Hasierako zalantzen eta urte hasieran egin behar izan ziren aldaketen ondoren, badago data ofiziala Arabako bertsolaritza txapelketarako. Hala, txapelketaren 15.edizioa apirilaren 1ean hasiko da Amurrion eta finala Gasteizen ospatuko da ekainaren 11n, hain zuzen ere. Datu hauek atzo azaldu ziren, Arabako Bertsolaritza Elkartetik Aiaraldea Ekintzen Faktorian egindako aurkezpenean. Bertan, Arabako Bertsozale Elkartearen izenean Egoitz Iradier, elkarteko sustapen arduraduna, Serapio Lopez Ortueta Aiaraldeko Bertso-Eskolako sortzaile, ikasle eta irakasle izandakoa eta Unai Mendibil, Aiaraldeko Bertso-Eskolako ikasle eta egun irakasle elkartu ziren txapelketaren nondik norakoak azaltzeko. Txapelketako parte hartzaileak ere bertan izan ziren. DIARIO DE NOTICIAS DE ÁLAVA egunkaria txapelketaren laguntzailea izango da.
Bertan azaldu zutenez, hamabosgarren edizioaren egitura hau izango da: 30 bertsolari final zortzirenetan (bost saio), 18 bertsolari final laurdenetan (hiru saio), 12 bertsolari finalerditan (bi saio) eta sei bertsolari finalean. Bertsolari bakoitzak behin baino ez du kantatuko fase bakoitzean. Aretoetan, hamar saio eta finala. “Arabako bertsozaleentzat plaza garrantzitsua izanik, Arabako bertsogintzaren agertoki garrantzitsua da txapelketa; Arabako bertsolari, gai-jartzaile eta epaileentzat kontzentratzeko plaza bat da txapelketa. Beren burua frogan jartzeko plaza bat da txapelketa. Froga horrek bertsoarekin duten harremanean hausnarketa bat egitea dakar, ezinbestean, eta horrek asko aberasten du bertso-mugimendua”, azpimarratu zutenez.
Bertsolariei dagokionez, Arabako 30 bertsolarik parte hartuko dute, 2019ko Arabako Bertsolari Txapelketaren finalean kantatu eta izena eman duten bost finalistek gehi izena eman duten 25 bertsolari gehiagok. Horien artean aipatzekoa da bertsolaririk gazteenak Eukene De los Aires eta Maddi Agirre direla, (17 urte). Maddi Agirre 2021eko Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako txapelduna. Eukene De los Aires 2022 eta 2021eko Arabako Eskolarteko Bertsolari Txapelketako txapeldunordea.
Bestalde, helduena Rikardo Gonzalez de Durana da, 63 urtekoa. Gasteizko bertso-eskolako sortzailetariko bat izan zen 1982an. Gainera, 2019an parte hartu ez zuten 16 bertsolari daude aurtengo edizioan: Aitor Najera, Ander Aranburu, Asier Otamendi, Asier Rubio, Danel Herrarte, Ekaitz Samaniego, Eukene De los Aires, Iñaki Cabeza, Maddi Agirre, Markel Yoller, Oier Arbina, Orlando Arreitunandia, Unai Gomez, Unai Mendibil, Xabier Antia eta Xabier Lasa. Gogoratu zutenez ere, Iñaki Viñaspre izan zen 2019ko txapelduna eta Manex Agirre bigarrena. Aipatutakoaz gain, lehen aldiz parte hartuko dute bederatzi bertsolari hauek: Aitor Najera, Ander Aranburu, Danel Herrarte, Eukene De los Aires, Iñaki Cabeza, Maddi Agirre, Markel Yoller, Unai Gomez eta Xabier Antia. Hala, bederatzi aurkezle izango dira bederatzi saioa eta finalak aurkeztuko dutenak eta 11 gai- jartzaile taldean gaiak sortuko dituztenak.
Xehetasun horiez gain, lehiaketa nola egingo den ere azaldu zuten elkarteko kideek. Ildo horretatik, 2022ko txapelketan parte hartu nahi eta onartuak izan diren guztien artean osatuko dira zortzirenak, baita 2019ko txapelketako finalistak ere. Sei bertsolariz osatutako bost saio izango dira, denera 30 bertsolarik parte hartuko dute. Gainera, 2019ko txapelketaren sailkapena erabiliko da final zortzirenetako saioak osatzeko. 2019ko txapelketan parte hartu ez zuten bertsolariak 2019ko sailkapenaren bukaeran kokatuko dira hurrenkera alfabetikoan.
Final zortzirenetan, saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da hurrengo fasera eta gainontzeko bertsolariak puntuazioaren arabera sailkatuko dira. 18 bertsolari sailkatuko dira hurrengo faserako. Final laurdenari dagokionez, 18 bertsolariz osatuta egongo da eta hiru saiotan banatuko dira. Bestalde, finaleko saioa sei bertsolarik osatuko dute. Sarrerak www.bertsosarrerak.eus webgunean eskura daitezke. Hala ere, aretoko aforoa bete ezean, saioetako sarrerak lekuan eta egunean bertan erosteko aukera izango da.
Txapelketaren abiapuntua
2019an Arabako bertsogintzak bertsolaritzan eta euskalgintzan egindako bidea nabarmendu nahi izan zuen txapelketaren bitartez. “Aurtengoan ere bide horretatik jarraitu eta eraikitako zubiek eta urteetan pausuz pauso eginiko lanak duen garrantzia goraipatu nahi dugu”, azpimarratu zuten.
1982an, Arabako lehenengo bertso-eskolak martxan ipini ziren Gasteiz eta Aiaraldean. 1984an, lehenengo Arabako Txapelketa izan zen. 1993an, Arabako Bertsozale Elkartea sortu zen. “Ordutik hona hainbat sariketa, proiektu, egitasmo, hausnarketa... Ordutik hona Arabako bertsogintzak bere bidea egin du”, kontatu zutenez. “Gaur egun, herrialde osoan lantzen da bertsolaritza ikastetxez ikastetxe, eskualde gehienetan daude bertso-eskolak eta gaztetxo zein helduentzat ematen dira bertsogintza tailerrak.
Arabar geografia osoan zehar burutzen dira formatu ezberdinetako bertso saioak. Eskualde denetan lantzen da bertsogintzaren sustapena zein transmisioa eta gehienetan daude bertsolari, gai jartzaile edota epaile trebatuak. Pausuz pausu eraikitzen doan bidea”, ondorioztatu zuten.