Espazio desberdina da. Pentsamendua eta kultura zabaltzeko eta bizitzea merezi duen esplotaziorik gabeko mundua eraikitzeko leku espezializatua. Eva Forest Liburutopiak duela bi hilabete inguru zabaldu zituen ateak, eta, Ekaitz Samaniegok eta Ester Muñozek azaltzen dutenez, liburu eta kafetegi honetako bi kideek, harrera ona egiten diote gasteiztarrek.  

Eva Forest Liburutopia Jorge Muñoz

Eva Forest Liburutopia liburu-denda eta kafetegi proiektua da, elkargune bat, Gasteizko Alde Zaharrean. “Gozamenerako eta pentsamenduaren eta kultura herrikoiaren zabalpenerako espazioa izatea nahi dugu, auzoarentzako eta bertan bizitzea mereziko duen esplotaziorik gabeko mundu bat eraiki nahi dugunontzako topagunea.

Hortaz, liburu-denda pentsamenduan eta kulturan zein nazioarteko mugimendu eta borroketan espezializatzen da. Literatura, saiakera, txikientzako irakurgaiak eta abar luze bat, herramintaz jabetzeko, borondatearen baikortasunetik alternatiba eraikiz arrazoiaren ezkortasunari aurre egiteko. Era berean, euskeraz eta euskeraren defentsaren alde gozatu, pentsatu eta antolatiu nahi dugu, gure hizkuntza maitean idatzitako liburuek liburu-dendan zein espazioan berebiziko lekua dutelarik”, azpimarratu dute. 

Eva Forest Liburutopia Eva Forest Liburutopia

Liburu-denda 3500 liburuko funtsarekin hasi da. Eta kafetegiko espazioa kafeaz, infusioez, ogi-xigortuez, goxokiez eta beste hainbat produktuz gozatzeko topagune gisa ulertzen dute. Hainbat auzoko komertzio eta ekoizle txikirekin sareak osatzeko apustua egin dute. Cafétaza-ko kafeak, Sandailiko infusioak, Mendialdeko ogia-ko ogia, Los Gemelos okindegiko goxokiak, auzoko saltokietako fruta, Iturrieta Sagardotegiko sagar zukua, Pisura-ko laboreak,… daude bertan. Bestetik, txikienek lekuaz gozatzeko, jolasteko eta irakurketaz interesatzen hasteko moduko txokoa ere badute bertan, hainbat jostailu eta liburu eskura dituztelarik.

Aurreko guztiaz gain, liburu auzkezpenetaz, hitzaldietaz, poesia errezitaldiz, umeentzako emanaldiz... eta bestelako hainbat jarduerez gozatu daiteke. Batzuk unean-unekoak eta beste batzuk jarraiak izango dira. Arnas luzeagoko ziklo tematikoak, hilabeteroko arte-esposaketak... eta beste egiteko asmoa ere badute.

“Eskerrak eman nahi dizkiegu guretik pasa diren sortzaileei zein parte hartzeko gogoz gerturatu zaizkigun guztiei”

“Eva Forest Kultur Elkarteak bultzatutako proiekua da, interesatu dakiokeen edozein pertsonekin -eta hala izaten ari da- eraiki nahi duguna”, diote. Proiektuaren sustatzailea Eva Forest kultur elkartea da. 7 LibrEro-ko taldea da, proiektuaren aurretik Gasteizko beste proiektu eta mugimendu batzuetan parte hartu zuena. Hala ere, Eva Forest Liburutopiaren proiektua askoz ere jende gehiagorena da, dagoeneko bertan sartuta dagoena. 

Proiektuko kideek azaldu dutenez, herritarrek oso harrera ona egiten diote proiektuari, eta oso harro daude horretaz. “Oraingoz oso ona izaten ari da. Jende dexente dator kafetegira, badira puntualki edo oraindik ere lekua lehenbizikoz ezagutzera datozenak eta jada beraien ohiko parada bihurtzen ari direnak ere.

Liburuak erostera zein antolatzen gabiltzan ekitaldietara ere lagun pila hurbiltzen ari da, beraz poz-pozik gaude. Gainera, sortzaileen aldetik ere proposamen pila iritsi zaigu eta haientzat jadanik erreferentziatxo garela ikusteak ilusio handia piztu digu”, adierazi dute. “Kasik espero genuena baino hobea izaten ari da, jendea ohikotasunez datorrelako eta proposamenak egitera hurbiltzen ari zaigulako. Askok esan digute horrelako espazio baten beharra zegoela Gasteizen eta Alde Zaharrean. Hasierarako iruzkin elegantea da hau, ezta?”, diote.

Eva Forest Liburutopia Jorge Muñoz

Baina nola sortu zen proiektu hori sortzeko beharra? “Munduaren etorkizunaren, gure bizitzen etorkizunaren inguruan arduratuta gauden hainbat lagun gara. Uste dugu denok bizi duinak izateko moduko etorkizun justu baten kontrako norantzan doazen elementu askok inguratzen gaituela garaiotan eta egoera honi buruz hausnartu eta zer edo zer esperantzagarriaren alde lan egin behar dela. Pentsatzen dugu kulturaren eta hausnarketa kritikoaren bidea elikatuz aletxoa jar dezakegula erronka horri aurpegi emateko”. Ilusioz, gogoz eta motibaturik, talde hau proiektu honi forma ematen hasi zen, nahiz eta zailtasunak izan. Beraientzat konplexuena bidetik topatu dituzten traba burokratikoak izan dira. “Harritu gaitu halako proiektuak sortzerakoan erreztasunak beharrean, proiektuaren alderdi komertziala diren kafetegia eta liburu-dendarentzat sikiera, egunerokoan komertzio txikiak itxi eta itxi dabiltzan hiri batean horrenbeste oztopo suertatu izana”, diote.

Eva Forest Liburutopia Jorge Muñoz

 Izan ere, ia bi urteko bidea izan da, Eva Forest Kultur Elkartea osatzen duten zazpi lagunak ideiaz hausnartzen hasi zirenetik. Tartean leku aproposa aurkitu eta haren erreforma egin behar izan dira, buruan zutena gauzatu ahal izateko bilera eta eztabaida ugari, auzolanak...Baina bidetik oso atseginak izan diren gauzak eta egoerak ere aurkitu dituzte: beraien artean proiektua nola gorpuztu hausnartu eta eztabaidatzea eta tirriki-tarraka forma hartzen zihoala ikustea, hain justu. “Taldearekin proiektua gauzatzeko ilusioa eta lanerako grina konpartitzea, eta baita ere ikustea ez ginela gu zazpiak soilik proiektuarekin konbentzituta eta emozionatuta geundenak, baizik eta pertsona ugari ibili direla eta badabiltzala, berain proposamenak ekartzen eta bultzatzen edota laguntza zehatzagoak eskaintzen, altzariak aurkitzen eta mugitzen lagunduz kasu”. 

Eva Forest Liburutopia Eva Forest Liburutopia

Egutegia

Proiektu hori ezagutu nahi duten herritar guztiek aukera ona izango dute datozen egunetan, Eva Forest Liburutopiak herritar guztientzako antolatutako jarduerez/ekitaldiez betetako egutegia baitu. Hala, datozen ekitaldiei dagokionez, hilaren 22an Uxue Alberdik Dendaostekoak liburua aurkeztuko du, liburuan aipatzen den hamarkaden zehar liburu-denda bat kudeatzearen esperientzia bizi izan zuten Mari Jose Estibaritz eta Izaskun Estibaritzekin batera, Amaia Iturriotzen moderazioarekin. “Hilabetea ixteko, otsailaren 29an, Arantza Eziolaza, Jokin Urain eta Mitxel Sarasketa izango ditugu Martin de Aranezioren Araguabey Lorea liburua aurkezten eta martxoa osoan zehar ikusgai izango den Arantzaren Silencios de viva voz / Hitzezko isiltasunak arte-erakusketari hasiera emango diogu”, azpimarratu dute.

Irakurle txokoa ‘Kuttunak’ deitzen da; saioetako hizkuntza euskara izango da gehienetan, baina itzulpen xuxurlatua egongo da

“Interesatuta dagoenak gure instagramean datozen ekitaldiei buruzko informazioa aurkitu dezake”. “Eskerrak eman nahi dizkiegu Eva Forest Liburutopiatik pasa diren sortzaileei zein parte hartzeko gogoz gerturatu zaizkigun guztiei. Haiek irekitzen ari zaizkigu letren munduko leihoak gugana gerturatuta eta beraz gure ateak zabal-zabalik dituzte. Gure inguruan proposamen ederrak esku artean dituela zenbat eta zenbat jende dabilen ohartzeko aukera paregabea eskeintzen ari zaigu proiektu hau. Errealitate latza dira kultur sorkuntzak dituen oztopo eta erronkak, baina errealitate beraren alderdi polita hortxe dago, sortzaileen bokazio eta esfortzuan”, azpimarratu dute. 

Eva Forest Liburutopia Jorge Muñoz

Azkenik, irakurle talde bat ere badute bertan. Irakurle txokoa Kuttunak deitzen da eta ideia da txokoa gidatzera etorriko den egun bakoitzeko gonbidatuak berarentzako arrazoi batengatik edo bestearengatik kuttuna den liburu bat aukeratzea, liburua irakurrita eramango duten gainontzeko lagunekin hari buruz solasteko. “Saioetako hizkuntza euskara izango da gehienetan, baina gazteleraz errezago mintzatzen denak hizkuntza honetan parte hartu ahalko du eta euskaraz ez dakitenek ere saioa jarraitu ahal izateko itzulpen xuxurlatua eskainiko zaie datozen lagunei”.