Nazka, emozio desatsegin gisa lotzen da. Gustuko ez dugun emozioa, nazkagarria. Baina Mikel Valverde gasteiztarrak eta Peru Magdalenak emozio interesgarri eta dibertigarri bihurtzea lortu dute. Magdalenak, idazle gisa, eta Valverdek, ilustratzaile gisa, haurrentzako ipuin bat argitaratu berri dute, Nazkatasuna izenekoa,Kuku! Emozio bildumaren barruan Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak duen nazkaren emozioa gai nagusitzat hartuta.

Hala, Mikel Valverdek DIARIO DE NOTICIAS DE ÁLAVA egunkarian azaldu duenez, ipuin honen gai nagusia nazka da, baina modu dibertigarrian kontatzen du, helburua, hain zuzen ere, dibertitzea baita. “Peruk eta nik asko mimatu eta landu dugun ipuina da. Berak oso istorio dibertigarria eta ondo kontatua egin du, eta ni irudiarekin eman daitekeen guztia ematen saiatu naiz, oso ipuin osatua izan dadin haurrentzat”, azaldu du. Ildo horretatik, istoria honi kolorea eta irudia emateko egindako irudietan, animalia protagonistekin sakoneko istorio bat sortu duela dio.

Izan ere, istorio honetako protagonista nagusiak, nola ez, haurrak, gizakiak dira. Baina ipuinaren hasieran, Peru Magdalenaren istorian azaltzen da animaliak bazkaltzen ari direla, eta Valverdek behi eta ardi dibertigarri bat sortu ditu; hau da, ipuinean protagonistak bihurtu dira istorio honen orrialdeetan. “Nire helburu nagusia haurrak dibertitzea da. Argi dago liburuek balioak izan behar dituztela, baina niretzat, batez ere, pertsonaia onekin egindako kontakizuna izan behar du, haurrak istorioaren barruan sartzea lortuko duena. Oso garrantzitsua da istorio horretan zerbait gertatzea, haurra zerbait bizitzen egotea, horrek haurrengan emozio desberdinak pitz ditzan eta zerbait berria, desberdina bizi izan dutela senti dezaten”, dio. Eta horixe landu dute, hain zuzen ere, nazka protagonista duen ipuin honetan. Emozio hori, nazka dagoenean zer sentitzen den, nolakoa den, pertsonei nazka zer eragiten dien... jakin ahal izango dute, baina modu dibertigarrian erakusten dute.

Ikaselkar hezkuntza argitaletxeak Kuku! emozio bildumako azken bi album ilustratuak argitaratu berri ditu, tristura eta nazka ardatz hartuta. Honela, oinarrizko sei emozioak lantzeko -haserrea, sorpresa, poza, beldurra, tristura eta nazka-ipuin bana aurkituko dute irakurleek bilduma honetan, emozioak lantzeko beste horrenbeste horma-irudi eta jolasekin batera. Tristurari buruz idatzi du Joseba Sarrionandiak, eta Irrimarra ilustratzaile taldeak hitzak eta irudiak josi ditu, marrazkiak orriz orri liburuan bordatuz. Esan bezala, Peru Magdalena idazleak eta Mikel Valverde ilustratzaileak, berriz, nazkaren inguruko ipuina sortu dute.

“Kuku! bildumaren baitan, bi urtetik gorako haurrekin oinarrizko emozioak lantzeko baliabide sorta eskaintzen du Ikaselkarrek, hala nola, album ilustratuak, horma-irudiak eta jolasak. Sentitzen dituzten emozioak ezagutzen, horiei izena jartzen eta erregulatzen ikasiko dute haurrek. Pedagogian aditu diren profesionalek proposatutako edukietatik abiatuta sortu dira elementu hauek guztiak”, azaldu zuten aurkezpenean. Bi liburu ilustratu hauekin batera, bilduma ondorengo albumek osatzen dute: Agurtzane Ortiz eta Enrique Morenteren Sorpresa!; Iñigo Astiz eta Leire Salaberriaren Haserrea; Karmele Jaio eta Mikel Casalen Putz egin eta ikusiko duzu (beldurra lantzeko); eta Maite Mutuberriaren Irrimola (poza lantzeko). “Hasieratik gustatu zait ipuin hau. Oso ondo idatzita eta prestatuta dago, eta askatasun osoz lan egiten utzi digute, azken emaitza polita, dibertigarria eta erakargarria izan dadin haurrentzat. Niri asko gustatu zait, Peruren lana ere apartekoa izan da; mimoz lan egin dugu biok, eta uste dut sortutako ipuinean islatuta geratzen dela lan hori, familiei gustatuko zaie”, ondorioztatu du Mikel Valverdek.

“Hasieratik gustatu zait ipuin hau. Oso ondo idatzita dago, eta astasun osoz lan egiten utzi digute, azken emaitza erakargarria izateko”

“Peruren lana apartekoa izan da; mimoz lan egin dugu biok eta uste dut sortutako ipuinean islatzen dela hori”