- Durangoko Azokaren sorreran parte hartze handia izan zuen Leopoldo Zugaza izan zuen gogoan atzo Bingen Zupiriak, Kultura eta Hizkuntza Politikoko sailburuak San Agustin Kulturgunean ospatu zen inaugurazio ekitaldian. “Duela 56 urte sortutako jaiotzaren oinarrian egon zen ikuspegi horrek bete-betean balio digu bizi ditugun garai hauetan ere. Aldaketak aldaketa Durangoko Azoka nekez irudikatzen dugu aurrez aurreko presentziarik gabe eta literatura eta musikaren inguruko joan-etorririk gabe”, adierazi zuen sailburuak Gontzal Mendibil abeslariak -duela hilabete batzuk zendutako Xeberriri keinu eginez- eta Jon Ander Urresti antzezlariaren emanaldiak izan zituen ekitaldian zehar.
“Bizi dugun pandemiak gertaera asko baldintzatu izan ditu, eta, tartean, Durangoko Azoka. Litekeena da, auskalo, pandemia urteetan egotea gurekin eta gure artean. Pentsatu egin beharko dugu nola mantendu ditzakegun modu seguruan, nola antolatu eta garatu nahi ditugun ekimen horiek”, gaineratu zuen sailburuak. “Aurtengoan, zaitasunak zailtasun eta osasun neurriekin bada ere, Durangon batzeko aukera daukagu aurrez aurreko Azoka berreskuratuta. Hori baita Azokaren berezko izaera eta xede: sortzaileen eta kulturazaleen topaleku izatea”, aitortu zuen Nerea Mujikak, Gerediaga Elkarteko presidenteak.
Ekitaldian Lorea Bilbao, Euskara, Kultura eta Kirol diputatuak ere parte hartu zuen. Bere esanetan, Azoka “gure herria eta komunitatea bizirik dagoenaren adierazpenik argiena da. Jende askoren eta erakunde askoren ahalegin partekatuaren isla da”. Bestetik, Ima Garrastatxu Durangoko alkateak, “kultura zibikoari” egin zion erreferentzia, bisitariei berau Landakon eta Landakotik kanpo pratikara eramateko eskaera eginez.