Ideia argi batekin jaio zen, eta 15 urte geroago helburu horri eutsi egin dio: euskarak arnasa har dezan espazioa izatea. Garaion Sorgiguneak 15 urte ospatu ditu, eta, gune horretatik, sortzaileek DIARIO DE NOTICIAS DE ÁLAVA egunkarian azaldu dituzte ibilbide luze horren pasadizoak eta euskara modu sortzaile eta originalean bultzatzen jarraitzeko etorkizuneko erronkak, aisialditik.

Beldurrez, segurtasunik gabe, baina hein berean, ilusio handiz sortu ziren gune honen hastapenak. Garaioneko taldekideek gogoratzen dutenez (Amaia Gabilondo, Miren Beitia, Alazne Goñi eta Julia López), ez zen ibilbide erraza izan, baina helburuak argi zituzten eta ez zuten amore ematen. “Ilusioa asko, beldurrak ugari, ziurgabetasuna alde guztietatik, egunero galdetzen ziguten: baina aurrera doa? Jarraitzen duzue? Baina egingarria da hori? Baina bizirik zaudete? Lehen 10 urtetan ia egunero entzun dugu hau. Sinesgaitza zen halako proiektu bat martxan jartzea, zaila bizirik irautea, eta egia esan bidea ez da erraza izan. Baina gazteak ginen, indartsu sentitzen ginen eta elkar babesten genuen asko. Ametslariak, utopistak, ilusio eta gogo askorekin. Guk egingarria zela sinesten genuen”, gogorarazten du Amaia Gabilondok. Gaineratzen duenez, “hiru sagarrak dira gure izaeraren adierazle”. Lehen sagarra sortzeko gaitasuna garatzeko espazio bat martxan izatea zen, bigarrena naturaren parte direla ikasteko bidea egunero lantzea eta hirugarrena beraien ondare ona ezagutzea eta balioan jartzea. “Eta guzti hori euskaraz eta feminismotik egiteko gogoz jaio ginen”, dio.

Euskararen arnas lekuaren 15. urteurrena

Urte hauetan guztietan, asko izan dira egin dituzten proiektuak, eta gune honek kulturaren, euskararen eta gazteen alde izan duen bilakaera. Izan ere, urteen poderioz, aldaketa asko izan dira, hiru sagarrak forma hartzen joan dira, “eskola bat izaten hasi ginen, natur eta sokuntza dinamizazioa edo lorazain artistak edota urtetan agroekologia, otarregintza eta bioeraikuntza ikastaroak antolatu ziren”, kontatu du Gabilondok. “Eskolaz eskola ere asko ibili gara eta oso gustura, harrera ederra izan dugu, guraso edo hobe esanda amatxoen elkarteetan, landa-artea eta auzolana batzen zituen auzolanartean programarekin hasi ginen, eta ondoren zume-biziko egiturak etorri ziren. Aldi berean elikadurari eta baserritari lotutako tailer asko ere eskaini ditugu urtetan”.

Guzti horrekin batera, Otazako etxaldearen hobekuntza lanak poliki poliki burutu zituzten, eskola formatuan, eta gaur egun 800m2 prest dituzte sorkuntza espazio bezala, lastategi-antzoki bat, 120 lagunentzako egokitua, hiru proiektu artistikon garapena batera jasotzeko aukera. Hala, landa eremuko Kulturaren Teknologia Zentro baten bihurtu dira, urtero 40 proiektu berri ikertu, landu, ekoiztu eta asko merkaturatzen dira bertatik. Eta noski guzti hori Ozaetan, Barrundiako biztanleekin batera, haur eta gaztetxoentzako udalekuak antolatuz, gaur egun hain ezaguna den Ekonomatoa bultzatzen. “Bertako aiton-amonekin inguruari buruz asko ikasten…Bertaratzen, Barrundiarra izaten ikasten. Paradisuan bizi gara”, dio harrotasunez.

Euskararen arnas lekuaren 15. urteurrena

Ibilbide luze honetan egindako proiektuei buruz, Amaia Gabilondok batzuk ekarri ditu gogora. “Otarregintza edo Saskigintza, Barrundian La zuma deitzen zaio zumeari, ofizio bat ikasi dugu eta erabilera garaikidea ematen diogu. Jolasguneak, jendearen partehartzearekin eta natur elementu biziekin eraikitzen ditugu eta asko maite dugu ekimen hau”, dio.

Eta gaineratzen du: “Eta ederra da aldi berean, Araban, gaur egun dagoen goi mailako artisten lanak landa eremuan ekoizteko aukera bermatzea, euren arteko nahasketa, bertan bizitzea eta bertako herritarrekin partekatzea, hirietan estreinaldiak izan aurretik. Landa eremura artistak etorriko ez zirela esaten ziguten hasieran, eta hala ez dela agerian geratu da. Araba artista askorentzat sortzera etortzeko paradisu bat da”. Hala, Garaionetik emandako balorazioaren arabera, “oso ederra izaten ari da” Arabar sormen espazioen artean dagoen lankidetza, Azala, Baratza, Aiaraldeko Faktoria, Errioxako Bitartean Jolasean, Gazte Film, Thusia, Topa kolektiboarekin eta Kafe Antzokiarekin. “Araban kultur eremuan elkarlanerako gogoa dugu eta hori arnas lekua bat da, aurrera egiten laguntzen duen oxigenoa”. “Eta azken boladan, oso gustura gabiltza, esperimentazioan, bioeraikuntza, arte plastikoak eta otarregintza bateratutako ikerketak egin ditugu, eta espazio, artelan edo jolasgune berriak eraiki. Modu naturalean gertatzen ari da guzti hori eta artisten lan askotan ere fibra naturalekin egindako eszenografiak sortzen dira. Denok hibridatzen gara elkarrekin”, ondorioztatzen du.

Euskararen arnas lekuaren 15. urteurrena

Ildo beretik, 15 urte eta hainbat proiektu jarri dituzte martxan aisia, kultura eta euskara ardatz izanda. Esperientzia horrekin guztiarekin, proiektu berrietan ari dira lanean, hasierako helburu berekin. “Sortzeko espazio bat gara, urtero 40 proiektu artistikoren garapenera bizi dugu Garaionen. Eta aldi berean, martxan dago, Emakume Sortzaileak Plazara ekimena, 25 artista emakumen 13 proiektu ezagutzeko aukera eskaintzen digu, horietatik 20 Arabarrak. Eta artisten formazioa ere martxan, Arte Eszenikoen Eskola Feministaren bigarren ikustea hasi da eta gu lankidetzan gaude”, dio Amaia Gabilondok. “Sortzaile Arabarren topaketa ere azaroan egin nahi dugu, gure urtebetetzea ospatzeko. Bestalde, bioeraikuntza ikastaroa bukatu berri dugu, eta aurten zume-biziko ikastaroa eta partehartzearekin zumezko jolas parkeak eraikitzeko aukera ere azaro bukaeratik aurrera martxan izango dira”.

Euskaraz bizitzen

Eta abendurako Azala eta Arabako gazte artistekin batera “sorpresatxo” bat antolatzen hasi dira. “Eta Barrundiako eskola txikiarekin ere ikasturteko plana egiteko gelditu gara”. Etorkizuneko erronkei begira, batzuk aipatu ditu: Kultur proiektuak kontsolidatzea, “ziurgabetasun eta prekarietatetik kultur sektorea aldentzea nahi dugu”. “Kultur arloa behingoz baliabide duinez hornitzeko ibilbide berri bat hasi nahi dugu. Instituzioetan kultur sektorerako asko ez dagoela esaten digute, beti soberakinen soberakinekin bizi gara”, esan eta gaineratu du: “Azken 20 urtetako kultur arloko aurrekontu instituzionalak ez dira igo, eta kultur sektorean gazte asko dago lanean jartzeko prest, gogotsu, ideia eta ekimen ederrekin, eta ain gazte ez garen asko ere arlo honetan lan egiten jarraituko dugu. Ondorioz, kultur sektorea indartzeko aliatu berriak behar ditugu, baliabideak erakarri behar ditugu, ez dakigu oso ondo nola, baina elkarlan hitza da klabe eta lehen urratsa. Kultur sektorea asko indartuko dugu hurrengo hamarkadan hori garbi dugu”.

“Gu saiatzen gara euskararentzat arnas leku bat izaten eta batzuetan hauspoa ere bagara. Garaionen euskarazko sormen proiektuen ekoizpena lehenesten dugu. Gure programazio eskaintza ere hala izaten saiatzen gara. Ikastaroak ere berdin, irakasle gehienak euskaldunak izatean saiatzen gara. Garaionera etortzen den guztia jabetzen da, euskaraz bizitzen saiatzen garen espazio bat garela”, ondorioztatu du Gabilondok.