Teresa Ormazabal (1967, Bilbo) orain dela hamar urte hasi zen argazkilaritza alternatiboa ikertzen. Ibilbide luze bat burutu ondoren, teknika berri bat sortu du euskarri digitalean: emultsio digital bidezko transferentzia. Irudi digitalari azken ukitua emateko teknika aproposa. Arazoak topatu ditu urte hauetan zehar, baina baieztatzen du lanaren bitartez badagoela ideiak aurrera eramaterik. Muturrekoena edo bitxiena ere bai.

Zer aurkitu dezake publikoak 'Jellyfishphoto' erakusketan?

Azken hiru urteko lana aurkituko du horretan. Gai asko topatuko ditu baita ere. Normalean, erakusketa batek soilik gai bat du ardatz. Honetan ez. Urte asko eman ditut teknika honekin. Beraz, erabaki dudana da nire lehenengo erakusketan teknika hau azaltzea, askotariko gaiak erabiliz. Azken finean, Jellyfishphoto honen obrak bateratzen dituen elementua teknika bera da: emultsio digital bidezko transferentzia.

Eta zertan datza teknika hau?

Irudiei jartzen diozun azken ukitua da emultsio digital bidezko transferentziaren teknika. Argazkigintzaren arloan, teknika alternatiboaren barruan kokatzen da. Hamar urte igaro ditut hau aztertzen, baina teknika honekin egin dudan lehenengo erakusketa da Zarautzekoa.

Zerk bultzatu zintuen teknika hau erabiltzera?

Irudiaren azken ukitua, preseski. Teknika hau erabiltzen hasi nintzen akabera desberdina eman nahi nielako nire irudiei. Oro har, argazki digital bat egiten duzunean, inprimatzen duzu eta hor amaitzen da prozesua. Teknika honen bitartez, aldiz, akabera berezia ematen diozu argazkiari eta hori da atentzioa ematen duena. Transferentzien bidez, produktu bakarra sor-tzen duzu. Zimur eta tolesdura horiek guztiak dira teknika honek duen ezaugarririk esanguratsuena; hots, irudia zimurtuta gelditzen dela. Gainera, tolesdurak edo zimurrak zuk nahi duzun lekuan jar ditzakezu. Eta inoiz ez dituzu bi irudi berdin lortzen. Hori da, gehienbat, transferentziaren teknikatik gustatzen zaidana. Hau da, eskuak uretan sartzea, emultsioarekin kontaktua izatea? Azkenean ez dakizu irudi digitala edo analogiko bat den.

Zeintzuk dira ikerketa honetan izan dituzun arazo nagusiak?

Hasieran, zur eta lur gelditzen zara teknikarekin, baina ondoren, akatsak ateratzen dizkiozu. Ikertzen hasi nintzenean, argazkigintza digitala hasiberria zen eta horren aurrean Polaroid pelikula protagonismoa galtzen hasi zen. Hasiera batean, Polaroid pelikula erabiltzen nuen transferentziak egiteko. Denbora asko igaro nuen horrela, baina lortzen nituen emai-tzak ez nituen gustuko. Berehala ohartu nintzen Polaroid pelikula honek sortzen zituen arazoetaz. Lehenik, tamaina oso txikia zen. Nik egiten ditudan irudiak erakusketa batean jartzeko dira, beraz, 7x9 zentimetroko irudiak oso txikiak iruditzen zitzaizkidan. Bigarrenik, produktuaren erabilgarritasuna. Hots, Polaroid pelikula lortzea zaila zen. Gero eta material gutxiago zegoen, eta itxuragabeko prezio batean. Hirugarrenik, koloreek oso gutxi irauten zuten. Alegia, denboraren poderioz, irudiek kolorea eta saturazioa galtzen zuten. Arazo horien aurrean, Pedro Kareagak eta biok transferentziak egiteko gure emultsioak sortzeari iritzi genion.

Eta azkenean zuen helburua lortu duzue?

Bai, erabat. Iraun dezakeen produktu bat sor-tzea izan da xedea hasieratik. Eta produktu hori erakusketa batean azaltzea. Argazkilari batek argi izan behar du beti bere irudiek luzaroan iraun behar dutela. Ezin duzu obra bat saldu eta urtebete geroago bezeroak esatea kolore guztia galdu duela. Hortaz, bai, lortu ditugun emaitzak perfektuak izan dira. Urte asko igaro ditugu probak egiten baina azkenean lortu dugu emultsio bidezko transferentziak egitea irudi digitalekin. Hau da berrikuntza. Teknika honi esker, artxibo digital batetik abiatzen gara, eta prozesua oso erraza da gainera. Irudia inprimatu ondoren, azken ukitu hori ematen diogu eta segituan tratatzen dugu, irudia transferitzeko. Gero, ur ho-tzean sartu, minutu batzuk itxaron eta emultsioa euskarritik bereizi egiten da, orduan beste euskarri batera pasatzen dugu.

Arazo handiak izan dira tartean, eta halere aurrera jarraitu duzu egitasmo honekin?

Bai, orain argazkiak erakusten hasi naiz berriz ere. Ez nituen emaitzak lortzen teknika honekin eta erakusketak egiteari utzi nion. Argazkiak egiten jarraitu nuen, baina inprimatu gabe. Emaitzak ez ziren perfektuak une horretan; hiru urteren buruan, baina, gauzak errotik aldatu dira. Soiltasunez landuriko teknika da jada.

Teknikak protagonismo handiena du honetan. Baina zeintzuk dira publikoak zure erakusketan aurkituko dituen gaiak?

Erabiltzen ditudan gaiak normalean natura hilak eta biziak dira. Bodegoiak oso ugariak dira nire lanetan. Interesatzen zaizkidan objektuak irudikatzen ditut normalean, nire egunerokotasunean aurkitzen ditudanak. Koloreak, formak eta ehundurak hartzen ditut kontuan. Photomuseum-eko erakusketan dauden elementuen artean, zuriz margotutako botilak irudikatu ditut (Giorgio Morandi margolariaren koadroetan inspiratuta). Ondoren, beste elementu batzuk gehitu dizkiot; hala nola, hautsitako kristalak, bolak? Horretaz gain, panpinen buruak azaldu ditut. Mundu guztiari atentzioa ematen dio horrek. Manikiak, herdoildutako burdinzuriak, errautsez estalitako objektuak, aulkiak nahiz oinetakoak ere dira aipatzekoak. Halaber, eszenak aurkeztu ditut. Kasu honetan, mezu jakin bat transmititu nahi izan dut. Mundu surrealistan murgiltzen naiz erabat. Une honetan, beste gai batekin nabil: museoko espazioak. Zoragarria da jendea galduta ikustea museoetan, obrak ikusten? Lasaitasun hori islatzen saiatzen ari naiz orain.

Zer eman dizu zuri proiektu hau gauzatzeak?

Hainbeste urte pasa ondoren, emaitza hauek lortzea zoragarria da. Denbora luzez proiektu batekin zaudenean, prozesua etsigarria bihur daiteke. Baina sekula ez nuen amore eman. Halere, inork ez zidan esaten hori egin behar nuenik... Transferentziak egiten jarraitu nuen emaitzak lortu nahi nituelako, hain zuzen. Eta orain hori lortu dudala, ez dut ilusioa galdu. Irudiekin egiten dudan manipulazioa gozamen bat da. Proiektu batekin hainbeste denbora igarotzen duzunean, oztopo ugariei aurre egiten diezunean, eta horren ondoren, zure obra erakusketa batean ikusten duzunean, hori pozgarria da oso. Konturatzen zara ideia oro bihur daitekeela errealitate. Eta hori lan eginez lor-tzen da, argi dago.

Kazetaritza alorrean ere lan egiten duzu?

Bai, unibertsitaterako lan egiten dut. Argazki artistikoak egiten ditut, eta errektoreak egokitzen dizkidan enkarguak prestatzen ditut ere bai. Horretaz gain, Campusa aldizkariko portadak egiten ditut. Momentu honetan, artxibo digitala egituratzen nabil, beste argazkilari batekin. Arkitektura arloaz arduratuko naiz ni. Oro har, unibertsitateko errektoretzak dituen premien arabera lan egiten dut.

Zer duzu nahiago, lan pertsonala ala enkarguzkoa?

Biak asko disfrutatzen ditut. Enkarguzkoa denean ere, nire ikuspuntua ematen dudalako. Egiten dudan lana gustatzen zait, elkarrizketa izan ala lan artistikoago bat izan? Finean, lanbidea gustatzen zaizu, gauza batzuk gehiago beste batzuk baino, jakina. Zortea daukat oraindik ere lan pertsonala garatzen dudalako eta ez soilik enkarguzkoa. Baina berriro diot: enkarguzkoa denean ere, oso gustora nabil. Gainera, kazetaritza-lan batek ere badu bere magia.

Nola ikusten duzu argazkilarien egoera? Bai kazetaritza alorrean eta bai artistikoan.

Murrizketak leku guztietatik. Argazkilaria ez dago gizartetik kanpo, beste lanbide bat da eta gainontzekoek bezalaxe, krisi egoeran ere sufritzen du. Murrizketen aurrean, ez gara ezberdinak besteekiko. Argazkilariaren lana askotarikoa da, eta, beraz, egunkari batean lan egiten duenak edo erakusketa bat jartzen duenak berdin pairatuko du krisia. Okerrena da ez dakigula noiz aterako garen hemendik. Lan gutxiago dut orain, egia esan. Eta artista batek ematen dituen orduak ez ditu berreskuratzen ekonomikoki. Erakusketa bat egitea horixe baita: nire lanaren erakusleihoa. Baina unibertsitatekoa da niri jana ematen didana.