Tomas Tranströmer, Literaturako Nobel saria irabazi berri duen poeta suediarrak bi lanbide izan ditu bizitza osoan: bata, munduan ospea ekarri diona eta bere arimaren adierazgarri bihurtu dena, nolabait esan, poetarena; bestea, eguneko ordu gehienak hartu dizkiona eta bizimodua ziurtatu diona, psikologoarena. Bikoiztasun hori ez zaigu arrotza idazle euskaldunei, batzuek halaxe hautatuta eta beste batzuek besterik ezean, denok baitakigu oso zaila dela geure sormenetik bizitzea.
Tranströmer-en kasuak badu euskaldunokin beste lotura berezi bat. Ez hainbeste poesiaren aldetik, baizik psikologoarenetik. Izan ere, ogibide hori ez du landu diban baten ondoan eserita, bere burua ulertu nahian ari diren burges aspertuak euren edipo-konplexuaz dibagatzen ari ziren bitartean, ez: kartzeletako psikologoa izan zen suediarra, gaizkile gazteei gizartean berriz integratzeko bidea bilatzen laguntzen omen ziena. Estu hartuta, pertsonak zapaltzeko makineria bateko pieza izan zela esan daiteke, baina ezin ahaztu Suediakoa dela munduko kar-tzela sistema gizatiarrenetako bat.
Hain zuzen, gizatiartze eta gizarteratze esperientzia horiek zirela-eta, Felipe Gonzalezen lehenengo gobernuaren garaian, Espainiako estatuak ere bere espetxe ustelekin zer edo zer egitea pentsatua omen zuenez, Suediakoari eskatu omen zion aholkua, eta, besteak beste, Tomas Tranströmer bisitari ibili omen zen, aditu gisa, penintsulako zenbait kartzelatan, 1985ean.
Biografia gutxi idatzi dira Tranströmer-i buruz, eta horietan ez da gauza handirik agertzen bidaia hartaz. Espekulazioaren eremuan sar-tzea da, beraz, non ibili zen, norekin hitz egin zuen eta zer ikusi zuen esatea. Dena dela, eskuetara iritsi zaigun poema batek argi berria dakarkio hutsune biografiko horri; eta, alderantziz, suediarraren bizitzako datu horrek argi berezia eskaintzen dio bestela hermetikoa eta ilunxkoa suertatzen den poemari. Hona, urjen-tziazko euskaratze batek utzi digun bertsio baldar baina esanguratsua:
"Garaiak dira paretak, / adreilu gorriak berotu egiten dira / eta barruko labean giza haragia egosten. / Hegaztiak igarotzen dira eremu karratuaren zeru gainetik. / Hegotik iparrerantz batzuetan, iparretik inora ezerantz osterakoetan. / Eta begiak galdu egiten dira gora begira, / txorien pasaeran patuaren lorratza irakurri nahirik. / Besoak zabaltzen ditu batek patioan, / enaren, hegaberen, kurriloen antze gaitza ikasi nahirik. / Ikaro berriak ofizio berriak dakizki ordea, /eta lumen ordez on du, adibidez, / bafle bat."
Gaur arte kriptikotzat jotzen zen poema horri interpretazio berriak zabaltzen zaizkio orain, eta euskaldunok badugu hor zer esana. Jaurlaritzakoengana ere iritsi da honen berri (ez da harritzekoa: poesiazale sutsuak dira Patxi Lopez eta beronen aholkulari zenbait), eta, gaia beren lege-zerbitzuekin aztertzen ari badira ere, aurreratu dezakegu protesta formal bat bidaliko dutela Stockholmera, giza eskubideekin sakonki identifikaturiko gobernu batek ezin baitu toleratu terrorismoaren apologia egiten duen testurik ez idazlerik; eta, epaimahaiaren lana eta sortzailearen meritu literarioak ukatu gabe, proposamena ere helaraziko omen dute Urgell, Ribera eta Auzmendik, saria eman bai, baina sariaren dirua atxiki dezaten, Tranströmer jaunaren egoera juridikoa argitu bitartean.