“Ondoan dudan neska honek Berta izena du, eta gurekin egongo da hemendik aurrera. Ongi etorri gure taldera, Berta! Zerbait esan nahiko zenuke beste guztiok zu ezagutzen hasteko-edo?”, galdetzen diote ikasle berriari. “Egunkarietan eta telebistan nire jaiotzaren berri eman zuten, oraindik ere amaren tripan nengoela, komunikazio sistema berri bat asmatu nuelako”. Burutsua da, lagunen laguna, dibertigarria eta irudimen handikoa. Berezia, hitz batean esanda, Txabi Arnal eta Edu Zelaieta idazleentzat. Eta hortik dator hain zuzen ere liburu berri honen izenburua: Berta Berezia. Erein Argitaletxearen eskutik, eta liburu-denda guztietan salgai, Edu Zelaieta eta Txabi Arnal, Alexandre Fernández ilustratzailearekin batera, 68 orrialdeko liburu hau argitaratu berri dute, 10 eta 13 urte bitarteko haurrak dibertitzeko eta entretenitzeko, Bertaren irudimenarekin eta abenturekin.

Liburu honekin, ez da idazle hauek elkarrekin liburu bat argitaratu duten lehen aldia. Izan ere, 2018an beren irudipenetatik istorio bat sor-tzeko esperientzia hori probatu zuten, eta hainbeste gustatu zitzaien esperientzia, non berriro errepikatu duten. Orduko hartan, beren irudimena umeentzako izan zen, baina orain helduagoengana iritsi nahi izan dute. “Esperientzia polita izan zen liburu bat elkarrekin idaztea. Unibertsitateko irakasle gisa ordu asko partekatzen ditugu, eta, gainera, lagun onak gara; beraz, gustura egon gara elkarrekin lanean”, dio Eduk. Beraz, Berta Berezia ia bakarrik jaio zen, kontzeptuak batera-tzeko ahalegin handirik egin gabe. Hain zuzen, liburu dibertigarri hori sortzeko ideia ahalik eta modurik harrigarrienean sortu zen. Gogoeta batetik, hain zuzen. “Arratsalde batean, Durangoko Azokatik Gasteizera itzuliz, hausnarketa bat egin genuen. The Beatles taldearen hasieran arrazoi pertsonalengatik bateriak taldea utzi zuela gogoratu genuen. Eta arratsalde hartan horren gainean aritu ginen. Damutuko al litzateke taldea utzi izana taldeak lortu duen arrakastaren ondoren?”, hausnartu zuten. Horixe izan zen, hain zuzen ere, jatorrizko ideia. Taldea hain ospetsua izan baino lehen bertatik alde egitea erabaki zuen kidearen alderik ilunena kontatzea. Hala ere, lanordu, ikasketa, dibertsio eta elkarrizketen ondorioz, biek erabaki zuten Berta izango zela liburu honen protagonista; oso gazte berezia, dibertigarria, lagunen oso laguna baina eguneroko bizitzan bihurrikeri ugari egiten dituena.

Berta dibertsioa maite duen gazte bat da. Asko gustatzen zaio ondo pasatzea, lagunei leial izatea, eta irakurle askok sentituko dira berarekin identifikatuta. Adibidez, istorio horien artean lehen musuarena dago, pertsona askorentzat une ahaztezina. Liburu honek gogoetara gonbidatzen duen kapitulu gogorragoa ere badu, balioen garrantziari buruzkoa. Baina ez da asmo didaktikorik duen liburua. Txabi eta Edu idazleek azaltzen dutenez, liburu honen helburu bakarra da umeak entretenitzea eta irakurketaren eta plazeraren bidean gidatzea. “Liburu honek ez du inolako asmo didaktikorik, nahiz eta gu irakasleak izan edo, hain zuzen, irakasleak garelako, ez dugu haur-literatura gogoeten bidetik eraman nahi izan. Haur-literatura artea da, dibertigarria. Plazeraren bidetik gidatu nahi izan dugu”, dio Txabi Arnalek. “Badira kapitulu sakonagoak, baina gure helburua da txikienen literaturak duen garrantzia erakustea eta entreteni-tzea”, erantzun du Edu Zelaietak.

Gainera, anekdota gisa, liburu hau pandemia baino lehen idatzi zen, baina koronabirusak bere aurkezpena geldiarazi zuen. Orain, Berta Berezia liburu-denda guztietan dago eskuragarri, baina, gainera, laster kaleratuko da bi idazle horiek elkarrekin idatzi duten hirugarren liburua ere. Txatxani handiaren azken trukoa izango da. “Momentuz, irakurle guztiek Bertarekin gozatzea nahi dugu, guk istorio hauek idaztean gozatu dugun bezainbeste. Bigarren zati bat egotea gustatuko litzaiguke, baina irakurleek erabakiko dute hori, momentuz batek daki!”, ondorioztatu dute.

Alexandre Fernandezek ilustratutako liburua da, Erein Argitaletxeak argitaratua. Euskaraz idatzita eta 68 orrialde ditu

Txabi Arnal eta Edu Zelaieta idazleek elkarrekin argitaratzen duten bigarren liburua da ‘Berta Berezi’, berriki argitaratua