Joxepa Antoni Aranberri Petriarenak (1865-1943) haurra zela galdu zuen ama, Errenteriak jasan zuen baztanga izurritearen ondorioz. Berarekin batera hil ziren erditu zuen alabatxoa, osaba Xenpelar eta bere emaztea. Horregatik, ezin da jakin Joxepa Antoni non jaio zen, "etxe horretan gaixo zeudenak baitzeuden", dio Elixabete Pérez Gazteluk. Lau urte zituela, ostatu batean hartu zuten Joxepa Antoni haurra eta, itxura guztien arabera, beste etxe batera eraman zuten, baina hori ez da inon argitaratu eta, hortaz, ezin dela jakin dio lanaren egileak. Dakiguna da, erroldetako datuetan jasotakotik, bere aita, ama hil eta segituan, Maria Justa Bibiana Gorostiolarekin ezkondu zela eta, ia 45 urtera arte, aitarekin eta amaordearekin bizi zela.

Langilea, jostuna eta bertsolaria Errenterian lihoaren sektoreko fabrika asko zeuden eta, familiako beste kide batzuk bezala, bera ere, ogibidez fabrikako langilea zen. Emakume tradizionalaren itxura zuen, bere etxe azpiko jostundegiko argazkiak erakusten duenez. "Zorionez argazkiak ditugu, gerra aurrekoak seguruenera, hori gutxitan gertatzen baita". Beltzez jantzita dago eta antiojo lodiak daramatza, "azken urteetan ia ikusten ez zuelako". Oso erlijiosoa zen eta politika eta gizartearen antolamendu aldetik ideologia karlista zuen. Ikuspegi hori izan arren, kulturaz janzteko zuen gogoa azpimarratu behar da. "Bertsoak erosten zituen, irakurtzeko gogoa zuen eta Bilbon argitaratzen zen Ibaizabal errebista ere irakurriko zuen". Hala ere, mundu kulturala segitzeko aukera gehiago ez zuen izan, aitak soilik doktrina ikas zezala esan eta hegoak moztu zizkiolako.

Emakume neska-zaharra zen. Oso ausarta iruditzen zaio Elixabete Pérez Gazteluri: "Enrike Elizetxea neska-zaharra zela eta adar joka aritzen zitzaion eta, berak, bertso-lehian sartuta eran-tzuten zion". Bere bertso-paperik ez dago eta ezta bere ahotsaren grabaziorik ere, baina Monika Galarraga, Joxe Goñi edota Florentina Pérez berriemaileek kontatutakotik partiturak egin eta zein doinurekin abesten zuen jakin izan da; lan honetan, Mirari Pérez Gaztelu abeslariaren ahotsean aurkezten dira. Bertsolari gisa, Fabrikan bertso kantari bertsoak erakusten du bere bertso jardunean rol desberdinak hartzeko gaitasuna zuela. Eta, hori, berritzailea da, garaia ikusita eta emakumea zela jakinda. Fabrikako bizimoduaz gain, erlijioa, politika eta gizarte gaiez aritzen zen bertsotan. Rikardo harakinari egindako bromak, herrian egindako eskariak edota kopla modura botatako zorion agurrak eta gutunak jaso dira. Beraz, "ez zen gai bakarreko bertsolaria", zehazten du egileak.

Transmisiorako lana Garai hartan bertso-plazak gizonenak ziren, baina ez dakigu Joxepa Antoni plazetan aritzen zen edo ez. Jostundegian arituko zela pentsa daiteke, hura zelako bere etxea eta han zuelako bere familia. "Oraingoak plazan, kalean, tabernan, antzerkian eta behar den lekuan ibiltzen dira gizasemeak bezala, baina garai hartan sagardotegietan eta kantatzen ibiltzea ezin zen pentsatu". Gizonek plaza eurena izan dute. Emakumeek, aldiz, ez zuten tokirik eta, horrek, transmisioa oztopatzen du. Emakume bertsolariez jakiteko jostundegiak edo emakumeak elkartzen ziren tokiak bilatu behar dira. "Emakume gazte bertsolariak izugarrizko lana egiten ari dira, baina irudipena daukat atzera begira hor izugarrizko hutsunea dagoela". Zen-tzu horretan, lana emakume honi txokoa egiteko saioa da. Joxepa Antoniren bizitzaren inguruko datu asko ez dira gorde eta jaso direnetatik guztiak ez dira zuzenak.

Horregatik, Antonio Zavala historialariaren Auspoa lanetik abiatu eta, urrats bat gehiago emanez, iturriak osatzeko ahalegina izan da lan hau. Horrekin batera, "argi dago emakume bertsolaria berriz ere plazara atera dugula". Izan ere, emakume bertsolarien inguruan gutxi idatzi da eta, kasu honetan, ageri diren aipamenak Auspoa bildumakoak, Karmen Larrañagaren lanetakoak eta Eusko Mediak argitaratutako artikulu jakin batzuetakoak dira. Lan honek hipertestu modura jasotzen ditu testuak, bertso-paperak, eskuti-tzak, argazkiak, grafikoak eta audioa; denon eskura dago Errenteriako Udalaren webgunean. Beraz, Xenpelarren ilobak gaur egungo iturrien plazan argitalpen monografiko bat badu, transmisio dokumentutzat balioko duena.