Kortxoaren dilema Patxo Telleriaren azken lana da etika, koherentzia, traizio eta mendekuei buruzko joku teatral dibertigarria. Tartean Teatroarena. Patxo Telleriak idatzia da, Mireia Gabilondok zuzendua, eta Patxo Telleria bera du antzezle, Mikel Martinezekin batera. Martxoaren 7an, 19:30ean, Principal Antzokian, nahi duten guztiek an-tzezlan honekin disfrutatzeko aukera izango dute. Antzerki joko dibertigarria da; gatazka politikoak eta dilema moralak sakontasun zama handiaz jorratzen baditu ere, daukan egiturak komedia bihurtzen du eta ez drama. Izan ere, endredozko komedia da.

Zertaz datza ‘Kortxoaren dilema’?

–Dilema etiko eta pertsonal batenaz. Endreduzko thriller politikoa bi aktorerentzat, espazio eta denbora unitate bakarrean. Irakasle (70 urte), Etika eta Filosofia Politikoan katedradun jubilatua da, ezkertiarra, polemikoa eta itzal handikoa. Noam Chomsky iberiar bat. Pronostiko gaiztoko minbizia dauka, baina sendatzeko aukera sortu da ezustean. Aberats ospetsu batek osasun sistema publikoari dohaintzan eman duen radioterapia ekipamendu batean tratamendua har dezake. Iri-tzi publikoak goraipatu egin du donazio hau. Bakan batzuk, ordea, gaitzetsi egin dute. Hauen ustez buru zuritze bat da, trilero baten trukua, legez ordaindu beharko lituzkeen zergak ez ordaintzeko, eta bere enpresetan agertu diren trapu zikinak estaltzeko. Izan ere, aberatsaren amarru honen salatzaileetako bat, nabarmenetakoa, Irakaslea bera izan da. Orain erabaki latza hartu behar du: bere printzipioekiko leiala izan eta bizitza salbatzeari uko egin; ala prakak jaitsi eta filantropoari ipurdian pot egin. Gaur hartu du erabakia. Publikoki iragartzera doan unean, ezezagun bat, bere ikaslea (60 urte) izandako bat agertuko zaio ezustean. Aspaldiko kontuak garbitzera dator.

Martxoaren 7an, 19:30ean, Principal Antzokian, nahi duten guztiek ‘Kortxoaren dilema’ antzezlana ikusteko aukera izango dute, Patxo Telleriarena Pio Ortiz de Pinedo

Thriller politiko bat antzoki batean; erronka handia dela suposatzen dut, ez da behintzat ohikoena. –Egia da thriller estiloa gehiago erabiltzen dela zineman, akzio handiko generoa direlako, autoak, lasterketak egoten direlako... Baina beste thriller mota bat ere badago, pertsonen artean gertatzen eta ematen dena. Kasu honetan ekintza handia dago eta mugimendu handia da, baina ez fisikoa, eszenan zehar, ekintza toki batetik bestera delako. Ez da bi pertsonen artean egiten den lehen thrillerra. Nik ere thriller bat idatzi nuen aspaldi, bi pertsonaiekin bakarrik garatu zena.

“Lan honekin zalantzak sortu nahi ditugu, galderak ikusleengan; beraien buruari galderak egin ditzaten egoera desberdinetan”

Nola sortu zitzaizun ideia hori?

–Ideia bat nola sortzen den jakitea nahiko zaila da. Normalean, ari bat hartzen duzu eta hari horretatik tiraka hasten zara eta idea asko garatzen da. Hasteko gaia ideologiko-politikoa nahi nuen; konflikto politiko bat nahi nuen. Hasieran ez zeukan formarik, eta egun batean iruditu zitzaidan bi pertsonaje hauek, pertsonaje aniztasunaren erabilera jorratzea. Antzezlanean hiru estilo desberdinetatik pasatzen da.

Antzerki-lan honekin mezurik bidali nahi izan diozu gizarteari?

–Bai. Beno, mezu bat baino gehiago, zalantzak sortu nahi ditugu, galderak ikusleengan. Ikusleek egoera desberdinen aurrean beraien buruari galderak egin ditzaten egoera desberdinetan, nola jokatuko luketen pentsa dezaten.

Kortxoaren dilema Patxo Telleriaren azken lana da etika, koherentzia, traizio eta mendekuei buruzko joku teatral dibertigarria. Pio Ortiz de Pinedo

Nondik dator edo zergatik, ‘Kortxoaren dilema’ izena?

–Lehenik, irakaslea dilema baten aurrean dagoelako. Eta antzerkiaren une batean, aurrera egin ahala, antagonistak irakasleari leporatzen dio bera kortxoa dela; beti ur gainean flotatzea lortzen duena. Irakasle nagusiak ibilbide zaila izan du, aldaketa asko egin ditu bere bizi-tzan zehar; hasieran oso erradikala zen, lagun asko bidean utzi ditu, lagunak galdu ditu... baina beti lortu du posizio onean irautea eta prestigioa gordetzea. Eta, horregatik guztiagatik, kortxo bat dela esaten dio; ez dela inoiz hondoratzen.

Zer harrera ari da izaten antzezlana?

–Egia esan, harrera beroa izaten ari da. Barre asko entzuten dira hasieran. Baina ekintza sendotzen den heinean, entzuten dena isiltasuna da. Hau da, publikoa poltsikoan daukagula iruditzen zaigu.

“Ekintza sendotzen den heinean, entzuten dena isiltasuna da. Hau da, publikoa poltsikoan daukagula iruditzen zaigu”

Zerk inspiratu zintuen gai honetaz idazteko?

–Ez du zerikusirik, baina formari dagokionez, eredu izan zen niretzat aspaldiko pelikula bat, La Huella izenekoa; etxe bateko bi pertsonaiaren thriller bat da. Pelikula bat da, baina inspiratu egin ninduen. Lan honek argumentu osa ona du zinemara eramateko, ikusle askok esan dutenez.

Obra hau euskaraz interpretatuko da. Euskaraz estreinatu ondoren, gaztelaniaz geroago gozatzeko aukerarik izango da?

–Bai, orain euskaraz estreinatu dugu. Datorren urrian aterako dugu gaztelaniazko bertsioa. Kasu horretan, Ramon Bareak interpretatuko du nirekin.

Euskarazko produkzioaren alde agertzen zara gehienetan.

–Bai, euskarazko antzerkiei lehentasuna ematen diet. Askotan lana euskaraz bakarrik egin dugu. Baita idazteko moduagatik ere, lan ba-tzuk ezin direlako itzuli. Hau da, badira batzuk ezin direnak itzuli, euskera bera tresna bezala erabiltzen dudalako. Eta hori ezin da itzuli. Bestetik, estilo horretako an-tzezlanetan oso garrantzitsuak dira euskal erreferentziak.

Asko aldatu da antzerkia eta euskarazko ikusleak hasi zinenetik?

–Bai, asko aldatu da. Ni hasi nintzenean, duela 40 urte, antzerkia euskaraz eskaintzen hasi ginen lehenak ginen. Jendea ez zegoen oso ohituta, ezta euskaldunen artean ere. Jendeak nahiago zuen antzerkia gaztelaniaz ikusi, euskara bigarren klasekoa zen. Denborarekin hori aldatu egin da. l