Belle Epoque-eko garaian, 1890. urte inguruan, eguzkitarako krema dugu Browning Cream delakoa. Elkano eransten badiogu, aldiz, erritmo ani-tzak uztartzen dituen musika taldea daukagu: jazz, blues, musika afrikarra, ekialdekoa? eragin ugarikoa, edozein kasutan. Izen bitxia ere Donostia, Britainia Handia eta Parisetik etorritako hirukotearentzat. Bakoitzak bere nortasun eta estilo propioarekin bat egitea lortu dute berriz, UH EH deritzon laugarren diskoa bide. Bildumako Rich Man Poor Soul abestiaren hasieran entzuten den oihu baten transkripzioa da UH EH-ren esanahia. "Energia positibo aska-tzaile baten garrasi moduko bat", azaldu du Mikel Azpirozek taldeko pianista, organista eta sortzailea ere badenak. Gari edo Fermin eta Jabier Muguruza anaiekin lan egin izan du Azpirozek.

Hamahiru abestik osatzen dute 65 minutuko iraupena duen lanak, "kolore eta ñabardura" asko biltzen dituena. Musikak eragiten dituen sentipenak loratzea bilatu du hirukoteak, "sentipen onak eta positiboak transmititu, entzulea hobeto sentiarazten dutenak nolabait". Azpirozen kasuan, musikak sarritan bultzatzen du "fantasiazko bidaia mentaletara, arazoak ahaztuz une batez. Gure entzuleekin ere hori lor-tzen badugu, gu pozik". Bere aburuz, UH EH taldearen lanik "sakonena" da: "Pisu handiko musika dago bertan, arima handikoa".

hammond organoa Erritmo alaiak, freskoak, arinak? UH EH entzutean berrogei urte atzera saltoa egiten dugula dirudi. Izan ere, 60ko hamarkadan sortutako instrumentua erabiltzen du hirukoteak, Hammond organoa, bateria eta gitarrarekin batera, noski. Baina, beren asmoa ez da garai horretako musika sortzea. "Taldearen soinuek garai haietako musika gogorarazi diezagukete, baina beti ere gaurko garaietako musika egiteko moldearekin".

Kantauri itsasoa izan dute inspirazio iturri, bost egunez Donostiako etxe bateko egongelan "itxita" ibili baitira azken lan hau grabatzen. Joan den urteko maiatzean izan zen hori, Kontxako hondartza azpian zutela, "lanerako leku atsegina", dio Azpirozek. Hiru musikariek beti lan egin dute estudio mugikorrarekin, "taldea estudiora eraman ordez, estudioa eramaten dugu taldea dagoen lekura. Gustatzen zaigu graba-tzeko ohikoak ez diren lekuetara joatea, eta inguruak eskaintzen dituen bibrazioak senti-tzea", adierazi du.

Letrak Azpirozek berak idatzi ditu, ingelesez. Dena den, gutxi dira hauek diskoan: "Taldearen izaera beti izan da instrumentalagoa, hasieratik abesti batzuk letrarekin egin baditugu ere. Ahotsak badu bere zentzua, baina aldi berean eskema instrumentala sakontzea dugu gustuko, eta horregatik nahasten ditugu abestuak diren eta abestuak ez diren musikak". UH EH-ren hamahiru piezen tituluak ere ingelesez daude, bat izan ezik, Aurresku. "Euskal aurreskuaren bariazio bat da. Jatorrizko doinua hartu eta gure erara moldatu dugu. Beste estilo batera eramanez, hau ere dantzagarria, baina beste era batean".

Soinu Gordinagoa Elkano Browning Cream taldekide berriarekin dator: Dave Wilkinson britainiarra. "Izugarrizko musikaria da, bai gitarra jotzen zein abesten", nabarmendu du Azpirozek. "Estilo aldetik ere jotzeko oso era aberatsa du, jazz-ean eta blues-ean oinarrituta; itzela da bere erritmoaren erabilera". Wilkinsonekin batera, aurretik ikertu gabeko bide ba-tzuetan murgildu dira azken lan honetan, "soinu gordinagoa eta zuzenagoa landuz, bat-batekotasun handiagokoa".

2007an Estatu Batuetan sortu zenetik, taldea han-hemenka ibili da beti, munduko bazter batetik bestera zuzenekoak eskaintzen eta estudio mugikorrarekin grabatzen, oso bestelako kultura eta ohiturak ezagutuz; Txina, Ekuador edo Australia, esaterako. "Gure lanbidearen gauzarik ederrenetako bat da musikaren bitartez zubiak eraikitzea, hizkuntza eta jatorri kulturalen gainetik. Ederra da bestelako komunikaziorik izango ez genukeen jendearekin elkar-ulertze bat lortzea musikaren bitartez; senti-tzea jotzen ari garen horrek baduela entzulearengan eragin positiboa. Nahiz eta hain bazter desberdinetan jendearen erreakzioa oso an-tzekoa izaten den, musikak ondo sentiarazten dienean esker ona adierazten dute".