- Kopla Arabara itzuli da, Arabako Bertsozale elkartearen eskutik. Izan ere, elkarte honek abiatutako Altxa kopla hori! ekimenak emanaldia eskainiko du gaur Luiaondoko frontoian, 20:00etan. Proiektu honen bigarren saioa hilaren 15ean izango da, Aramaioko Kultxu etxeko parkean, ordutegi berean, 20:00etan, zehazki. Bestalde, irailerako ere beste hiru saio antolatu dira.
Altxa kopla hori! egitasmoaren hirugarren edizioa da aurtengoa. Aurreko biak banakako Txapelketa urteetan egin ziren, udaberri-uda aldera. "Banakako Txapelketa egiten zen urteetan ikusten genuen udaberri-uda aldera saio informalagoak behar genituela bultzatu, hau da, neguan zehar txapelketan oholtzako saio serioagoak izan genituela eta udaberri-uda aldera saio ludikoagoak behar zirela. Eta saio musikatu batzuk egitea bururatu zitzaigun eta gainera pixka bat zehaztuago izanda Kopla neurrian izatea", azaldu du DIARIO DE NOTICIAS DE ÁLAVA egunkarian Uxue Diaz de Ceriok, elkarte honen sustatzaileak. Eta horrela sortu zen, hain zuzen ere, koplak Arabara ekartzeko eta bertsozale guztiak eta bertaratutakoak hartaz gozatzeko ideia. Gainera, egitasmo hori musikariek lagundutako saio multidiziplinarra da, "beraiek jotako melodian sartu behar dira bertsolariak bertso ariketa batzuetan, elkarlanean", dio Uxue Diaz de Ceriok eta erantsi egiten du: "Doinuak, kopla doinuak dira, hau da, esan genezake edo gaizki esanda bertso erdi bat dena. Izan ere koplak bertso laburrak izanda ere gorputz komunikatibo oso bat dira eta asko adieraz dezakete. Euskal Herriko kopla doinu tradizional eta egungoetatik aparte, bertso koplak enkajatzen duten bestelako doinuren bat ere erabiltzen da Habanatik datorren doinuren bat esaterako". Hala, eta ildo beretik, 2017an hasitako bideari ekinda, 2021ean Altxa Kopla Hori! bertso musikatuen egitasmoa jarri du martxan Arabako Bertsozale Elkarteak, bertsozaleei kopla doinuekin gozatzeko aukera eskainiz. Lagun arteko formatuan, kalean, musikaz lagunduta eta kopla oinarri hartuta bost saio antolatu dira. Arabako 20 bertsolarik, bost gai jartzailek eta lau musikarik parte hartuko dute, adin, herri eta belaunaldi ezberdinetakoek. Kalean edo plazan, taburetetan edota aulkitan eserita, doinu batzuk musikaz lagunduta eta entzuleengandik hurbil. Luioandon, emango zaio hasiera egitasmoari gaur eta hilaren 15ean izango da bere bigarren saioa, Aramaion. Bestalde, irailean beste hiru saio ere antolatu dira, nahiz eta oraindik ez diren eman ekitaldi horien ordutegiari eta lekuari buruzko datuak. "Ordu eta erdi pasatxoko saioak, alde batetik musikarien doinu ederrak eta bestetik koplen koplak, umoretik eta jolasetik eskainiko ditugu entzuleen gozamenerako", esan du. Ekitaldi honen helburuetako bat, gainera, gozatzeko giro egokia sortzea da: "Uda iluntzetako giroa, trantsizioko uda honetan, plaza eta herria alaitzeko giroa".
2020ko martxoan hasitako koronabirusaren pandemiak bete-betean jo zuen kulturaren sektorea. Normaltasunera itzultzea ez da erraza izaten ari, baina gero eta gehiago egiten da sektore hori indartzeko. Izan ere, horrelako ekimenek gogorarazten dute herritarrek ongi pasatzeko beharra eta kultura sortzen jarraitzeko beharra dagoela. Elkarte horretatik Uxue Diaz de Ceriok dioenez, ez da erraza izaten horrelako ekitaldiak sortzen jarraitzea. Hala ere, eta ezartzen diren covidaren aurkako segurtasun-neurriak kontuan hartuta, ziurtatu du herritarrak kultura-ekitaldiekin berriro konektatzen ari direla: "Pandemiak dena zaildu du, saio gutxiago, publiko gutxiago... Baina poliki-poliki jendea animatzen ari da kultur ekintzetaz disfrutatzera, behar-beharrezkoa baitugu arimak kulturaz bustitzea. Beraz, kalean diren saioak izanda eta beharrezko diren segurtasun distantziaz lukututako jarlekuak egonda, nik espero dut plazak betetzea", dio. Lehen hitzordua gaur izango da, arratsaldeko 20:00etan, eta Paula Amilburu, Manu Bendala, Aitor Najera eta Felipe Zelaieta bertsolariek hartuko dute parte. Uxue Diaz de Cerio gai jartzailea izango da eta musikariak Unai Mendibil eta Nahiara Eizagirre izango dira. Irati Anda, Manex Agirre, Xabi Antia eta Orlando Arreitunandia izango dira bigarren saio horretan. Eli Plazaola gai jartzailea izango da eta Unai Mendibil eta Mikel Goikuria musikariak.
Arabako Bertsozale Elkarteak antolatu du jarduera hori, eta Eusko Jaurlaritzaren eta Aiarako Udalaren laguntza dauka. Horrez gain, ekitaldia parte-hartzaileentzat segurua izan dadin beharrezkoak diren osasun-neurriak ezarri dira; besteak beste, publikoaren eta toki-kopuru mugatuaren arteko distantzia, elkartetik gogorarazi dutenez.
Lehen hitzordua gaur izango da, arratsaldeko 20:00etan. Guztira, 45 lagun inguru hartuko dute parte saio guztietan
Lagun arteko formatuan, kalean, musikaz lagunduta eta kolpla oinarri hartuta, bost saio antolatu dira guztira irailera arte