Programatu zuten lehen eguna bertan behera utzi zuten, pandemiaren egoera zela eta. Orain, Arabako Bertsozale Elkarteak berriro antolatu du txapelketa, baina ez da erraza izan, Ekaitz Elorriaga elkarteko lehendakariak azaldu duenez.

Bertsozale txapelketa programatzea lortu duzue. Zaila izan da?

-Zaila izan zena erabakia hartzea izan zen. Jadanik lan zailena egina genuenez, berriz erritmoa hartzea izan da erronka nagusia, sua ez itzaltzea. Berriro aretoak lotzea, udalen agendetan leku egitea... izan da zailena akaso.

Nola garatuko da?

-Egiturari dagokionez urte hasieran genuena mantenduko da. Faseak, egin beharreko lanak.

Berritasunik egongo da?

-Ez urte hasieran hasi nahi genuenarekiko. Aurtengoak badu berezitasunik, erakargarriago egiten duenik, ordea. Aurreko urtean egin behar zela kontutan hartuz eta binakako txapelketarekin aterabidea bilatu genionez, azken bakarkako txapelketako finalistek galdu dute finaerdietan zuzenean sartzeko eskubidea. Beraz, hasiera hasieratik partaide guztiak arituko dira lanean.

Oraindik bertan behera uzteko beldur zarete?

-Aukera hori ez da planteatu ere egiten.

Zer izan da zailena?

-Txapelketa oro bezala, sukaldeko lana esango nuke. Partehartzaileak prestatzen aritzen dira, publikoa zai... Baina antolakuntzan hilabete asko lehenago hasten gara lanean lekuak, lanak, irudia, lema, babesleak, etab lotzen. Gaijartzaile eta epaile taldeak ere antolatu eta lanean jarri behar dira, eguna heltzean dena gertu egon dadin. Eta lan nekezena guzti hori lotu, adostu eta dinamizatzea izan daiteke.

Zergatik aukeratu duzue egun hori?

-Egia esan atzekoz aurrera antolatu ohi dugu txapelketa, ia bertsoak bezala, karkar. Lehenengo finalaren eguna hautatu, ta atzeraka asteburuak osatzen goaz. Kasualitatez Korrikarekin batera egokitu da aurten eta Korrika hasten den herrian bertan hasiera ematea polita iruditu zaigu.

Zelan ari zarete urtea? Normaltasunera itzuli zarete?

-Bai, pasa den urtetik jada. Elkartearen lan nagusietakoa hezkuntz arautuan ematen ditugun bertsolaritza klaseak dira. Klasera itzuli ahal izan genuen bezain pronto hartu zitzaion erritmo eta tamaina. Saioei dagokionez, hartu behar ziren neurriak hartuta antolatu dira. Zorionez, arintzen doazenak.

Nola bizi izan duzue pandemiaren hasiera eta orain normaltasunera itzultzea?

-Hasiera ezjakintasunez beteta, denon antzera esango nuke. Baina berehala ohartu ginen haur askorentzat bertsolaritza klase horiek zirela euskaraz harremandu eta jolasteko espazio bakarrenetakoa beraz azkar ekin genion klase telematikoei. Zailtasunak zailtasun asmatu genuelakoan naiz. Saioak egin ezin izateari zailagoa izan zen erantzuten. Behin ohiko lan modura itzuli ahal izan genuenean, azkar batean hartu genuen lekukoa. Gu prest eta gogotsu, eta ikasle ta publikoa zer esanik ez.

Zer proiektu ez dira berriro martxan jarri?

-Zorionez ez da ezer erori. Proiektu eta egitasmoak gizarteari egokitzen saiatzen gara uneoro, eta badaude euren zikloa bete dutenak, sortzen diren berriak, eta mantentzen direnak. Ekosistema aberatsa sortzen saiatzen gara.

Proiektu berriren batean ari zarete lanean?

-Beti, karkar.

Zenbat pertsona daude Arabako bertsozale elkartean?

-Elkartearen talde eragilean, hiru emakume; zeinak hirutik bik Arabako eskoletan barrena bertsolaritza zabaltzen dauden beste lau irakaslerekin batera irakasle taldea osatzen duten. Bertsoeskoletako irakasleak ere hamaika. Hala ere indargunea ingurumarietan dugun pertsona bolondresek osatzen dute: gaijartzaile taldean, epaile taldean, Zuzendaritza mahai ia osoa bolondresa da. Ez da erraza esaten zenbatek osatzen duten Elkartea. Proiektua sustengatzen laguntzen duten bazkideak ahaztu gabe.

Azken urteotan, gutxitu edo handitu egin da Araban bertsoarekiko interesa?

-Interesa beti egon da hor. Aurten betetzen dira 40 urte Arabako lehen bertso eskolak sortu zirela, beraz kontuak atera. Ordutik transmisio lana egiten saiatu da Elkartea, bertsolaritza galdu ez eta zabaldu zedin pertsona ezberdinek elkarri lekukoa emanez. Gaur egun eskoletan egiten dugun lanari begiratuz, interesa hor dagoela esango nuke. Lehen kalean egiten zinen bertsozale. Orain txikitatik izan dezakezu bere berri ta zure egunerokoan txertatu.

Koronabirusak Araban bertsolaritzaren egoera okertu du?

-Edozein kultur egitasmok bezala sufritu du. Gainditzen ari garen honetan kultur agendak begiratzea baino ez dago. Urtebete eta gehiago galdu dugu denok baina indarberrituta eta gogotsu gatoz. Eta azken hau antolatzaile zein kontsumitzaile bezala esan dezaket.