2023ko urtarrilaren 29an jaio zen eta orduan eskaini zuten lehenengoz Anonyme Popular zuzenean, eta 2024ko ekainaren 6an emango dute azkenengoz, Bilboko Kafe Antzokian. Ordurako, berrogei bider aritu izango dira jendaurrean. “Oso gustura gaude egindako bide ederrarekin, eta esker oneko emanaldiak antolatu zein jarraitu dituzuen anonimo popular guztiokin”, azpimarratzen dute Igor Elortzak eta Rafa Ruedak. Azken Agurrak izenburua ipini diote despedidako bira “txiki” honi. “Bira txiki diogu, izan ere, Bilbon lagun artean azkena egin aurretik, orain arte iristerik lortu ez dugun bi hiriburutan ere arituko gara udaberri honen azkenetan: Gasteizen eta Baionan”. Proiektu honekin amaitu aurretik, Estatu Batuetara ere joa dira bi emanaldi egitera. Zehazki, maiatzaren 2an, Washingtonen aritu ziren, Marylandeko Unibertsitatearen School of Languages, Literatures & Cultures-ek gonbidatuta, Another May 2 ekitaldian. Maiatzaren 3an, berriz, poesia, musika eta performance arteak landuz urtero New York hirian ospatzen den Kerouac Festival-ean parte hartu zuten.
Igor Elortzak duela hiru urte erabaki zuen emanaldietatik erretiratzea, 2021ean atseden hartzeko. Baiana covid-19aren pandemiak hainbeste baldintzatu zuen garai hartan, non une eta giroari buruzko bertso sorta bat idazten hasi zela. Ondoren, Rafa Ruedak eta Azpeitiko Kulturaz kooperatibako ikus-entzunezko kontalariek Igor Elortzaren emozioetatik sortutako bertso hauei musika eta irudiak jarri zizkieten. Horrela sortu zen Anonyme Popular izeneko proiektua. Sortu zenetik, proiektu hau etengabe hazi da Elortza eta Ruedaren eskutik. Joan den urtearen amaieran, zuzeneko emanaldiak hasi ziren. Eta orain, hainbeste ibilbide eta pasadizoren ondoren, azken txanpara heldu da.
Anonyme Popular Gasteizera etorriko da, maiatzaren 31n Jimmy Jazzean, gaueko 22:00etan, azken agurra emateko
Rafa Ruedak eta Igor Elortzak erreportaje honetan azaldu dutenez, Anonyme Popular ez da bertso idatziak bakarrik. Lan musikal handia ere egin dute, bai melodia landuz, bai abestiaren estilo bakoitza landuz, baita giroa eta eszenaratzea ere. Bertsotan egindako abesti horiek audio formatuan grabatzeko ere lan egin dute. Anonyme Popularren funtsa bertso idatziak dira, pandemia giroan eta isolamendu garaian. Hasieran, Elortzak bertso horiek berarentzat sortu zituen, ondoren lagun batzuekin partekatu zituen eta lagun horietakoren batek gehiago idazteko eta guztiak argitaratzeko aukera aipatu zion. Baina orduan berak argi izan zuen bertso horiek errezitatu eta publikoarekin zuzenean partekatu behar zirela.
Bide honen amaiera
“Duela urtebete baino gehiago hasi genuen Anonyme Popular zuzenean eskaintzeko bidea, Azpeitiko Soreasu Antzokian. Eta, heldu da agurra iragartzeko eguna ere. Urte eta erdian zehar berrogei emanaldi eskaini eta gero, udaberri honen azkenetan agurtuko gara Gasteizen, Baionan eta Bilbon azken agurrak kantatuta. Gustura gaude egindako bide ederrarekin, eta esker oneko emanaldiak antolatu zein jarraitu dituzuen anonimo popular guztiokin. Bilboko Kafe Antzokian egingo dugu azkena, lagunez inguratuta, eta, despedidako hori baino lehenago, orain arte zuzenekorik egiterik lortu ez dugun bi hiriburutan ere egon nahi genuen: Gasteizen eta Baionan”.
2023ko urtarrilaren 29an jaio zen proiektua eta 2024ko ekainaren 6an emango dute azkenengoz, Bilboko Kafe Antzokian
Aurretik, apirilean, Barakaldon izan dira, talde osoarekin, eta baita Legazpin ere, bikotean. “Eta, baliteke tartean bestelako planen bat ateratzea ere, agurtu aurretik gure egitasmoa zabaltzeko, han eta hemen ibiltzeko eta jendearekin gozatzeko gogoz gaude-eta”.
Hala, maiatzaren 31n, Jimmy Jazz Gasteizen izango dira biak, Gasteizen ere agurra emateko. Zehazki, emanaldi hauek egingo dituzte: Maiatzaren 31n, ostirala: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan, 22:00etan; ekainaren 1ean, larunbata: Baionako Biltxoko Elkartean, 19:00etan eta ekainaren 6an, osteguna: Bilboko Kafe antzokian, 21:30ean.
Etorkizunari begira, biek onartzen dute ez dakitela zer bide jarraituko duten proiektu honek ibilbidea amaitzen duenean. Baina zorionez, ibilbide eta esperientzia horretaz asko gozatu dutela eta une eta pasadizo asko dituztela diote. “Ez dakigu zer ekarriko digun etorkizunak, zer proiektutan jarraituko dugun datozen hilabeteetan edo zer egingo dugun, baina egin beharrekoa egin, nire barrenetik egingo dut”. Azkenik, EEBB-tara bidaiatu eta agurrak kantatu aurretik, “baina, azken sorkuntza bat egin nahi genuen, Anonyme Popular ikus-entzunezko bertso egitasmoaren epilogo moduan. Agian izenburua eman diogu azken honi, eta Aiora Renteria Zea Mays taldeko kidea gonbidatu dugu bere ahots indartsua gehitzera”.