Asko hitz egin da euskal gatazkaren presentziaz gure literaturan azkeneko urte hauetan. Batzuek ezjakintasunaren biktimaren perspektibatik agian, gezurrezko adierazpenak egitera ere ausartu dira. Fernando Aranburu idazlearena kasu, aski entzuna da duela pare bat urte egin zituen adierazpenak: "Euskaldunok ez dugu ETA-ri buruz idazten ez garelako aske". Hitz horiek ez ziren oharkabean pasatu eta oso kritikatuak izan ziren. Era zuzenean edo zeharka, argi dagoena da euskal literaturak gatazka lantzen duten liburu ugari erditu dituela.

Abanikoa zabala da oso. "Gure literaturan bada etakide zintzo eredugarria, baina baita ere etakide zeharo gaiztoa, etakide ergela (?); konstituzionalista on eta gaiztoa, estatutuaren aldeko koldar kolaboratzailea, estatutuaren aldeko zin-tzo jakintsua?", aipatu zuen Markos Zapiain idazle eta filosofoak Lapiko Kritikoa blogean, Euskal literaturagileak eta gatazka izeneko artikuluan.

Ramon Saizarbitoriak heldu zion lehenengoz gaiari Ehun metro lanarekin. 1974ean izan zen hori nahiz eta liburu honek bi urte geroago ikusi zuen argia, diktadurak ezarritako zentsuragatik. Idazleak polizia segika duen ETA-ko kide baten bizitzako azken 100 metroak kontatzen ditu, une horretako sentipenak, oroitzapenak eta abar ditu buruan protagonistak. Gerora zinera ere eraman da istorio hau.

Saizarbitoriaren liburu hau lehena izan zen eta urteetan bakarra gainera. Urte mordoa pasatu behar izan baitzen euskal gatazkaren inguruan idatzitako beste lanen bat literaturzale euskaldunek eskuartean izateko. 12 urte hain zuzen ere, 1988an Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegik Exkixu izkiriatu zuenean. 70eko hamarkadan Francoren kontrolpeko Euskal Herrian izandako egoera politikoak euskal herritarrengan sorturiko errealitateak biltzen ditu istorio honetan donostiarrak. 80ko hamarkadako bakarra izan zen hau.

Memoriaren gailentasuna Zenbait adituren ustez, 90eko hamarkadan euskal gatazka politikoa hizpide duten narrazioak nabarmendu ziren. Mari Jose Olaziregi idazle eta literatur kritikariaren aburuz, euskal literaturan eman den ugaritze hori bat dator memoriak gizarte eta giza zientzietan azken hamarkadetan izan duen gailentasunarekin. "Joera hau Müllerrek memoria booma deritzonaren ondorioekin lotuta dago. Whitek historia fikzio bat gehiago dela esan zuenetik, edo, askoz lehenago, Nietzschek biktimen ikuspuntutik egindako historiaren aldarria egin zuenetik, literatura, eta fikzioa batez ere, gertakari historiko traumatikoak aztertu eta konta-tzeko baliabide egokienetakoa bihurtu da, Saizarbitoriak dioen bezala, egiatiagoa baita. Eleberri britainiarretan bortizkeriarekin lotutako lanen igoera ematen da 90eko hamarkadan, edo gogoratu holokaustoa hizpide duten eleberrien eztanda garaikidea hamarkada bertsuan".

Olaziregiren ustez, ez da kasualitatea 90eko hamarkadan izandako fenomenoa gatazkekiko, eta gaineratu du inguruko literaturetan ere 50 urte pasatu behar izan direla gaiari aurre egiteko. "Euskaldunok beraz ez gara hain originalak", dio.

Harkaitz Cano idazleak, aldiz, nabarmendu du 90eko hamarkadan "hurbilpenak diferenteak" zirela oraingoekin konparatuta, "modu naturalagoan egiten da orain, agian, era ez hain behartuan". Bere esanetan, politikatik eta heroizaziotik gero eta urrunago gaude, eta testigantzatik eta hurbilpen gizatiarrago batetik gertuago. "Biktimaren izaera baino, pertsona hori bere konplexutasunean zer den azaltzean datza gakoa. Ekintzaileen ekintzez gain, ekintzailearen bizitzako gainerako kontuetan. Zer egiten du ekintzaile batek ekintzarik egiten ez duenean? Angelua zabaldu egin da, eta aberastu, 90. hamarkadarekin alderatuz gero, nahiz eta garai hartan ere nobela ederrak atera ziren, Atxagaren Gizona bere bakardadean, edo Saizarbitoriaren Hamaika pauso horren lekuko. Orain, gatazkara hurbil gaitezke fartsatik daukana aztertuz, baita ere", azaldu du lasartearrak.

90eko hamarkadaz gain, Canok Jokin Muñozen Bizia lo liburuarekin hasten den garaia nabarmendu du: "Bereziki 2003tik aurrera doana interesatzen zait niri".

Balio terapeutikoa Honekin guztiarekin bat eginez, gertakari historikoen osteko literaturak duen balio terapeutikoaren gaitasunaz mintzatu dira Cano eta Olaziregi. Azken horren ustez, balio eta funtzio desberdinak egotzi izan zaizkio memoria historikoa berreskuratzen duen fikzioari. "Balio terapeutikoa, gertakari traumatikoen lanketa ahalbidetzen duen momentutik. Bistan da, sorkuntza literarioak gure inkon-tzientearekiko duen gertutasunagatik mamu ezkutu horiek azaleratzen laguntzen duela, gauzak esaten, batetik; eta memoriarik ezak dakarren arriskua, dolua ezin egitearena, gainditzen laguntzen. Freudek berak iragan traumatiko baten ukatzeak zekartzan arriskuez oroitarazi gintuen. Canok ere bat egiten du fikzioak duen ahalmen honekin Twist eleberrian", arrazoitu du Olaziregik. Lasartearrak 2011n idatzi zuen aipatu liburua, eta Lasa eta Zabalaren bahiketa eta hilketa lantzen ditu fikzioaren ikuspuntutik.

Balio terapeutikoaz galdetuta, Canoren aburuz "zerbait" eragin dezake, baina ez dena. "Literaturak ere balio du zenbait hipotesi aurreratzeko, berradiskidetzeari dagozkionak, adibidez. Literaturak gai izan behar du, ez soilik memoria irristakorra finkatzeko eta harrapatzeko, baita etorkizuna irudikatzeko ere. Gure etorkizun hipotetikoa eraiki edo aurresan dezakegu fikzioaren bidez modu espekulatiboan, eta laborategi espekulatibo bezala funtzionatzeko aukera hori ez dugu gehiegi baliatu orain arte".

Orduan, euskal literaturak gatazkarekiko fideltasuna erakutsi ahal duela esan daiteke? "Kasurik kasu" aztertu behar dela dio Canok. "Modu askotara hurbildu gara gatazkara eta kezka bat izan denik ezin da ukatu. Besterik da esatea euskal idazleak idatzi dezakeen guztiak, edo interesgarrienak, gai horri lotuta derrigor egon behar duela. Horrekin ez nator bat. Nire kasuan, generoko nobela bat aukeratu nuen, nobela beltza, gatazkara hurbiltzeko lehen aldiz (Pasaia blues)", dio, eta gaineratzen du: "Horrek izan zezakeen halako artifizialtasun bat, generoaren konbentzioetatik erakarria. Azken idazkietan hori aldatzen saiatu naiz eta hurbilpen gizatiarrago bat egiten, Zingiretan bezalako ipuin batean, adibidez, martxoaren 11ko atentatua ETA-rena izan ote zitekeen pentsatzeak sortu zigun bertigoa islatzen saiatu nintzen, baina maitasun istorio batekin tartekatuz. Gatazkatik urrunago egonda, haren uhin-eragina ikertzea interesgarriagoa da batzuetan".

Hutsune sentipena Aurreko lerroetan Olaziregik aipatzen duen bezala, euskal gatazkaren inguruan garrantzia hartu duen eleberria Twist da. Canok 2011ko abenduan argitaratu zuen euskaraz eta orain gutxi erdarazko bertsioa kaleratu du. "Gaztelerazko liburua argitaratzean konturatu naiz euskaldunontzat plus bat zena minus bat dela beste gizarte batean. Gure artean halako liburu batek eragin zezakeen katarsia edo begiratu nahi ez genuen lekuetara begiratzeko ariketa osasungarri hori ez dut sentitu gertatu denik espainiar irakurleen artean: hutsune bat sentitzen dut liburuaren gaia aipatu orduko. Jendea albo batera egiten da eta hutsune sentipena nagusitzen da: "Horra hobe gehiegi ez begiratu, utz ditzagun zenbait gauza zeuden horretan, hobe gehiegi ez sakondu...", aitortu du idazleak.

Twist argitaratu arte, 30 urte pasatu behar izan dira literaturak Lasa eta Zabalaren gaiari heltzeko. "Gertaera onartzeko eta sosegatzeko denbora bat behar duzu, logikoa da", dio Olaziregik. "Ez da epe zehatzen kontua, nahiz bistakoa den gertakari batzuekiko distantzia behar duzula hausnarketa bat bideratzeko. Nik uste euskal literaturak laster helduko diola gaiari, jarraituko duela sakontzen, bere kontakizunak, (kontakizun asko, ez bakarra) eskaintzen".

Beraz, euskal literaturak gatazkari buruzko lanak egin dituela ezin da ukatu; hala ere, asko du egiteko oraindik. "Aukera piloa dago oraindik jorratu gabe: besteak beste, torturatzaile zintzoa, gure herria desagerrarazteko lanetan kolaboratzen duen pertsona jatorra, zuzentzat jotzen dituen xedeak lortzeko tortura erabiltzea beste erremediorik ikusten ez duen hiritar onbera", bukatzen zuen Zapiainek bere artikulua Lapiko Kritikoa blogean.