Oiartzungo Goiko Eskolan sortutako taldea da NoNguayaz. Duela lau urte hartu zuten izen hori, baina lehenagotik dator taldearen historia. 2002 urte inguruan CDC izeneko banda sortu zuten NoNguayazeko kide batzuk eta taldean ez dauden beste batzuen artean; rock estiloko bertsioak lantzen zituzten gehienbat. Urteak pasa ahala, ordea, euren kantuak konposatzeko harrak kosk egin eta 2008an sortu zen NoNguayaz taldea. Rock estilotik aldendu eta sustrai beltzeko erritmo eta melodietan murgiltzea erabaki zuten, funkyan sakonduz, bereziki. Hala metalezko instrumentu saila behar zutela ohartu eta Txemaren bateria, Genisen baxua eta Lezoti eta Jabiren gitarra eta ahotsei, bi saxofoi jotzaile batu zitzaizkien, Luismi eta Joseba. Azken diskoko nahasketak egitera zihoazela, aldaketa izan da taldean eta Josebak taldea utzita, Jorge sartu da tronpetarekin (diskoan, hala ere, bi saxofoi ageri dira). Duela bi urte kaleratu zuten euren lehen abesti bilduma, Funkiriki izenekoa.
Fusioa eta aniztasuna dira talde honen eta bere musikaren ezaugarri nagusienak. Euren erreferenteak asko dira, izan ere, bakoitzak musika ugari eta desberdina entzuten baitu. "Bakoitzak bere gustuak ditu eta hori da gero gure musikan islatzen dena, fusio hori", azaltzen du Lezotik. Onartzen du ere, hori dela askotan lan gehien ematen diena, "hainbeste kolore egoki nahastea". Erronka gaindituta, beltzen sustraieko musikan aurkitzen dute oreka puntua oiartzuarrek; funkya, soul-a, bluesa eta reggaea dira oinarri, baina rockak ere badu bere lekua, baita, uneka, heavyak ere. Koloretako mundua da, zalantza gabe, NoNguayazen mundua.
Beste lurralde eta kultura batzuetako erroei helduta ere, euren erroak zeintzuk diren ez zaie ahazten. Horren isla da taldearen izena bera, NoNguayaz, nongoa zara oiartzueraz jarria. Nahasketa eta aniztasunak nongotasuna difuminatzen duen heinean, izena euren euskaran jarria egotearekin zehazten dute nongoak diren.
Disko berria kalean NoNguayaz taldearen disko berriak argia ikusi berri du. Zortzi kantu bildu dituzte bertan. "Duela bi urte hasi ginen kantu hauek egiten eta neure estudioan, Lezoti Estudioan grabatzen -azaltzen du Lezotik-, eta iazko urte amaieran egin genituen nahasketak". Ideiak txandaka eramaten badituzte ere, guztien artean konposatzen dituzte abestiak. "Batek ekartzen du arraultza eta denen artean egiten da tortilla", dio.
Disko berrian denetik aurkitu daiteke, Noiz? reggaea kantua, Bortxaketa Mentala euskal rock estiloko balada, Maite Zaitut abestiko soula edota Johnny Marroi (James Brownek inspiratutako kantua) eta Koloretako Mundua abestietako funkya. Kantu batzuk instrumentalak badira ere, gainerako abestietako hitzek gai pertsonalak lantzen dituzte gehienbat: "Buruan sortzen zaizkigun nahaste-borrasteez ari da Bortxaketa Mentala kantua, Maite Zaitut abestia erotismoaren ingurukoa da eta Noiz? kantua maitasun abesti bat da".
Euren kolore aniztasunari kolaboratzaile andanaren koloreak batu zaizkie, euren inguruko jende askok hartu baitu parte diskoan. Korumba, Kean edo Kakahuete taldeetako kideak, Lezotiren arreba Oihana Irastorzak, Maik eta taldekideen haurrek ahotsak sartu dituzte hainbat abestitan. Iñik steel gitarra jarri du, Josemi El Grillok ahoko soinua eta Beñat Kortajarenak zeharkako xirula.
Aldarria ere ez da falta diskoan, Goiko Eskola kantuak okupazioaren aldeko mezua du, esaterako. Izan ere, Goiko Eskola ez da euren entsea-tzeko tokia soilik, kide batzuk han bizi dira eta, etxe okupatuan, duela hamairu urte. Etxe berezi horretan "jendea joan-etorrian ibiltzen da, jende berria sartzen da eta lehendik zeudenak joaten dira, taldeak ere aldatzen doaz. Orain, adibidez, lau talde inguru gaude etxean, eta bizi-tzen hamar lagun inguru", azaltzen du Lezotik.
Joan den hilaren 23an aurkeztu zuten lan berria Goiko Eskolan, euren etxean eskainitako kon-tzertuan. Diskoko zortzi abestiak jo zituzten emanaldian eta han izan ziren ere diskoan parte hartu zuten kolaboratzaile guztiak. Aurrera begira, orain arte bezala, musikaz gozatzen jarraitzea da euren asmoa, "anbizio handirik gabe" inguruko herrietako tabernetan kontzertuak ematea eta ondo pasatzea.