Musikari ona izatearekin ez da aski", gogorarazten die Asier Polo biolontxelo jotzaile eta Musikene Euskal Herriko goi-maialako musika ikastegiko irakasleak bere ikasleei. "Onena izan behar duzu". Ongi daki hori bakarlari gisa nazioarteko areto nagusietan txalotua izan den musikari bilbotarrak, eta ezkortasunean erori gabe, ikasleei lehia handia dagoela oroitarazten die. "Orkestrarako postu bat ateratzen da hemen, eta munduko 26 txelo jotzaile datoz. Ezinbestean onena izan behar duzu". Bat dator Xabier de Felipe biolin jotzaile gaztea, Berlinen master ikasketak bukatu berri, eta bertako Concert House-ko orkestran akademizista izaki, gertutik bizi baitu errealitate hori. "Korea, Txina, Japon, Frantzia edota Estatu Batuetatik etortzen da jendea hona, lehen baino errazagoa delako bidaiatzea eta internetekin errazagoa delako informazioa eskuratzea. Esaterako, Pariseko orkestran lanpostu bat ateratzen bada, munduko musikari onenek segidan jakiten dute".

Hala ere, euskal musikari gazteak bete-betean sartuta daude goi mailako musikagintzan, oraindik ere Europatik "asko ikasteko" badugu ere, De Feliperen ustez. Urtero 80 musikari gaztek bukatzen dituzte ikasketak Musikenen, "eta bertako ikasle bat Frantziako edo Alemaniako musikari baten parean izatea lortzen ari gara pixkanaka", Poloren hitzetan. Baina, egoera ekonomikoak ere estutzen ditu bertako musikari gazteak. "Musikari izatea ez da sekula erraza izan", azpimarratzen du Patricio Goialdek, Musikene-ko zuzendari kudeatzaileak. "Orain, baina, are zailagoa da, gazteentzako aukerak gutxiagotu direlako. Orkestretan ez da plazarik ateratzen, eta zenbait musika ziklo ere desagertu dira".

Ikasketak bukatu berri dituen Iraia Bereziartua biolin jotzaileak sumatu du hori. "Lehenago, esaterako, Euskadiko Orkestratik dei-tzen zizuten jotzeko, orain ez. Kolaboratzaile izateko deialdiak ere desagertu egin dira". Horregatik, musikari askok ibilbidea kanpoan egitea erabakitzen dute, noiz itzuliko diren jakin gabe.

Musikaren Guggenheim-a Musikene Euskal Herriko goi-maiako musika ikasketen zentroa bultzada garrantzitsua izan da euskal musikarientzako. Orain hamabi urte zabaldu zen, eta azken urteotako barne gatazkak izan badira ere, "prestigio handiko" erakundea dela dio Goialdek. "Horren froga da kanpoko eta bertako ikasleak gurera etorri nahi dutela. Aurten ere 82 plazetarako 241 lagunek izena eman baitute". Estatuko erreferentziazko zentroa bihurtu da, Poloren aburuz. "Musikaren Guggenheim-a da Musikene, jende oso ona eta nazioarte mailakoa elkartu garelako". Izan ere, irakasleetako asko interprete entzutetsuak dira, Asier Polo kasu. Horrek erakarri zuen Iraia Bereziartua ikaslea, esaterako. "Hemen bertan eta oso maila altuko irakasleekin ikasteko aukera eskaintzen du Musikenek, eta kanpoko ikasleak ere horregatik etortzen dira hona". Hori dela eta, musikari maila altua lortzeko "ez da ezinbestekoa kanpora joatea", Polok dioenez.

Dena den, Musikenek ez du ikasketekin jarraitzeko masterrik eskaintzen, datorren urtean orkestrazio masterra martxan jarriko badu ere. Horregatik, edota esperientzia berrien bila, atzerrira joaten dira ikastera hainbat gazte. "Ahal izanez gero, oso aberasgarria da", dio Goialdek. "Baina kontua da ahal izatea". Ekonomikoki ahalegin handia egin behar baita, Bereziartuak ere azpimarratu duenez. "Kontserbatorio asko daude, baina dirua behar da. Atariko azterketa egiteko ordaindu behar duzu, eta baita bidaia egiteko ere". Diputazioek nahiz bestelako erakundeek zenbait beka eskaintzen dituzte, baina diru laguntza hori ondoren jasotzen da. "Ezin zara beken zain egon, eta normalean horiekin kontatu gabe kanpora joateko ahalegina egiten duzu. Gero saiatzen zara beka eskuratzen". Hala ere, atzerrira ikastera joan nahi duela garbi du Bereziartuak, eta Graz, Brusela eta Amsterdameko kontserbatorioko atariko probak egin ditu. "Hemen geratzen banaiz, maila asko jaitsiko nuke. Gainera, gehiago ikasteko gogoa dut, eta kanpoan daudenek asko ikasten dutela diote".

Europatik urrun Ildo horretan, Alemaniarako bidea hartu zuen Xabier de Felipek, Nicanor Zabaleta eta Bizkaiko Diputazioaren bekak baliatuta. "Hemengo maila hobea da, eta aukera musikalak ere gehiago dira, batez ere gaztea bazara". Izan ere, musika ikastegien kalitateaz gain, bestelako ekintzetan parte hartzea ezinbestekoa dela dio biolin jo-tzaileak. "Munduko musikari onenak etor-tzen dira Berlinera, eta hori bizitzea aukera handia da. Gainera, maila altuko orkestra gehiago daude, semi-profesionalak ere badaude, musikari gazteekin lan egiten dutenak, eta ganbara taldeetan ere parte hartzeko aukera duzu. Hori da Euskal Herrian falta dena".

Are gehiago, kontzertu eta zikloetan beherakada sumatu du Goialdek. "Adibidez, o-rain urte batzuk kontzertu zikloak antolatzen ziren aurrezki kutxen gizarte ekin-tzek lagunduta. Baina, dirua murriztu zaienez, ziklo horiek kendu dituzte". Ganbara taldeekin ere beste hainbeste gertatzen dela dio, jotzeko espazioak eta aukerak gero eta murritzagoak direlako. Horregatik, Euskadiko Orkestrarekin elkarlana bultzatzeko lanean ari da Musikene, eta Asier Polok ere dauden espazioak mantendu behar direla aldarrikatu du. "Gaztea den musikari bat ezin da zuzenean orkestra batean hasi, bestelako bideak behar ditu, laukoteak edota bestelako formatuetako taldeak. Hori ezinbestekoa da musikariaren prestaketarako, eta horregatik mugitzen da jendea, esperientziak edukitzeko".

Ezin esku hutsik itzuli Gaur egungo egoera kontutan izanik, Euskal Herrira itzultzea zaila dela dio De Felipek. "Urte batzuk kanpoan eman, eta itzultzeko asmoa nuen. Oraindik ere etxera itzuli nahiko nuke, dena ez delako bizitza profesionala, baina nahiko zail ikusten dut". Aukera gutxi daudela dio: " Oraingoz Bilboko Orkestra Sinfonikoak, eta Euskadiko Orkestrak aurrera jarraitzen dute, baina ez dituzte postu berririk eskaintzen. Esaterako, musikari batzuk erretiratu egin dira, baina ez dira postu horiek guztiak atera. Horregatik diot gero eta aukera gutxiago ditugula". Iraia Bereziartua ere ados dago, eta aukeren arabera hartuko ditu erabakiak. "Han suertatzen bada aukera, han geratuko naiz". Baina badu esperantzarik. "Donostia 2016 Kultur Hiriburuaren izendatzearekin akaso aukera gehiago egongo dira, eta baliteke guretzako ateak zabaltzea".

Irakasle lanetan ere aritzen dira musikarien gehiengoa, Asier Polo bezala. "Hemen interpretazioaz soilik bizitzea ia ezinezkoa da", gogoratzen du Goialdek. "Normalean bi lanak, interprete eta irakaslearenak uztar-tzen dira". Bereziartua ikasle denetik aritu da musika eskoletan lanean, eta atzerritik itzultzean ere lan horri heldu nahiko lioke. Polok ere azpimarratu duenez, interprete arlorako aberasgarria da irakasle aritzea, "ideiak zehazten eta argitzen laguntzen dizulako, irakasteko gogoa baldin baduzu, noski". Baina, Goialderen arabera, musika irakaskuntzan aukerak ere murriztuko dira. "Tapoi bat egongo da laster, musika eskolak ezin direlako gehiago handitu, eta irakasleak gazteak direlako".

Ildo beretik, musikari lana "gero eta gogorragoa" izaten ari dela dio Polok. "Asko mugi-tzen den lanbidea da, eta gure musikariak Parisetik edo Berlinetik ateratzen direnen pare atera behar dira". De Felipek garbi dauka hori. "Maila gero eta altuagoa da. Oso pozgarria da, baina horrek esan nahi du gero eta nekezagoa dela lan bat topatzea". Horregatik, ikasketak egiteak lanpostua ez duela bermatzen azpimarratu du Polok. "Alemanian hori orain 40 urtez geroztik gertatzen da, eta Europa ekialdeko tradizio musikal handiko herri askotan ere beste hainbeste pasa-tzen da. On-onenak soilik dira profesionalak".

Beraz, euskal musikariek "pilak ipini" dituztela dio De Felipek. "Musikari euskaldun ba-tzuk bagabiltza munduan zehar, eta denek daukagu garbi konpetentzia oso gogorra dela. Zortea ere behar da, noski, musika oso subjektiboa delako, eta lanaren arabera musikari baten perfila edo bestea bilatzen delako. Baina gu adi gaude, eta edozein lanpostu edo leku ateratzen bada, aukerak izateko prest gaude".