuelek kontatzen du kostalde osoa kakahuetez bete zela, jendea haiek biltzen aritu zela, gero jateko". Gertaera haren oroitzapen bizi-bizia zuen, "lehenengo aldiz pertsona beltzak ikusi zituela dio, tripulazioko kide batzuk halakoak zirelako eta, kontatzen du, behin ere ez zuela hainbeste kakahuete jan!".

Baleike elkarteko kide guztiek liburuaren ale bana jaso dute. Gainera, Zumaiako denda ba-tzuetan salgai jarri dute. "Zumaiarrentzat lan interesgarria da, baita orain dela ehun urteko istorioak gustuko dituztenentzat ere", dio egileak. Liburu "arina" idazten saiatu da, edonorentzat egokia. Azkueren arabera, "beste herri batzuetan hauek bezalako istorioak egongo dira seguruenez, edozein herritan dago Jose Manuel bat, aspaldiko istorioak kontatzeko gogoz". Zumaian daukaten suertea da lekukotza horiek, ahoz bakarrik ez, idatziz ere jaso ahal izan dituztela.